'Bisita historikoak', abuztuan be martxan

Bizkaie! 2023-08-01 11:06   Kulturea

Arrola, Forua, Tribisburu, Ereñozar eta Katillotxu ezagutzera emongo ditue.

Bizkaiko Foru Aldundia erakundeak azaldu dauenez, Urdaibaiko ondare arkeologiko eta historikoa ezagutzeko atontzen diran Ibilbide historikoak abuztuan be egin ahal izango ditue herritarrek, bisiten egutegiak ez dauelako oporrik hartu. Eskualdeko antxinako biztanleen aztarnak eta bizimodua ezagutzeko aproposak diran bost proposamen dakarz egitarauak.

Gidariaren azalpenak entzuteaz gan, parte-hartzaileek gune arkeologiko bakotxeko ikerketa-zuzendariakaz berba egin ahal izango dabe. Honeek dira bost ibilbideak:

- Arrolako oppidum-a (Arratzu): Abuztuaren 5, 7, 14, 19, 21 eta 30an. Orain dala 2.500 urteko gotorleku eta bizilekuaren aztarnak. Tabletaren bidez errealidade areagotuan ikusi leiteke zelakoa zan ingurua han jentea bizi zanean.

- Foruko herrixka erromatarra: Abuztuaren 2, 9, 13, 17, 23, 26 eta 28an. Kasu honetan be, errealidade areagotuan ikusteko modua dago. I. mendean hasita, inguruko biztanleen eta urruneko merkatarien topaleku izan zan Forua.

- Tribisburuko nekropolia (Bermeo/Busturia): Abuztuaren 4, 6, 11, 25 eta 26an. Hildakoen errautsak eta hareei lotutako objektuak lagatzeko hamar gune topau ditue adituek.

- Ereñozar gaztelua (Ereño): Abuztuaren 3, 12, 16, 20, 24 eta 31ean. San Migeleko baseleizea hartzen dauen tontorrean, gotorlekua egon zan Erdi Aroaren hasikeran, baita nekropolia be.

- Katillotxuko estazino megalitikoa (Sukarrieta): Abuztuaren 10, 21 eta 24an. Historiaurreko dolmen bi eta hilobi kolektiboak topau ditue. 2005 eta 2008aren artean zaharbarritu eta bisitarientzako egokitu eben. Hiru egitura tumular be badagoz, baina oraindino ez dira sakontasunez aztertu.

Bisitaldi gidatuon inguruko argibide gehiago eskuratzeko edo izena emoteko,  webgunera jo leiteke edo 688 856 689 telefonora deituz. Bestela, eskuorriaren PDFa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu