Artium Museoak Yuzuru Tachikawaren 'Blue Giant' anime filma estreinauko dau

Bizkaie! 2023-07-26 13:43   Musikea

Blue Giant filma izenburu bereko komiki japoniar arrakastatsuaren egokitzapena da.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Blue Giant anime filmaren estreinaldia hartuko dau datorren eguenean, garagarrilaren 27an, 19:00retan, zinema-aretoetara heldu baino aste batzuk lehenago. Film honegaz Euskadiko Filmategiak amaierea emongo deutso aurtengo zinema zikloen denporaldiari, Gasteizen, Getxon eta Donostian egiten diran hiru euskal jazzaldi handiakaz batera atontzen dan Jazzinema zikloaren barruan. Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiako zuzendariak aurkeztuko dau proiekzioa. Sarrerak (3'5 euro txartel orokorra, euro 2 Artium Museoko Adiskideentzat, 25 urtetik beherakoentzat doban) museoko leihatilan eta artium.eus webgunean erosi daitekez.

Blue Giant (Yuzuru Tachikawa, 2023) filma izenburu bereko manga komikian oinarrituta dago eta protagonistea Miyamoto Dai da, egun batean zuzeneko jazz saio batera joaten dan institutuko saskibaloi jokalari ohia. Saio honek bere bizitza aldatu eta saxofoia joten hastea erabagiko dau. Daik ez dau talentu naturalik, ezta entrenamendurik be, baina bere uritik Tokiora joango da, munduko saxofonistarik onena bihurtzeko asmoak bultzatuta. Laster jaubetuko da musikari profesional baten bizitzea uste baino gogorragoa dala.

Blue Giant Yuzuru Tachikawak zuzendu dau, Mob Psycho 100 eta Death Parade animazinozko telesail animeak eta Detective Conan: The Black Iron Submarine lako filmen zuzendariak. Shinichi Ishizuka komiki originalaren egilea da. Japonian benetako fenomeno soziala da, bere jatorrizko herrialdean generoaren sari entzutetsuenak irabazi ditu eta 2019ko Angulemako Nazinoarteko Komiki Jaialdian urteko komikia izateko hautagai izentau eben.

Filmeko elementu nagusia, soinu-bandea Hiromi Uehara jazz japoniarraren izarrak sortu dau eta haren piano-zatiak interpretetan ditu. Perkusionistea Shun Ishikawa da Millennium Parade taldekoa eta personaia protagonistearen zatiak Tomoaki Baba saxofonisteak interpretetan ditu.

Blue Giant Japonian estreinau eben 2023ko zezeilaren 17an, joandako bagilean Annecy 2023ko Animazino Zinemearen Nazinoarteko Jaialdian parte hartu eban eta nazioarteko banaketeari ekin deutso. Jazzinemako aurrestreinaldiaren ondoren, filma urrian helduko da areto komertzialetara SelectaVisionen eskutik.

Japonierazko jatorrizko bersioan, gaztelaniazko azpitituluakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu