Chey Jurado eta Filipe Moreira 2023ko Dantzaldiko izen nagusien artean
2023-08-17 13:03 KultureaBilboko Nazinoarteko XXIV. Jantza Jaialdia irailetik abendura egingo da.
Dantzaldia 2023k, Bilboko Nazinoarteko Jantza Jaialdiaren XXIV. edizinoak, hamar hitzordu ekarriko ditu Bizkaira irailetik abenduaren erdialdera arte eta jantza garaikidearen egungo jokerak erakutsiko ditue, bai tokikoak, bai estadukoak, baita nazinoartekoak be. Aurten, programautako ikuskizunak sorkuntza garaikideak izango dira, baina errotik, tradizinotik sortuak.
Egitarau osatzeko dauan arren, dagoeneko jakinarazi dira aurtengo karteleko artista nagusien izenak, estareko, urriaren 3an, Bilboko Arte Ederen Museoan (igaz harrera ona izan ondoren, aurten be jaialdiaren egoitzetako bat izango da), Chey Jurado eta Ertza euskal konpainia oholtzara igoko dira. Lehenengoak, Javito Marioregaz batera, Samsara piezea interpretatuko dau. Bigarrenek Otempodiz taularatuko dabe, Asier Zabaleta gipuzkoarrak, Fenias Nhumaio eta Deissane Machava mozambiketar dantzarientzat egindako koreografia hain zuzen be.
Zemendiaren 11n, Guggenheim Museoa izango dira Estévez / Paños y Compañía, 2019ko Jantzako Sari Nazinonalaren irabazleak. Rafael Estévezek eta Valeriano Pañosek pieza laburren triptiko bat aurkeztuko dabe.
Barakaldo Antzokian aldiz, Acciones sencillas lanaren estreinaldia ikusi ahal izango da, Jesus Rubio Gamo jantzari eta koregrafoaren eskutik. Nazinoarteko presentziari jagokenez, Filipe Moreira Portugesaren Escuta pieza eskainiko da La Fundición aretoan (urriak 29).
Sarrerak laster egongo dira salgai Kutxabank sarean. Gainera, Dantzaldia Jaialdiak egoitza gehiago baieztatu ditu, Rekalde Aretoa eta Azkuna Zentroa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!