41. Ertibil Bizkaia gaur hasiko da

Bizkaie! 2023-07-14 13:16   Kulturea

Inaugurazino ekitaldia Rekalde Aretoan izango da, arratsaldeko 19:00retan.

Bizkaiako Foru Aldundiak atondua, Ertibil Bizkaia Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltariak Bilboko Rekalde Aretoan emongo deutso hasierea, ondoren, Getxo, Sestao, Balmaseda eta Barakaldoko udalerrietan zehar ibiliko da.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak, Begoña de Ibarrak, artistakaz batera, Ertibil Bizkaia ekitaldiaren erakusketa barria aurkeztu dau gaur goizean, hilak 14, Rekalde Aretoan. Ertibil Bizkaia Ikusizko Arteen Erakusketa Ibilitariak, Bizkaian lan egin eta bizi diran 18 sortzaile barrien lanak erakusten ditu. Ondoren, Getxo, Sestao, Balmaseda eta Barakaldoko udal erakusketa aretoetan erakutsiko dira, 2024ko urtarrilaren 5ean Barakaldoko Udal Erakusketa Aretoan amaitzeko.

Ertibil Bizkaia 2023an saritutako artistak ondokoak dira: Jon Ander García, Maider Aldasoro Diaz eta Ibai Madariaga Sagastizabal & Miel Oyarzabal. Ondoan honako hauek daude: Imanol Abad Martínez & Imanol Expósito Delgado, Daniel Alegrete, Izaskun Araluzea Itza, Alejandro González Osés, Julene Gregorio Uriarte, Leire Lacunza Miranda, Ibon Landa Amutxategi, Idoia Leache Olagüe, Claudia Rebeca Lorenzo, Julen Martin Zaballa, Lugha Mathews Bouchard, Estela Miguel, Javier Ozcoidi, Ander Sagastiberri Fernández eta Amaia Santamaria Andres.

Begoña de Ibarrak adierazo dauanez, gaitasuna, talentua, artea eta etorkizuna irudikatzen ditu erakusketeak. 41. edizinoko ibilbideagaz, Ertibil erreferente bihurtu da arte bisualen esparruan, sortzaile gazteen arlo artistikoaren alderdi barritzaileena eta sortzaileena hartuz, eta arte garaikidea eskuragarriago egiteko aukerea emoten deusku.

Ertibil Bizkaia ibilbidea

Erakusketea 2022ko edizinoan sarituetako artistakaz batera, Japoniako egoitza artistikoaz osotzen da. Esangura horretan, garagarrilaren 1etik abuztuaren 31ra, Ertibil 2023ren aurreko edizinoko artista irabazleak herrialde japoniarreko ondoko espaziotan biziko dira:

  • Alazne Zubizarreta Joshibi University-n, (Tokyo).
  • Lucia Pedregal Koganecho Artist in Residence-n (Yokohama).
  • Mar De Dios Paradise Air Art Space-n (Matsudo).

Ertibil Bizkaiaren 41. edizinoan epaimahaia honako honeek osotu dabe: Alazne Zubizarreta, Ertibil Bizkaia 2022ko artista irabazlea; Naia del Castillo, artistea eta UPV-EHUko Arte Ederretako irakaslea; Aimar Arriola Olabarria, Arte Plastikoetako komisarioa; eta Miriam Alzuri Milanés, Bilboko Arte Ederren Museoko bilduma-burua eta, aldi berean, erakusketarako editatu dan liburuaren testuen egilea.

Aurtengo edizinoan Rekalde Aretoak Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondasunen Kontserbazino eta Zaharberritze Graduagaz kolaboratzen jarraitu dau eta horren ildotik Katrin Alberdi irakaslearen Ondarearen kudeaketako, azalpeneko eta erregistroko ikasleen parte-hartzea izan da. Olaia Salinasek, Lucía Strachanek eta Laura Vicentek modu aktiboan lagundu dabe Ertibil Bizkaia 2023ren garapenean, eta idea barriak emon deutsez proiektuari.

Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da eta garagarrilaren 14tik irailaren 17ra arte egongo da. Ondoren, Getxon izango da ikusgai Punta Begoñako galerietan, urriaren 16tik zemendiaren 5era.

Getxon amaitu eta Sestaoko erakusketa aretoak hartuko dau erakusketea, zemendiaren 6tik 17ra, ondoren Balmasedako Horcasitas Jauregian izango da zemendiaren 20tik abenduaren 17ra. Ertibil Bizkaia Barakaldon amaituko da, abenduaren 18tik 2024ko urtarrilaren 5era arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu