Kepa Junkeraren omenezko kontzertua Getxo Folk Jaialdian

Bizkaie! 2023-08-04 09:49   Musikea

Jaialdiaren 39. edizinoa irailaren 13tik 17ra bitartean izango da.

Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdia irailaren 13tik 17ra itzuliko da. Eskaintza nagusien artean, Hevía musikari asturiarra, La Pegatina eta Mago de Oz bandak edota Kepa Junkeraren omenezko kontzertua nabarmendu behar dira.

Guztira, 15 kontzertu izango dira. Aurreko edizinoan antzera, Muxikebarri izango da ordainpeko kontzertuen eszenatokia (20:00) ta horreei dobako eskaintzea gehitu behar jake. Beraz, jaialdia Areetara bueltauko da, aire zabaleko programazinoagaz. Bertan, askotariko taldeek eta artistek joko dabe ordutegi ugaritan (13:00, 17:00, 18:00 eta 21:00), familia osoak, belaunaldi anitzeko publikoa eta gazteei hurreratzeko helburuagaz. Gainera, jantza eta bertsoak buztartuko dira.


Horrezaz gan, Ereagako hondartzan kontzertu bi egingo dira, doban, Estaduko musika talde ezagunen eskutik: Mago de Oz eta La Pegatina hain zuzen be. Abuztuaren 15 eta 16an izango dira, hurranez hurran.

Ordainpenko kontzertuei jagokenez, derrigorrezko hitzordu bi ditue soinu tradizionalak maite daben zaleek, izan be, inaugurazino egunean, irailaren 13an, nazinoartean ospe handiko euskal musikarietako bat omenduko da: Kepa Junkera. HAUsPOZ izeneko kontzertuan, Oreka TX, Ibon Koteron, Kukai Dantza, La Cobla de San Jordi, Uxia, Budiño, Pandereteras del Barrio, Xabi Aburruzaga, Agurtzane eta Ion Elustondo eta Maixa Lizarribar lako artista eta taldeak batuko dira. Bertan, Kepa Junkerak Getxo Folkagaz dituan hartu-emon estuak nabarmenduko dira, haren proiektu asko jaialdian hasi baitxiran.

Sarrerak

Getxo Folkeko sarreren eta abonuen salmentea abuztuaren 7an hasiko da Kultur Etxeko ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea) eta Kutxabank sarearen bitartez.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu