'Patzuru-patzuru' Amaiur!
2023-07-21 08:51 Bertsolaritzea16-18 urte bitarteko 33 gazte batu dira Baztanen.
Amaiurren garagarrilaren 8an hasi ziran 2023ko Bertso Udalekuak eta egunotan amaitu da lehenengo txandea: 16-18 urte bitarteko 33 gazte batu dira Baztanen.
Patzuru-patzuru! izan da Amaiurko Bertso Udalekuetako leloa eta danetik egin dabe 10 eguneko egonaldian: distopia eguna (ingeles udalekuan sartzea eta manifea), Mihiluze lehiaketea etxeko Kike eta Ilazkigaz, literaturea eta antzerkia, kantu ezagunak bersionau eta grabetea, Baztango Gazte Asanbladeak tokiko aroztegiaren eta turistifikazinoaren inguruan eskainitako mahai-ingurua, gazteak begirale eta begiraleak begiratu izan ziraneko egun aldrebesa, errekan freskaldiak eta gitarraz lagundutako patxada uneak...
Garagarrilaren 13an, bertso saioa atondu eben gazteek: bertsotan Amaia Iturriotz eta Maddi Ane Txoperena izan ziran. Herritar asko hurreratu zan saioaz gozetako eta bertakoek txoznea be zabaldu eben ekitaldia sustatzeko.
Amaiurko txandan 16-18 urteko 33 gazte batu dira; horreetatik 29 bertso-eskoletan dabiz eta 31 lehenago be izanak ziran Bertso Udalekuetan. Atontze lanetan eta hezitzaile taldean, barriz, Asier Alcedo, Iholdi Beristain, Oihana Arana, Peru Irastortza, Zihara Jainaga, Aitor Bizkarra eta Aitor Tatiegi ibili dira.
Amaiurtik Irañetara
Bertso Udalekuek ez dabe etenik, behin Amaiurko txandea amaituta Irañetan jarraituko dabe: garagarrilaren 24ra bitartean 12-13 urte arteko bertsozale gazteak batuko dira Sakanako herrian.
Bertsozale Elkarteak atontzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskera Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari eta Irizarren laguntzeari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!