Zazpi piroteknia Bilbo Su Artifizialen Nazinoarteko XXXI. Lehiaketan
2023-08-01 08:25 KultureaPirotekniak Oviedotik, Portugaletik, Valentziatik, Frantziatik, Leondik eta Erresuma Batutik etorriko dira.
Aste Nagusiko su artifizialek gauero etorriko dira Bizkaiko uriburua argitzera. Mundu osoan izen handiko zazpi piroteknia lehiatuko dira Bilbo Uria Su Artifizialen Nazinoarteko Lehiaketearen XXXI. edizinoan.
Hainbat lekutatik etorriko dira (Oviedo, Portugal, Valentzia, Frantzia, Leon eta Erresuma Batua) eta gauero lehiatuko dira abuztuaren 19tik 26ra, gaueko 22:30ean, nazinoarteko lehiaketeak emoten dituan sari handi biak lortzeko, Ikusleen Saria eta Epaimahaiaren Saria.
Batez beste 100.000 ikusle baino gehiago egoten dira gauero eta horrek esan nahi dau Bilboko Aste Nagusiko ospakizunetatik ondoen baloretan danetako bat dala. Itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen da, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan piztuko diran ikuskizunak ondoen ikusteko gunea.
Ondokoak dira Bilbo Uria Su Artifizialen Nazinoarteko Lehiaketearen XXIX. edizinoan izango diran zazpi pirotekniak:
- Abuztuaren 19an, zapatuan: Pirotecnia Devita (Oviedo).
- Abuztuaren 20an, domekan: Pirotecnia Minhota LDA (Portugal).
- Abuztuaren 21ean, astelehenean: Caballaer FX (Valentzia).
- Abuztuaren 22an, martitzenean: Aquarève (Frantzia).
- Abuztuaren 23ean, eguaztenean: Pibierzo Pirotecnia (Leon).
- Abuztuaren 24an, eguenean: Pyrotex Fireworks (Erresuma Batua).
- Abuztuaren 25an, barikuan: Pirotecnia del Mediterráneo (Valentzia).
Gainera, Valecea Piroteknia-k (Araba) erakusketako ikuskizuna emongo dau abuztuaren 26an, zapatuan.
Ikusleen Saria
Bilboko Udala, herritarren parte hartze bidezko sistemea sustatzeko helburuari eutsiz, Bilbo Uria Su Artifizialen Lehiaketako XXXI. edizinoan parte hartzeko aukerea emoten deutse herritarrei, ikuskizunik gogoenari botoa emonez. Holan, bada, herritarrek euren botoa bialdu ahal izango dabe ondoko formularen baterabilita: ‘Bilbao Aste Nagusia 2023’ mobikorrerako aplikazinoaren bidez, -AppStoren eta Google Playn behera kargau daiteke- edo abuztuaren 19tik 26ra El Correo egunkarian argitaratuko diran parte-hartze kupoien bitartez. Parte hartzen dabenek lehiaketaren babesleek emondako sariak irabazteko aukerea izango dabe.
Epaimahaiaren Saria
Lehiaketako epaimahaiak Aste Nagusiaren azken egunean, abuztuaren 27an, jakinarazoko dau nor dan irabazlea. Epaimahaiko presidentea Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia izango da; Euskalteleko kide bat, Bilbo Konparsetako kide bi, Zazpi Kaleetako Dendarien Alkarteko kide bat, Corte Ingléseko bat; El Correo egunkariko bat eta nazinoarteko ordezkeri bat. Gainera, aholkulari-lanetan ibiliko dira Valecea Pirotekniako ordezkariak.
Erabagia hartzeko epaimahaiak zenbait elementu izango ditu kontuan: Aire-espazioaren okupazinoa; purutasuna, intensidadea, distirea eta koloreen iraunkortasuna; aniztasun kromatikoa, argitasuna, dimensinoak, diseinu eta formen perfekzinoa, dotoretasuna, efektuen aniztasuna, sonoridadea, inguruagazko konjuntzinoa, originaltasuna, erritmoa eta onarpena jentearen partetik.
Suak ikusteko lekurik onenak
Bilboko Udalak itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen dau, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan piztuko diren ikuskizunak ondoen ikusteko gunea.
Ondoren, Arriaga Plaza, Areatzako gune batzuk, Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantin pasealekua, Etxebarria parkea eta Uribitarteko pasealekua, Zubizuritik Guggenheim-era, daude.
Ez dira gomendagarriak Arenaleko zubia, Udaletxeko zubia eta Zubizuri; gainera, hortik ez dira ondo ikusten lurreko eta altuera txikia hartzen daben suak.
Udaletxeko zubian, Zubizurin eta Arenaleko zubian -Erripa kalearen eta Arenaleko kaiaren artean- jente asko pilatzen da eta beraz, kontu handiz ibili behar dabe umeakaz doazenek edo mobiduteko zailtasunak dituenek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!