Ander Egiluz Beramendi: 'Markautako helburuak lortzen gabiz'
2023-07-24 07:55 BarriketanAnder Egiluz Beramendi, EuskarAbenturako komunikazino arduraduna.
Euskal Herriko zazpi lurraldetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko gazteak euskal geografia, kulturea eta historia lagunartean ezagutzeko oinezko espedizinoa da EuskarAbenturea. 2018ko udan izan zan lehenengo edizinoa, EuskarAbentura izenari eutsiz eta irabazi asmorik bako alkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, barriz, pandemiak galarazo eta 2021ekoa be osasun larrialdiak baldintzatu eban. Garagarrilaren 1ean hasi zan EuskarAbenturaren laugarren espedizinoa. Euskal Herri osoko 125 gazte (eta 30 heldu) hiru autobusetan heldu ziran Maulera, Bilbo, Donostia eta Gasteizetik urtenda, Iruña eta Donibane Garazin geldialdi bana egin ostean.
EuskarAbenturazaleek aldean eroango dabe hilebeteko espedizinorako behar daben guztia, besteak beste, lozakua, kantinplorea, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta erropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dabe aterpe.
31 egunean 400 km baino gehiago oinez (eta beste horrenbeste autobusez) Euskal Herrian zehar, euskeraren erabilerea bultzatuz eta kulturea, osasuna, ekologia eta parekidetasuna balore bezela indartuz.
EuskaraAbenturari aste bete besterik ez jako falta, beraz, Bizkaie! Ander Egiluz komunikazino arduradunagaz egon da.
1.- Garagarrilaren 1ean hasi zan EuskarAbenturaren 4. edizinoa. Zelan doa oraingoz ibilbidea?
Bai, egia esan oso pozik, talde oso jatorra lotu dogu aurton, galdera asko egiten ditue eta egia esan oso gustora gabiz. Etapa batzuk gogorrak izan arren, mapan aurrera goazela ikusteak indartu egiten gaitu. Eta, azken finean, abentura hori da eta horretarako etorri gara.
2.- 407 km oinez. Euskal Herriko zazpi probintziak hileabetean, basoak, mendiak, lautadak, lagun zaharrak eta barriak... Zela atontzen da hain ibilbide handia eta luzea?
Lan handia dago. Egia esan, EuskaraAbenturaren lehen edizinoa aurrera eroateko hiru urte behar izan genduzan. Beraz, aurtengo edizinoan azpiegitureari eutsi deutsagu eta, era berean, egokitzapen lanak be egin behar izan doguz apurka-apurka. Lantaldeak urte osoan zehar egiten dau lan, gauzak ondo doazela zirutatzeko, beste herri batzuak sartzeko, azkenean, hobetu beharreko gauzak. Beraz, urte osoko lana da hilebete bakarrerako, oso arin pasaten dan hilabetea hatan be.
3.- Nondik etorri zan EuskarAbenturaren idea eta zein da horren helburua?
Idahoko Boise uriko Euskal jaietan, lagun batzukaz berbetan, euskerearen ezagutzea aurrera joiala ondorioztatu genduan, erabilereak, ostera, ez; ez abiadura berean, behintzat eta bereziki, gazteen artean. Hori buruan geunkala, Euskal Herrian baegoala zeregina, berbarako, euskera sustatzeko modu bat, euskeraz bizi ahal izateko sare bat sortuz eta horregaz batera ekologismoa, bertako ondare naturala eta kulturea ezagutzera emotea.
Horregaz eta beste balore batzuk buztartuz, espedizino bat sortu dogu eta nire ustetan, lortzen gabiz aitatutako helburuak eta oso sensazino ederra da hori.
4.- Zuberoako uriburuan hasi eta Getxon amaituko da aurten, ba al dago aitamen berezia merezidu dauen etaparik?
Zerainek aitamen berezia merezidu dau. Goierrin kokatzen dan Zerain, herri txiki bat izan arren, lehenengo edizinotik babestu dabe EuskarAbentura modu berezian. Aurton, herritik pasaukeran, herri afari bat eskainiko deuskue. Herri osoak hartzen dau parte eta ekitaldiko 150 personantzako, baita eurentzat be, jakina, jarten ditue mahai luze-luzeak herriko plazan. Danok jaten dogu bertan eta une magikoa izaten da. Ez neban esango etapa markatuena danik, baina bai asko espera doguna, ia noiz helduko dan Zerain [barreak]). Benetan, oso kontu berezia da.
Gainera, aurreko urtean adibidez, Hernaniko Egi Pagolak eta Urretxuko Maialen Akizuk, bertso bana bota zituen festa giroan eta eskertzekoa izan za.
Gero, ibilaldiak oso ugariak izaten dira, adibidez, Arabako edo Nafarroako ibilbideek ez dabe zer ikusirik Zuberoakoakaz. Gustoko ibilaldiak izaten dira danak, baina, tenperatura eta egualdiak asko baldintzatzen dabe, distantziaz gan, jakina.
5.- Zeinek al dau parte hartu EuskarAbenturan?
Edonork parte hartu leike EuskarAbenturan. Hori bai, pare bat gauzatxo eskatzen doguz; bata, bideo bat bialtzea da aurkezpen formatuan, minutu batekoa; eta bestea, lantxo bat egitea. Geuk hiru gai jarten doguz, arutengoak uriak vs. landaguneak, turistak vs. bidaiariak eta sare sozialei inguruko hausnarketea, norberak aukeratzen dau hiru horeetako bat eta horren inguruan gogoeta egin behar dau. Sei modutan bialtzeko aukerea emoten dogu: Literaturan, musikan, arte plastikoan, digitalean, besteak beste. Bakotxak erosoago sentiduten dan euskarrian bialdu daian.
Jakina, euskeraz egitea beharrezkoa da, baina inork ez daiela pentsau ez dakit ze maila behar dauela parte hartzeko, izan be, danetarik daukagu: euskera girotik datozenak, erraztazun handiagoa eta txikiagoa dabenak... Horrek bihurtzen dau abentura aberasgarria. Azken finean, zazpi probintzietako gaztetxoak daukagu. Gainera, aurton, Estadu Batuetako, Balentziako eta Argentinako gazte bana etorri dira gurera, abenturan parte hartzera. Hori be, asko jagoten, hemengoak zein kanpokoak, danak maite doguz, izan be, beti ez dago hain urrunetik etorteko aukerarik.
6.- Eta zelan moldatzen dira?
Balentziakoa nahiko ondo moldatzen da, astiro dabil baina pauso onean. Argentinakoa, barriz, ulertzeko kapaz da, baina gehiago kostetan jako, baina badabil apurka-apurka. Hori bai, euskeraz sortu dau abesti bat! hilebteak askotarako emoten dau ta! [barreak])
7.- Nondik dator Jzioqui dugu! esaldia?
Yusoko monastegian topau eben 1000 urte atzerako testu batean. Testua latinez egon arren, abade batek nota batzuk idatzi zituan gaztelania eta euskeraz. Eta, hor, hain zuzen be, esaldi bi dagoz euskeraz: bata da, Jzioqui dugu eta bestea, Guec ajutu ez dugu.
Lehenengo esaldiak, piztuak izan gara edo argituak izan gara esan nahi dau. Asko gustau jakun, horregaitik hartu dogu EuskarAbenturearen goiburutzat. Gaur egun, badakigu Irulegiko eskua 1000 urte lehenago idatzitako testua dala, baina geuretzako esanahi handia dauko aurrekoak, baita euskerearen istoriari jagonokez be. Eta, zelan ez, gazteei jziokitar esaten deutsegu!
8.- Ibilbideaz gan, bertako ondare kulturalak ikusten dozuez ezta?
Ondare naturala eta istorikoaz gan, kulturala be bada. Ibilaldian zeharkatzen doguzan herrialdeak eta lurraldeak ezagutzea beharrezkoa da, bertakoak zelan bizi diran eta zer daben erakusteko, herritarrak edo inguruko artistak erakarriz.
Aurrekoan, Autanen, Barandiaran Museoa bisitetako aukerea izan genduan, bertako historia eta personai garrantzitsuak ezagutuz. Hori be, oso garrantzitsua da.
9.- EHUko irakasle bi dagoz ibilbidean. Zein da horreen egitekoa?
Bai, Iñigo Urrestarazu (Iker) eta Ander Garcia (EHU) ikerketa bat egiten dagoz gazteen letra batzuen ahozkeran izaten diran aldaketen inguruan, eurek hobeto azalduko dabe seguru [barreka]. Labur-labur esanda, pentsetan da hizkuntzea homogeneizatzen hasten dala espedizinoan denpora asko pasetan daben personen artean, horrenbestez, ikusi gura dabe Euskal Herriko euskalkien artean bardin pasaten dan.
Irati Fernandez hizkuntzalaria be geugaz dago. Eusko Jaurlaritzearen ikerketa bat zuzentzen dau, abenturak gazteen artean euskerearen aurrean daben jarreran zer eragiten dauen hain zuzen be. Ikerketeari orain hiru urte ekin eutsen.
10.- Azken mezu berezirik?
EuskarAbentureak inpaktu handia dauka gazteen artean, hemen egotea parebakoa da. Euskal Herriko gazte danak konbidetan ditugu lanak eta bideoak bialdu deiezala, lotsa barik, hurrengo urtean parte hartzeko. Benetan, urtez urte ikusten dogu kriston gaztedia daukagula eta hori da behar dana, Euskal Herria ez dago euskera barik eta nondik gatozen be badakie ondo. Eta EuskarAbenturak horretararako balio dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!