Lekeitio poesiaz girotuko dau 'Irailekoak' egitasmoak

Bizkaie! 2023-07-28 13:26   Kulturea

Euskaltzaindiak atonduta, irailaren 30etik urriaren 1era izango da.

Euskaltzaindiak, literaturea adierazteko, poesiari eskainitako asteburua atonduko dau Bizkaiko kostaldeko herri horretan. Lekeitioko Udalaren babesa izango dau, eta herriko eragile batzuekaz alkarlanean egingo dabe; Kitto merkatarien alkartea, Sociedad Recreativa eta Lekitto Musika Banda hain zuzen be. Irailaren 30ean emongo deutse hasierea, egun osoz eta urriaren 1ean goizez bakarrik.

Irailekoaken euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, baita irakurraldien eta errezitaldien bidez be. Era berean, beste bazter batzuetako poetek be parte hartuko dabe, besteak beste, katalanez idatzitako poesia garaikideko ahots esanguratsuak. Poesiagaz batera, hainbat adierazpide buztartuko dira, esaterako, musikea eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emongo ditu Euskerearen Akademiak.

Lekeition poesiari presentzia handiagoa emoteko, garai eta geografia askotako egileen bertsolerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak, besteak beste, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.

Horrezaz gan, iraileko egun horreetan egindakoaren barriak jasoteko, Iraileko paperak aldizkaria kaleratuko da, oroigarri intelektual-poetikoa hain zuzen be. Aldizkaria, jaialdian parte-hartuko daben poeta eta ikusleen artean banatuko da.

Bestalde, Irailekoak egitasmoaren irudia Marina Suarez Ortiz de Zarate artista eta antzerkigile arabarrak diseinau dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu