Zirkua eta 73 atrakzino egongo dira Etxebarria parkean
2023-08-02 10:37 KultureaGunea, abuztuaren 11an edegiko dabe, irailaren 3ra arte.
Abuztuaren 11an zabalduko dabe barraken gunea Bilboko Etxebarria parkean, Aste Nagusia hasi baino egun batzuk lehenago. Ume eta heldu ugari erakarten dituan lekua da, ondo pasetako eta jaiak familian zein lagunartean gozetako. Autistek zaratakaz eta bat-bateko soinu aldaketakaz izaten dituen arazoak gogoan hartu ditu Bilboko Udalak aurten be eta ordutegi jakin batzuetan ume autistentzat egokia izango da jaigunea.
Inklusinoaren aldeko keinua da hori, ahalik eta persona gehienek gozau deien barrakez. Hain zuzen be, zaratarik bako eta soinu gorabehera gitxiko ordutegiak izango dira, barraketako arduradunek modu berezian jagongo dabe inpaktu akustikoa, abuztuaren 20, 23 eta 25 egunetan ezarri ditue arau bereziok, 17:00etatik 20:00etara.
Aurtengo Aste Nagusian, 73 atrakzino ipiniko ditue Etxebarria parkean: helduentzako hamaika, umeentzako beste hamalau, txurroak erosteko sei denda, danetarikoak erosteko hamasei etxola, lau taberna (terraza eta guzti), ikuskizunak, trebetasun-makinak eta ausazko jokoak. Ganera, ohikoa dan lez, zirkua be etorriko da Bilbora.
Gunea egunero zabalduko da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Ixteko ordua, ordea, dataren arabera izango da:
- Abuztuaren 19tik 26ra, 04:00etan zarratuko ditue (03:00etatik 04:00etara, soinu barik).
- Abuztuaren 13tik 17ra eta abuztuaren 28an, 01:00ean zarratuko ditue (00:00etatik, soinu barik).
- Abuztuaren 11, 12 eta 18an, eta irailaren 1ean eta 2an, aurreikusita dago 02:00etan zarratutea (00:00etatik, soinu barik).
- Abuztuaren 29, 30 eta 31n eta irailaren 3an, 01:00ean zarratuko ditue (23:00etatik, soinu barik).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!