Gorka Ortiz 'Ez genduan espero lehenengo urtean irabaztea'
2023-08-07 07:55 BarriketanGorka Ortiz Bizkaia Formula Student-eko Driverless Manager-a.
EHUko Injinerutzako ikasleek Formula Studenteko txapelketako irabazleak izan dira gidaririk bako auto diseinu modalidadean. Entzute handikoa da txapeleketea, izan be, mundu osoko 20 unibersidadek hartzen dabe parte. EHUko hirurogei ikasle eta hiru irakasle izan dira Erresuma Batuko Silverstone zirkuituan.
Txapelketearen helburua, injinerutza lan ona egitea da, abiadureari garrantzia gitxiago emonez, beraz, proba bi egiten ditue: Dinamikoa eta estatikoa. Puntu gehien emoten dauan probea, dinamikoa da, izan be, bertan ikusten da autoen injinerutza arloan egindako lana egokia dan ala ez.
Lehenengo aldia izan da EHUko ikasleek gidaririk bako autoa aurkezten eta, beraz, oso harro bueltau dira Euskal Herrira.
Bizkaie!-ek arduradunagaz berba nahi izan dau eta, beraz, Bizkaia Formula Studenteko Driverless Manager-agaz egin dogu berba, Gorka Ortizegaz, Hain zuzen be.
1.- Zelan heldu zara Formula Student Bizkaia proiektuan parte hartzera?
Formula Student Bizkaia proiektua, San Mames Injinerutza Unibersidadeko proiektua da. Bertan, gradu eta masterreko ikasleek parte hartzen dabe eta 2006 urtean hasi ziran konbustinoko kotxe bat diseinetan, fabriketan eta balidetan. Hortik aurrera, urtero, kotxe barri bat egiten da.
Nik neuk 2021. urtean aurkeztu neban neure burua proiektuan parte hartzeko, izan be, betidanik kotxeak interesau izan jataz. Hasieran, simulazino taldean sartzeko interesa neukan ez egoalako gidaririk bako talderik, beraz, aitatu talde horretan, sortzeko prozesua oso interesgarria begitandu jatan eta gaur arte egon naz talde horretan, gainera, aurten txapelketara joan garen lehen urtea izanda, pozarren gagoz.
2.- Beraz, injinerutza informatikoa ikasi dozu. Zelan aplikau dozue ikasitakoa kotxean?
Bai, injinerutza informatikoa ikasi eta aurten amaitu barri dot. Graduan, batez be, programetan erakusten deuskue hainbat hizkuntzatan, baina gauza gitxi mundu horri buruz, izan be, gauza horreek masterrean ikasten dira. Proiektu horretan, beraz, bai area elektrikoan bai autonomoan be, ez da aurreko ezagutzerik behar, gauza barriak ikasteko gogoa eta konpromisoa baino.
Urte gehiago daroezanek barriei erakusten deuskue era praktiko zein teorikoan, formazinoa emonez. Gomendatzen dot, izan be, ate asko zabaltzen dagoan mundua da.
3.- Zelan zagoze organizauta? Bakotxak kotxearen atal bat egin behar dau?
Proiektua, piramidea lako forman oinarrituta dago: electronics, chasis, dynamics, powertrain, simulation, organization eta driverless (geurea) dira taldeak. Behean, sartu barri dagoz, hau da, rookieak. Horreen gainean, urte gehiago daroazen partaideak dagoz, eta horreetako bat manager postuan. Managerak izandakoak, technical managerak izango dira hurrengo urtean, proiektua gainbegiratzen eta talde guztiei laguntzea emoten eta horreetako bat, taldeko team leadera izango da, proiektuko arpegia. Hau guztia, 3 irakaslek koordinetan dabe.
Aurten, driverless taldeko burua izan naz eta nire ardurapean 10 taldekide izan ditut.
4.- Taldeko burua izanik, zer esango zeunke dala zure postuan garrantzitsuena?
Buruzagi postuan garrantzitsuena, lana ondo banatzea eta danak gustora egotea dala esango neuke. Azkenean borondatezko proiektua da eta gradua ondo amaitu ahal izatea nahi dogu. Aldi berean, gauzak aurrera eroan behar dira, beraz orekeari eustea da garrantzitsuena, beti giro ona bermatuz.
5.- Zelakoa izan da FS-Bizkaian parte hartzea?
Talde hau, familia handi bat da, lagun talde bat baino gehiago. Azkenean, egun eta gau asko pasetan doguz taldekideakaz, momentu oso politak biziten. Proiektua aurrera eroateko lan asko egin behar da, baina azkenean txapelketearen egunean lan horreek guztiak merezidu izan duela konturatzen zara.
6.- Zeintzuk dira kotxea egiteko pausoak? Eta egin beharreko probak?
Gure helburura, driverless taldeari erreparauta, EHUko lehen sistema autonomoa diseinau eta martxan jartea da. Horretarako, lehen urteetan ez dogu maila fisikoan garatzen autoa, izan be, FSkoek kotxe bat daukie prestauta eta bertan, sensoreak eta softwarea jartzeko proba ugari egin behar izaten doguz. Probak, txapelketa elektrikoan egindakoak dira; 75 metroko azelerazino probea; zirkuitu zarratu bati 10 buelta emotea; zirkuitu zabal bati buelta bat; eta, 8 formako bati buelta bi emotea. Horretarako, simulazinoan Landa behar da sistema osoa, taldekide bakotxari sistemako parte txiki bat emonez, ondoren, dana batuz.
Injinerutza txapelketea danez, eta ez lasterketa txapelketea, hainbat proba estatiko dagoz. Horreek, hainbat aurkezpenetan egingo dira, diseinu autonomoa defendiduta, izan be, diseinu onena erakusten dauen probea da. Gainera, gidatze automatizatuari buruzko ikerketa bat eta enpresa munduko adibide bat aurkeztu behar da.
7.- Formula Studenteko txapelketako irabazleak izan zarie gidarik bako auto diseinu modalidadean. Zelakoa izan da esperientzia?
Ez genduan espero irabaztea. Geure lehenengo urtea da, eta urte ugari darabilen taldeen kontra irabazi dogu, esate baterako, Oxford edo Edimburgo lako unibersidade oso garrantzitsuenei.
Lan asko egin dogu urtean zehar, sari honegaz lan hori benetan ona izan dala bermatu dogu eta aparta izan da guretzat. Gainera, txapelketako talde txikiena izan gara, dana hiruron artean eginez.
Esperientzia ederra izan da, batez be, gainontzeko unibersidadeakaz buru- belarri egon garelako, benetan eskertzekoa izan da emon deuskuen laguntzea. Txapelketea baino, lagun bilera bat emoten eban, batez be Vigo eta Madrilgo taldeakaz eta, beraz, bihotzez eskertzen deutsegu.
8.- Etorkizunari begira, zeintzuk dira taldearen hurrengo pausuak? Eta zeure ibilbide profesionalean?
Aurrera begira, txapelketan ikasitako ezagutza guztiak aplikau beharko dira geure sisteman, datorren denporaldian barriro bertara joateko helburua dogulako. Horrezaz gan, geure plataforma autonomo propioa egitea da asmoa, txapelketara eroango doguzan software guztiak probau ahal izateko. Horretarako motor, aktuadore eta komunikazino guztia jorratu beharko dogu, beraz, lan ederra dago datorren urterako. Finantzabidea da gure ardurea eta, beraz enpresaren bat interesauta balego berba egiteko prest gagoz.
Nik, tamalez, datorren urtean ez dot taldean jarraitzeko aukerarik izango sistema adimentsuei buruzko master bat ikasiko dodalako Donostian, baina taldea profesional onen esku ixten dot. Mundu horregaz hartu-emonetan segitutea gustatuko jatan, benetan unibersidadean gustau jatana topau dodalako, baina nork jakin zer dakarren etorkizunak...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!