Lehiaketan izena emoteko epea abuztuaren 7ra arte egongo da zabalik

Bizkaie! 2023-08-01 10:13   Zinemea

Euskal Zine Bilerea urriaren 19tik 22ra egingo da.

Aurten 46 urte beteko ditu euskerea eta zinemea batzen dituan Lekeitioko jaialdiak. Euskal Herrian bizirik dagoan jaialdi zaharrena da Zine Bilerea eta euskera hutsez egiten dan bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat. Edizino barri honetan berez garenagaz konektetan jarraitzea da asmoa, jaialdiaren oinarrietan sustraituz. Euskal Zinemeak herriagaz dauen loturea loratzea da helburua, zinemara joateko ohitureari balorea emonez.

Euskal Zine Bilerea ezaguna bada, lehiaketeagaitik da: Euskeraz produzidutako askotariko lanen erakusleihoa, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai ugari batzen dituana. Esangura horretan, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak egongo dira. Eta gainera, ikusleak be protagonista izango dira, lan bakotxari eurek emondako puntuaketen bidez erabagiko baitabe ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Lanak aurkezteko epea

Abuztuaren 7ra arte egongo da zabalik eta oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri. Aukeraketea egiteko orduan, Lea Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketearen barruan zein lehiaketaz kanpo.

Aurkeztutako lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko. Sail ofizialeko lanen egileei sariak emoteko ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igaroteko aukerea eskainiko jake. Film bakotxaren egileari gela bikotxa eskainiko jako. Gaua igarotera geratu ezin diran egileen kasuan dieta gastuak pagauko jakez.

Sariak ondokoak izango dira:

- Film onenaren saria: 3.000 €

- Zuzendaritza onenaren saria: 1.600 €

- Gidoi onenaren saria: 1.600 €

- Ikusleen saria: 750 €

- Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat): 750€

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu