'Euskeraz berba eginez mundua koloreztatzen dogu'

Bizkaie! 2023-07-21 08:10   Kulturea

Beti topauko nozue euskerearen barruan.



Bilboko Euskalduna Jauregian emon ditue Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa sariak, 1995etik Humanidadeen, Kulturearen, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan curriculumik onenak saritzen dituenak eta 2019tik aurrera, baita gazteek aurkeztutako sorkuntza edo ikerkuntza-proiektuak be. 2023ko edizinoan Kirmen Uribe idazlea eta Beñat Garaio soziolinguistika-ikertzailea izan dira sarituak.

Erakundeetako eta kulturearen, hezkuntzearen zein gizartearen esparruetako ordezkari ugari batu dituan ekitaldiari hasierea emoteko, Fernando Tapia Euskal Herriko Unibersidadetako Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak Gazte Sariaren epaimahaiaren aktea irakurri dau.

Beñat Garaiok Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskerearen bizibarritze prozesuak alkarlotzen proiektuagaitik irabazi dau saria eta, garaikurra jaso ondoren, hizkuntza gitxituak bizibarritzeko lanean egin dauen 10 urteko ibilbidea nabarmendu dau. Jardun horrek zenbait sari ekarri deutsoz. Halan da be, atsekabez adierazo dau ikerkuntza-lana ez dala, hemen eta orain, nahikoa balioesten. Hori dala eta, ikerkuntzearen arloa alde batera ixtea erabagi dauela jakinarazo dau, jardun horrek merezidu dauen duintasunezko baldintzak eskainiko dituan aukeraren bat sortu artean. Amaitzeko, talentuaren igesaren kontrako neurriak hartu beharraz ohartarazo dau.

Miren Iñarra Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak ezagutarazo dau epaimahaiak Kirmen Uriberen alde plazaratutako epai arrazoitua.

Eusko Ikaskuntzako buru Ana Urkizak nabarmendu dauenez, idazle bati emon geinkion saririk handiena ahots propioa dauela autortzea da. Horixe da Kirmen Uriberen kasua, Bitartean heldu eskutik lehen poesia-liburutik hasita. Edozelan be, haren berbetan, begirada propioa izatea da garrantzitsuena, munduko buruhausteen inguruan gogoeta artistikoa egiteko ikuspegi propioa izatea. Eta ahots hori, begirada hori, eregitea urteetako lana da eta apaltasuna behar da horretarako. Ana Urkizaren eretxiz, Kirmen gure herriaren, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegi propioa eregiten dabil, gure herri ikuspegiari hegoak jarriz eta gu be unibersal bilakatuz.

Gazte Sariari jagokonez, Eusko Ikaskuntzako buruak ondokoa azaldu dau: Beñat Garaio da belaunaldi barrientzako eredurik onena, bai euskerea bizibarritzeko ikerkuntzearen arloan eta bai ekimen positiboen
sustapenean. Horregaitik, merezimendu osoz jaso ditu txaloak eta goraipamena.

Hamabost edizinoren ondoren, azken aldiz hartu dau parte sari-banaketearen ekitaldian Txomin García LABORAL Kutxako buruak. Pozik azaldu da, azkena dauen agerraldian kulturan erreferente nabarmena dan idazle eta sortzaile handi batek jaso dauelako saria. Azpimarratu dau Kirmen Uribek, euskeraz idazteaz gan, euskal gaien alde egin dauela beti: Istorioak aukeratzen asmo argia dago: euskal kulturearen idiosinkrasia, gure historia partikularraren iragana, oroimenerako jasotea. Saria izan daitela bizimodu atlantiko horri eusteko motibazinoa, bizimodu horrek ahalbidetzen baiteutso New Yorken bizi eta itsasalde honetara, Ondarroa jaioterrira, euskerara eta euskal kulturara, herri honen historiara eta bilakabidera lotuta jarraitzea.

Era berean, Beñat Garaio goraipatu dau Txomin Garcíak. Gasteiztar gazte-ekintzaile nabarmena dala esan dau, ikerkuntza eta antolaketa, teoria eta praktika, ezin hobeto uztartzen dituena. Gazteentzat goi-mailako erreferentea.

2023ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sariari jagokon diplomea eskuratu ostean, mutiko zala sortu jakon b erbakazko lilurea gogoratu dau Kirmen Uribek. Gogoratu dau edertasuna izan zala idazteko lehen eragilea, askatasuna bigarrena eta zubiak eregi eta lagun hurkoa entzutea hirugarrena. Jarraian gaineratu dauenez, euskerea etorkizunaren, aurrerapenaren, aniztasunaren, jarraipenaren, justiziaren sinonimoa da. Euskeraz berba eginez mundua koloreztatzen dogu. Euskal Herrira noiz bueltauko nazen galdetu deustienean ez nazela inoiz bertatik joan erantzun dau, beti topauko nozuelako euskerearen barruan.

Amaitzeko, Kirmen Uribek familiari eskaini nahi izan deutso saria. Nerea emazteari barriro ezkontzeko proposamena egin deutso, New Yorken, Las Vegasen, Bilbon, Ondarroan, ilargian. Zuk ipini eguna, eta ni joan egingo naz.

Erakundeetako ordezkariek zarratu dabe ekitaldia: Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko Hartu-emonetarako kontseilariak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Ekitaldiari amaierea emoteko, Kirmen Uriberen berbak dituan Munduari begiratzeko modu bat kantua abestu dau Rafa Rueda musikariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu