Javier Nevado: 'Liburuak idea eta mezuak zabaltzeko tresna dira'
2023-07-17 07:55 BarriketanArte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saria ANTI Liburudendeak irabazi dau. Orain 20 urte Bilboko San Frantzisko auzoan liburu-dendeak ateak edegi zituanetik, letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusmen-artearen arteko oinarrizko topaleku bihurtu da. ANTIk Bilboko sare artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten deutson ekarpena parebakoa da. Epaimahaiaren arabera, ekarpena egunerokoan neurtzen da, ezagutzera emoten dauen artisten liburu barri bakotxean, hartzen dauen erakusketa bakotxean, bertan hamarkada bitan gozau ahal izan dan tailer, aurkezpen edo performance bakotxean.
Ganerakoan. aurtengo Gure Artea sarien epaimahaiak erabagi dau Susana Talayero artista bilbotarrari emotea bere ibilbide artistikoa autortzen dauen saria.
Beste alde batetik, sorkuntza-lana autortzeko saria, barriz, Nadia Barkatek eroan dau, azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarriak.
Saritutako artisten lana autortu, gizarteari egiten deutsen ekarpena azpimarratu eta euskal artea munduan zabaltzea da asmoa.
Kontuak kontu, Anti Liburudendako Javier Nevadok emon deuskuz azalpenak
1.- Zorionak arte plastiko eta ikusizkoetan egindako lana autortzen dauen Gure Artea saria irabazi dozuelako. Zer sentidu zenduen sarituak ziniela esan eutsuenean?
Poza. Orain urte batzuk izentau euskuenean be sinistu ezinik gengozan baina aurten irabazita zoratu beharrean gagoz, ez genduan pentsetan holako saririk irabaziko genduanik, sarion eremuan sartzen ez zalako ANTI. Beraz, ezustean etorri jakun autortzea da eta oso pozik gagoz euskal artearen arloan badogula zeresana igarri dogulako.
2.- ANTI Liburudendea Bilbon dago (Dos de Mayo, 2) 2005etik. Hamazortzi urte joan dira eta ibilbide hori nabarmentzekoa da baina zein girotan sortu zan proiektua?
Arte Eder ikasketak amaitu eta urte batzuk aurrerago erabagi genduan Maia Villotek eta biok liburudendea zabaltzea eta San Farntzisko auzoan, hain zuzen be; ikasten genbilzanean, auzo horretan bizi ginalako eta hor kokatzea nahitaezkoa zalako. 2008ko krisiak be hankaz gora jarri zituan bazter guztiak eta guri be eragin euskun, gitxiago saltzen zan, katalogoko erreferentzia batzuk kendu edo egokitu egin behar izan genduzan; giroa ez zan emonkorra, liburudenda batzuk zarratu egin behar izan zituen eta guri egokia begitandu jakun katalogoan artearen inguruko liburuak sartzea eta ez zan erabagi txarra izan.
3.- Liburudendea anti, alternatiboa eta jarrera kritikoa dauena da. Etiketokaz zer adierazo gura dozue?
Liburudendearen zehaztapenean edo definizinoan kultura kritikoa eta alternatibea nabarmentzen doguz eta Anti berbeak esan deutsudazan kontzeptu bi horreek aditzera emotea edo barrubatzea da asmoa.
4.- Ze diferentzia dago ANTI eta liburudenda konbentzional baten artean?
Liburuak aukeratzeko orduan gure filtroa erabiltea eta publiketan dan guztia geurera ekarteko obsesinorik ez izatea dira gure berezitasunak. Guk geuk irakurri gura geunkezan liburuak eta zeozelako mezua daben liburuak saltzen doguz. Liburuak idea eta mezuak zabaltzeko tresna dira eta ez, ostera, liburu huts.
Gure filosofiari eustea da oinarria. Ezin gara liburu-saltzaile izan, saltzen doguzan liburuak gure gustokoak ez badira.
5.- Zelakoa da zuon publikoa?
Gatxa da zehetasunetan sartzea baina gurera datozenak gazteak dira, gehienak 40 urtetik beherakoak. Eta badakigu gure eskaintzea gustetan jakela eta, beraz, kontzientzia kritikoa daben irakurleak dirala.
6.- Artea, Narratibea, Pensamendua, Diseinua eta Autoedizinoa dira zuon arloak. Zelako liburuak eskaintzen dozuez?
Aitatu dozuzan arlo horreetan 20 bat gai edo nabarmenduko deutsudaz, besteak beste, erretratugintzea, arte eszenikoak, urigintzea, ilustrazinoa, umeentzako liburuak, komikia, kontrakulturea eta hezkuntzea. Liburu bakotxa aztertzen dogu katalogora batu baino lehen. Zorrotz jokatzen dogu. Argitalpen proiektu txikiak zabaltzea gustetan jaku.
7.- Anti Liburudendan eraskuketak, ikus-entzunezkoak, performance, tailer, aurkezpen eta bestelakoak be atontzen dozuez. Hurrengo ekitaldia zein izango da?
Urtean 7 erakusketa atontzen doguz, ibilbide askotako artistenak, hain zuzen be. Oraintxe gurean dogu Abián Gonzálezen Our ice cream's not melted yet erakusketea.
Irailean, barriz, Alazne Zubizarretarena eskainiko dogu eta Jazmín Beirak Cultura Ingobernable liburua aurkeztuko dau gurean ikasturtearen hasieran.
8.- Barrikuntzen artean zein da salgai dozuen azken liburua?
Anti Liburudendearen lau arloetako batzuk aurreratuko deutsudaz: Pensamendua arloan, Felix Arrietaren Zaintzaren hariak; Narratiban Ramona Montserrat Adiso Roigena. Diseinua arloan, El arte como oficio Burno Munarirena; eta Artea arloan, Pentsatzeko leku bat (Oteiza Fundazinoa eta Artium Museoa).
9.- Bihar-etzirako zer?
Orain arte lokala pagetan egon gara baina oraintsu erosi egin dogu lokala eta ezustekorik ezean espazioa handitzea da asmoa eta betiko helburuak be nabarmenduko deutsudaz, katalogoan erreferentzia gehiago sartu, arlo gehiago erakarri...
10.- Gure Artea saria sari potoloa da, dirua, autortzea...
Indar handia emon deusku sariak. 20.000 euro jaso doguz eta udagoienean Donostiako San Telmo Museoan egindo dan ekitaldian jasoko dogu autortzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!