Asiako Grand Prix irabazi dau Errenteriako Landarbaso Abesbatzak

Bizkaie! 2023-07-26 07:57   Musikea

Lehiaketan parte hartu dauen Europako lehenengo abesbatza da.

Landarbaso Abesbatzak, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean, 38 abeslari izango ditu eta maila goren-goreneko programea eskainiko dau, hainbat garai eta musika estilo batzen dituana, baita gure folklorean oso ezagunak diran harribitxi batzuk be, Jesus Guridiren Akerra Ikusi Degu eta euskerazko beste lan modernoago batzuk, esaterako, Javier Busto Hondarribiko konpositorearen Ametsetan. Lehenengo saria lortzeko apustu handienetako bat, duda barik, Atsalums da, Jekabs Jancevskis konpositore letoniar gazteak idatzitako piezea, benetan miresgarria musika-konposizinoak dauen konplexutasunagaitik eta hori abesteko behar dan ahots gaitasunagaitik.

Asia Gran Prixeko finala garagarrilaren 25ean izan da, 2019an inaugurautako Baliko Balai Budaya Giri nata Mandalan. Landarbaso Abesbatzagaz batera, beste zenbait abesbatzek hartu dabe parte finalean: Filipinetako Bosco Makati-Boscorale eta Far Eastern University abesbatzek, Indonesiako PSM Swara Wadhana abesbatzak, Taiwango Tamkang Fluxingers eta Malaysiako Men's Chorus izenekoak.

Indonesia Choir Festival jaialdian 14 herrialdetako 4.000 abeslarik parte hartu dabe eta Landarbaso Abesbatza hiru kategoriatan lehiatu da: folklorea, abesbatza mistoak eta erlijino musikea; azken horretan, hain zuzen be, abesbatzak Lorenzo Donatiren Sicut Cervus interpretau dau barriro, lau ahotsetan. Lan horregaz sari nagusia irabazi eban igaz Proventzako Nazinoarteko Abesbatza Lehiaketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu