Arantza Arrazola: 'Oinarrizko kulturea herrietan dago'
2023-08-01 07:55 BarriketanSan Agustin Kulturguneak 25 urte bete ditu 2023an eta mende laurena ospatzeko programazino berezia atondu dabe. Berau aurkeztu eta urteurrenari hasierea emoteko galea egin eben San Agustinen bertan eta hemengo zein kanpoko aktoreak batu ziran.
Orain arteko 25 urteak oparoak izan dira. Mila ikuskizun profesional inguru hartu ditu San Agustineko oholtzeak eta 175.000 ikusle baino gehiago batu dira, besteak beste, José Sacristán, Asier Etxeandia, Blanca Portillo, Alberto San Juan, José Luis López Vázquez, Paco León, Natalie Poza, Hector Alterio, Petra Martínez eta Roberto Álamo aktoreak, baita euskal antzerkigintzako zein jantzagintzako erreferente nagusiak be.
San Agustin Kulturgunea Durangaldeko zein Euskal Herriko kultur erreferente bihurtu da, sortzaile zein kultura zaleen aterpe.
Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak gogora ekarri dabe, ikuskizun profesionalak hartzeaz gan, San Agustin inguruko taldeentzako aterpe eta hasibarrientzako babesleku be badala, harrobi eszenikorako eta Durangoko konpainia artistiko edo alkarteentzako espazio garrantzitsua: Durangoko kulturearen erdigune bihurtu da San Agustin eta dozenaka alkartek, konpainiak eta kolektibok gozetan dabe horretaz. Sektorean ezaguna da San Agustin, konpainientzat gune edegia eta irisgarria dalako.
1.- Zorionak 25. urteurrenagaitik. Ibilbide horretan mila ikuskizun inguru eta 175.000 ikusle baino gehiago batu zarie. Zelan baloretan dozuz datuok?
Esakerrik asko, Datuak beti dira datu baina pozik gagoz. Zenbaki potoloak dira; artista asko pasau dira hemendik, hasibarriak zen ibilbide emonkorrekoak, Ikuskizunei jagokenez, batez beste 50 inguru eskaintzen doguz urtean eta hori igarri egiten da kaleko giroan zein aretoetan.
Ikusleak be milazak izan dira eta pozarren gagoz, beste horrenbeste beharko geunkez datozen urteotan be... [barreka]
2.- Aurten Uda Girorako programautako ikuskizunen artean, bateren bat nabarmentzekotan zein?
Bakarra nabarmentzea ez da erraza; 25 urte joan dira eta San Agustinek aurten atondutako programa edo ziklo bakotxean egon da urteurrenaren inguruko zertzeladaren bat. Edozelan be, Nostraxladamus konpainiaren Volatineros lana azpimarratuko neuke eta Zirkozaurreren Kobr3 ikuskizuna.
Ganerakoan, geuk atondutakoa izan ez bazan be, Txelu Angoitiaren Trenak ekarritakoak dokumentala be aitatuko deutsut. Durangoko Migrazino sailak programau eban eta hau aretoa erabili genduan; Plateruenan izan zan estreinaldia eta jente piloa geratu zanez kanpoan, erantzun bikana ikusita bigarren saioa San Agustinen eskaini genduan.
3.- Oraindino, besteak beste, Troia, Kamikaz Koletiboarena (abuztuaren 5ean) eta Jaime Alvarellos Correcher (abuztuaren 31n) falta dira...
Bai. Ray Fernandez kubatarra garagarrilaren 26an egon zan hemen eta D'estro taldearen Poi antzezlana be bai garagarrilaren 29an.
Aitatu dozuzan horrek ezin ahaztu, Kamikaz Kolektiboarena Zarautzen estreinautakoa da eta gogo handia daukat zuzenean ikusteko.
Beste alde batetik, gogoratu irailaren 2an, Markeliñek Carbon Club antzezlana eskainiko dauela. Aitatu obrea aurkezteko birearen amaierea, hain zuzen be. Uda Giro be antzezlan horregaz amaituko da.
4.- Urte osoa daroazue ospakizunetan eta makinatxu bat dira Uda Girorako atondutakoak eta aurrerago atonduko dozuezan ekitaldiak. Udagoieneko programazinoa zer nabarmenduko zeunke?
Oraintxe gabiz beharrean eta zeozertxu aurreratzekotan, danetara, 19 ikuskizun eta 22 emonaldi izango dirala nabarmenduko deutsut; umorea Aitziber Garmendiagaz, jantza arloko ikuskizunak, Yarin, Jon Maia jantzariaren produkzino berezia Andres Marin flamenko jantzariagaz, euskal jantzearen eta flamenkoaren arteko topaketea, Txaro Lopez (Verso a Verso), El Brujo eta guretzat sano berezia izango da Vanessa Goikoetxea Floridan jaio eta Durangon bizi dan sopranoa, nazinoartean kontzertuak emoten dabil eta eta geugaz izango da; Vanessa Goikoetxeak 25. urteurren honetarako atondutako kontzertua egingo dau, urte asko dira San Agustinen abesten ez dauela eta urteurren honetan parte hartzeko eskatu jako. Kontzertua eskainiko dau pianista batek lagunduta abenduaren 1ean.
Jantzan, La Mov Madrilgo jantza konpainiaren beltxargen aintzirearen egokitzapen zoragarria izango dogu El lago eta Aukeran Dantza Taldearen Migratzaileak.
Gainera, Hotzikara talde amateur durangarrak Sintoniak ikuskizuna eskainiko deusku eta gogoratu San Agustinen estreinau zanean jente asko kanpoan geratu zala.
Familientzako programazinoan La negra teatro konpainia valentziarra eta Mar Mar Teatro eta Logela multimedia euskal konpainiak izango ditugu.
Eta urtero lez Gabonetako 4 eguneko zirku galeagaz amaituko dogu urtea.
Programazinoa irailaren 17an hasi eta abenduaren 30ean amaituko da.
Sarrerak irailaren 5etik aurrrera egongo dira salgai, goizeko 10:00etatik aurrera ohiko kanaletan (Arte eta Historia Museoan edo Internet bidez Udalaren webgunean, bai Kutxabanken webgunean).
5.- San Agustin Kultur Gunearen eta Plateruena Kultur Aterpearen arteko kolaborazinorik edo hitzarmenik ikusiko ete dogu inoiz?
Bai, badago, ez da hitzarmenik behar. Udal gune gara, bulego berean egiten dogu lan. Kolaborazinoak doguz Musika Eskoleagaz, Euskaltegiagaz eta, zelan ez, Plateruena lehen Udalen esku ez egoenanean kolaborazino ugari egin genduzan. 25 urteotan hartu-emonetan ibili gara eta orain udalaren espazioa izanda errazago konpondu gara. Uda Giro programazinoan be ekitaldi batzuk, musikalak, Plateruena Kultur Aterpean izan dira eta antzerkia eta zirkua San Agustinen. Egitaraua alkarregaz atondu dogu eta aurrerantzean be, eurek euren programazinoa eta geuk geurea atonduko dogu baina baten eta besteen datak eta hitzorduak zapaldu barik, beti alkarlanean.
6.- Nork kudeatzen dau San Agustin Kultur Gunea?
San Agustin Kultur Gunea kudeatzen dauena, udal teknikaria, neu naz. Antzoki publikoa da San Agustin eta Euskal Antzoki Publikoen Sarearen barruan gagoz.
7.- Hogeita bost urte joan dira, ibilbide aberatsa egin dozue baina bihar-etzirako erronkarik?
Segiduteko ilusinoagaz nago eta teknikari profesionalaren erispideak badira be udal agendak, espazioak oso garrantsitsuak dira eta hori dana neure ardurapean egotea oso pozgarria da. Kultureak oinarria behar dau eta oinarrizko kulturea herrietan dago, herriko sortzaileak jagotea eta kulturea herritarrei hurreratzea be erabagiorra da.
8.- Izar handientzako eta hasibarrientzako aterpe da San Agustin...
Duda barik. Bertoko hasibarrientzako topagune Karrika antzerki taldea durangarra hor dabil, hemen ensaioak egiteko lekua dauena eta profesional mailan Ganso&Cía nabarmenduko deutsut.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!