Oso positiboa izan da XXXI. Euskal Encounter

Bizkaie! 2023-07-26 08:32   Kulturea

3.600 ordenagailu eta 4.300 parte-hartzaile baino gehiago alkartu ditu egunero.

Lau egunez, garagarrilaren 22tik 25era, Euskal Encounterek hartutako 35.000 metro koadroak topagune digital bihurtu dira, eta parte-hartzeak gora egin dau aurreko edizinoakaz konparauta. Giro ona eta alkarlanerako gogoa, beste behin be, izan dira ekitaldiaren ezaugarri nagusiak.

Euskaltelek emondako interneterako sarbidea, segundoko 60 gigabitekoak, konexino oso egonkorra eskaini dau. Beraz, programautako jarduera guztiak, eta bereziki bideojokoen lehiaketak, baldintza ezin hobeetan egin ahal izan dira.

Aurtengo edizinoan, sarrerak denpora errealean kontroletako sistema barri bat ezarri dabe ekitaldiaren injineru atontzaileek, ekitaldirako beren-beregi sortua. Arrakasta handia izan dau sistemeak, pasabideak azkar eta eroso kudeatu ahal izan baitira.

Era berean, lehen aldiz jarri dabe martxan super core barri bat, segundoko 800 gigabiteko konektibidadea eskaini dauena. Funzionamendua oso positiboa izan da, egonkortasun handia emonez. Beraz, hurrengo edizinoetarako sare-prestazinoak handitzeko tresna izango dala aurreikusi dabe.

Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazinoko zuzendari eta topaketa teknologikoaren koordinatzailea, pozik agertu da edizinoaren emoitzakaz, izan be, parte-hartzaileen kopuruak gora egin eta dagoeneko pandemiaren aurreko zifratara hurreratzen gagozala narbarmendu dau.

San Vicentek adierazo dauenez, hurrengo edizinoan Openguneak eduki gehiago izango ditu, agirikoa baita interes handia pizten dauela, bai ekitaldiko partaideen eta bai bisitarien artean.

Euskaltel Fundazinoak atondu dau Euskal Encounter, eta babesleak Eusko Jaurlaritza (Spriren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Euskaltel izan dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu