'Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor 2023', garagarrilaren 15tik abuztuaren 15era
2023-07-14 10:24 MusikeaKontzertu guztiak 20:00retan hasiko dira.
Urremendi Landa Garapen Alkarteak aurten be Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor organo jaialdi tradizionala atondu dau.
Egunotan aurkeztu ditue zehetasun guztiak Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Kontzertu zikloak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Murueta eta Mundakako udalerrien babesa eta Bizkaia Eleiz Museoaren laguntzea jaso dau.
Jaialdiak 12 kontzertu izango ditu, garagarrilaren 15tik abuztuaren 15era. Busturialdea-Urdaibai eskualdeko 8 udalerritan. Mundakak edegi eta zarratuko dau Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Axpe-Busturia, Bermeo, Gautegiz-Arteaga, Arratzu eta Murueta zeharkatuko dituan ibilbidea. Jaialdiaren erantzun bikaina bermatuta dago, izan be, jente asko bertaratzen baita eta aurkezten diran programak kalidade eta ausardia handikoak baitira.
Aitziber Ansotegik, Urremendi Landa Garapen Alkarteko gerenteak, adierazo dauenez, UOJE Europa mailan atontzen dan organo jaialdi garrantzitsuenetako bat da. 2022ko edizinoa benetan ikusgarria izan zan zentzu guztietan: publikoari jagokonez, interpreteen kalidadeari jagokonez, baita programazinoari jagokonez be. Arrakasta handia izan eban. Aurten, Busturialdeko altxor honeek jagoten eta eusten jarraitzeaz gan, beste urrats bat emongo dogu jaialdiak dauen publiko leiala harritzen jarraiteko.
Bestalde, Euskal Herria Museoko zuzendariak, Leire Irazabalek, adierazo dau Musikea eta euskal folklorea batzen dauen jaialdia izango dala eta Ondare instrumentala berreskuratzeaz eta balioesteaz gan, eskualdeko jarduera ekonomiko eta kulturala dinamizetan dogu eta udako eskaintza aberastu.
Joxe Benantzi Bilbao kontzertuen zikloaren koordinatzailearen esanetan Organoen doinuei txistua, trikitixea, txalapartea, gaitea, dultzainea eta zarrabetea gehituko jake.
Egitaraua
Kontzertu guztiak 20:00retan izango dira.
- Garagarrilaren 15an, Pavao Masic (organoa) eta Idoia Anzorandia, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi (bertsolariak), Mundakako Andra Maria eleizan.
- Garagarrilaren 16an, Pablo Marquez (organoa) eta Martin Laka, Manuel Angel Ziluaga eta Maiteder Olano (dultzainak eta tanborra), Ibarrangeluko San Andres eleizan.
- Garagarrilaren 23an, Mikel Ansola eta Johannes Friederich (organoa lau eskutara), Gernika-Lumoko San Pedro eleizan.
- Garagarrilaren 24an, Alberto Pozzaglio (armonioa), Kortezubiko Santiago Apostolua eleizan.
- Garagarrilaren 25an, Tomeu Mut (organoa), Gernika-Lumoko Errenteriako San Bartolome-Mertzede parrokian.
- Garagarrilaren 26an, Gustav Auzinger (organoa) eta Gorka Bravo (zarrabete), Busturiako Axpeko Andra Maria eleizan.
- Garagarrilaren 31n, Ana Belen Garcia (organoa) eta Thierry Biscary (ahotsa eta perkusinoa), Gernika-Lumoko Andra Mari eleizan.
- Abuztuaren 5an, Olivier Schmitt (armonioa), Gentzane Fernandez (panderoa), Ander Trabadua (trikitixea) eta Alberto Marcos (albokea), Arratzuko Santo Tomas eleizan.
- Abuztuaren 6an, Benantzi Bilbao (organoa), Mikel Uskola (kontratenorea) eta Egingo Taldea (trikitixa, panderoa, alboka eta bonbo), Busturia Axpeko Andra Maria eleizan.
- Abuztuaren 11an, Davide Zanasi (organoa) eta Kankinkabara Txistu Taldea, Bermeoko San Frantzisko eleizan.
- Abuztuaren 12an, Javier Saez (organoa), Gautegiz Arteagako Andra Mari eleizan.
- Abuztuaren 15an, Benantzi Bilbao eta Javier Artigas (organoa lau eskutara) eta Cristina Alberola (kastainetak), Gernika-Lumoko Andra Mari elizan.
Edizino honetako organo, programea, artista, erretratu eta aurreko edizinoetako bideoei buruzko informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!