UPV/EHUko graduatuen ia % 90ek lana dabe ikasketak amaitu eta hiru urtera

Bizkaie! 2023-07-20 13:21   Kulturea

Lanbideren 'Laneratzeari buruzko azterlana' txostenetik ataratako datuak dira.

Euskal Herriko Unibersidadeko 2019ko promozinoko tituludunen % 90 lanean egoan graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Horixe da, hain zuzen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak euskal unibersidade publikoko graduatuei buruz egindako Laneratzeari buruzko azterlana txostenean jasotako ondorio nagusietako bat.

Inkestea 4.369 personari egin jaken (horreetatik 2.576 emakumezkoak) eta erantzunen indizea % 72koa izan zan. Aitatutako promozinoaren kasuan, okupazino tasea (lan ordaindua daben personen ehunekoa persona aktibo danak gogoan hartuta) % 90ekoa da. Garrantzitsua da ondoko datua: hogei bat titulazinoren kasuan okupazino tasea % 100ekoa da edo horretatik oso gertu dago (horreen artean, Euskal Filologia, Medikuntzea, Odontologia, Erizaintzea, Nautikea eta Itsas Garraioa, Itsasketa, Industria Kimikearen Injinerutzea, Industria Elektronikearen eta Automatikearen Injinerutzea, Telekomunikazino Teknologiaren Injinerutzea, Meatzaritzea eta Energia Teknologiaren Injinerutzea, Arkitektura Teknikoa eta Biokimika eta Biologia Molekularra).

Eva Ferreira errektorearen eretxiz, okupazino taseak erakusten deusku badagoala genero arrakalarik eta hori landu behar dogu; halan da be, datu guztiak oso modu positiboan baloretan ditugu. Unibersidadeko ikasketek prestakuntza intelektual sendoa emoten deuskue, bai, baina datuon arabera, unibersidadea, oraindino be, eraginkortasun handiko tresnea da epe labur eta ertainean urtenbide profesionala lortzeko itxaropena sendotzeko. Horren erakusle ditugu bai okupazino tasea, bai Ikasketei lotutako enplegu tasea, igazko datuakaz konparauta 3 puntu eta 2 puntu gorago baitagoz, hurranez hurran.

Ganerakoan, lan egoereari jagokonez, % 75,19k besteren kontura egiten dau lan; % 3,66k norberaren kontura; % 6,39k ikasten jarraitzen dau; eta ganerakoen artean dagoz doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituenak, lanik barik dagozanak, ezintasunen bat dabenak, kooperatibetako bazkideak eta abar. Ikasketei lotutako enplegu tasea, hau da, egindako ikasketakaz lotura zuzena dauen lan batean jardutea % 86 da. Lan batean hasteko batez besteko denporea 3 hilabetekoa da, lana bilatzeari ekiten jakonetik hasita.

Azken buruan, lan merkatuan sartzeko bide nagusiei jagokenez, honako honeek nabarmentzen dira: ingurune soziala eta profesionala (% 26,9) eta oposizinoak (% 18,7). Horreen ondoren agertzen dira curriculum vitaea eta enplegu zerbitzuan altea emotea (% 13, 9), unibersidade ingurunea (% 13) eta eskaintza zehatzari emondako erantzuna (% 12,9). Eta horreen ondoren, garrantzia gitxiagoagaz: prestakuntza osogarria (% 5,5), curriculumetik kanpoko praktikak (% 4,3) eta autoenplegua (% 3,1). Hizkuntzei jagokenez, inkestatuen % 49k adierazo eban egunero erabilten ebala euskerea eta % 33k ingelesa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu