Sorkuntza garaikideari laguntzeko, IV. Babestu dakar Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2023-07-18 13:40   Kulturea

Aurkezteko epea, irailaren 10era arte da.

Bilboko Azkuna Zentroak martxan jarri dau IV. Babestu programearen deialdia. Sorkuntza garaikideari laguntzeko ekimen horren bidez, bost proiektu artistiko, kultural eta sortzaile aukeratuko ditue, eta bakotxak 6.000 euro jasoko ditu proposamena martxan jarteko, 2024ko urtarriletik abendura bitartean.

Irailaren 10era arteko epea dago Babesturen deialdira proiektuak aurkezteko. Azkuna Zentroko arduradunek azaldu dabenez, Euskadiko testuinguru artistiko eta kulturaleko sortzaileei eta karrera erdiko taldeei zuzenduta dago egitasmoa.

Hiru baldintza nagusi bete beharko ditue deialdira aurkezten diran proposamenek. Batetik, praktika artistikoak jorratzeko modu barriak aztertu eta Azkuna Zentroaren programazino-ildoetan kokatu beharko dira. Bigarrenik, Zentroko publiko-komunidade batzuekaz konpartiduteko pentsauta egotea beharrezkoa izango da. Hirugarrenik, azken emoitzan baino, haren bilakaeran jarriko da arreta handiagoa.

Behin proposamen guztiak aztertuta, Azkuna Zentroak bost proiektu aukeratuko ditu, honako programazino-ildoakaz egon behar dira lotuta: arte bisualak, arte biziak, literaturea, zinemea eta ikus-entzunezkoak.

Konsultau hemen oinarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu