Aiora Renteria: 'Danok gustora eta bildur barik ibiltea nahiko neuke'
2023-08-14 07:55 BarriketanAste bat baino ez da falta aurtengo Aste Nagusia hasteko eta, hortaz, txupinerea eta pregoilaria alkarrizketau ditu Bizkaie!-k.
Renteriak eta Pinedok hilak 19an, jantziko ditue jagokezan jantziak: pregoilariak, jaka horia eta adar biko txano baltza; txupinereak, jaka eta txapel gorriak.
Beraz, Aiora Renteriak irakurriko dau pregoia, Zea Mays taldeko kantariak, eta Izaskun Pinedok botako dau txupina. Zea Mays rock-talde euskalduneko kantari eta konposatzailea musikan egindako bide luzeagaitik izan da hautatua: 25 urte baino gehiago egin ditu agertokietan.
Bestalde, Pinedo, erizain bilbotarra, Pinpilinpauxa konparsako kidea da gaztetatik. Hain zuzen be, txikitatik izan dau txupinera bezela Aste Nagusiari hasierea emoteko amesa.
Aiora Renteria
1.- Jaien hasiera-data hurreratzen dago, zelan zabiz biziten azkenengo egun honeek?
Oporrak aprobetxetan, jaiei aurre egiteko, izan be, agenda estua daukagu. Beraz, mendian eta hondartzan denporea pasetan eta lasai hartzen nago.
Agendeari jagokonez, goizeko 10:00etatik gaueko 10:00etara beteta daukagu, hortaz, alde batetik bestera ibiliko gara Aste Nagusiko egunetan. Ikusten eta ezagutzen dogun guztiaz disfrutetan.
2.- Zelan sentiduten zara jaietako pregoilari rolean?
Oso harro. Maite dozun zeure urian holako gauza batean parte hartzea ikaragarria da, harro sentiduteko motiboa da.
Gogoz nago Aste Nagusia barrutik biziteko, baina urduri eta emozionauta be banago. Batez be, Arriagako balkoian agertzeak dakarren tensinoari zelan eutsiko deutsadan ez dakidalako.
3.- Beraz, eszenatokietara ohituta egon arren, bertigoa emoten dau Arriagako balkoiak?
Oso ezbardina da. Azkenean, eszenatokian be, oso urduri jarten naz, izan be, personen aurrean kantau behar da, ondo egin behar dira gauzak... baina kontralauta ditugun gauzak dira.
Baina jaietako pregoneres izatea ezbardina da, persona danak zu ikustera datoz, entzutera. Hau guztiau jai giro batean, sekulalako aste potente bat zabaltzera, orduan urduritasun eta errespetu handia daukotsat egoereari.
Azkenean jentetzea batzen da Arriagako plazan eta danak egoten dira juergarako prest [barreka].
4.- Musikariak beti zabizie alde batetik bestera. Zelan bizi izaten dozu Aste Nagusia?
Edozeinen moduan ez, egia esan. Orain arte, aste nagusia gauez ezagutu izan dot gehiago, kontzertuz kontzertu eta txosnetara hurreratzen arratsaldeetan, Gauzak kasualidadez topau eta disfrutauta.
Izan be, ez dot inoiz programa ofiziala begiratu, kontzertuena bakarrik. Beraz, oso ezbardina da niretzat. Gaua bizi izan dot gehiago eta aurton jai osoak biziko ditut, zer dagoan ikusiz eta konparsek urte osoan egin daben lanaz disfrutauta.
5.- Bilbotarrei mezu berezik emon gura deutsezu?
Mezua egun berean emongot, baina ez gagoz diskurso hain garrantzitsu bat emoteko, ondo pasetako gagoz eta jai garbi batzuk izateko gogoz. Hori bai, jai lasai lasaiak izatea, mundu guztia gustora ibiltea eta bildur barik kaletik ibili ahal izatea markau nahi dot.
Izaskun Pinedo
1.- Zer sentidu zenduan Aste Nagusiko txupinerea iznago zinela jakinarazo eutsuenean?
Egia esan behar badot, negarrez hasi nintzan.
Konparsero bakotxak online emon behar eban botoa eta ni hautatuen artean egotea be nahikoa da. Botazinoa amaitu eta aukeratua izan nintzanean, kalean nengoan, baina, halan da be, ezin izan neutsun malkoei eutsi.
2.- Txupinera lez, zelako Aste Nagusia nahiko zeunke?
Jai lasaiak izatea gustauko jatan, arazo barik eta danek gozetea.
3.- Zelan definiduko zeunke Pinpilinpauxa? Zer baldintza eta ezaugarri dituzue?
Pinpilinpauxa irabazi asmorik bako alkartea eta izakera edegia dauen konparsea da. Aniztasun handiko eta danetarko nortasuneko personez osotua, ondo pasetea dau helburu nagusi. Gainera, beste gauza askoren artean, sexu adierazpen askatasuna aldarrikatzen dogu.
Pinpik ekintza ugari atondu ditu aurten be, besteak beste, trabesti-poteoa (eguaztenean, hilak 23), GKE bati zuzendutako turno solidarioa eta bertako eszenatokian eskainiko diran eguneroko emonaldiak.
4.- Zelan bizi izan dozu orain arte Aste Nagusia?
Pinpian [barrez]. Arratsaldez, gauez... Beti be, txandak egiten edota kontzertuetaz disfrutetan. Txikitatik bizi izan ditut jaiak Pinpin, lau urtetxogaz egunean zehar bertan egoten nintzan poz-pozik
5.- Bilbotarrei zein guerra etorriko diranentzako mezurik?
Jaiak bizi eta gozau deiezala. Gustu guztietarako ehunka ekitaldi edo ikuskizun dagoz atonduta eta, beste alde batetik, inor zapaldu eta erasotu barik, errespetau gaitezala alkar.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!