Barakaldoko Orconera kargategia kultura-intereseko ondasun izentau dabe

Bizkaie! 2023-07-12 09:56   Kulturea

Monumentu kategorian, Eusko Jaurlaritzeak egindako eskaerearen ondoren.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Barakaldoko Iron Ore CLko 5. kargategia eta 3. eta 4. kargategien hondarrak monumentu kategoriako kultura-intereseko ondasun izentau
ditu.

Eusko Jaurlaritzeak (portuen arloan eskumenik ez dauenak), Barakaldoko Udalak, Bilboko Portu Agintaritzeak, Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoaren Fundazinoak eta Industria Ondarearen eta Obra Publikoaren Euskal Elkarteak (AVPIOP) Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioari babes-espedientea edegiteko eskatu ondoren etorri da izentapena.

Eskaeran, Nerbioi itsasadarrean konserbatutako kargategiek osotzen eben multzo osoa sartzen zan baina, oraingoz, ondare-interes handia dabelako, Barakaldoko Orconera Iron Ore CL-ko 5. eta 3. eta 4. kargategiak babestu dira. Eusko Jaurlaritzearen ustez, Sefanitro konpainiaren kargategia eta Franco-Belga konpainiarena be kultura-intereseko ondasun deklarau behar dira eta holan eskatu deutso Espainiako Gobernuko Kultura Ondarearen eta Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari.

Lutxanako ontziralekuak

Lutxanako ontziralekuak, Barakaldon, Bilboko itsasadarraren ezkerreko ertzean 500 metro inguruko luzeran dagozan karga-kaiak dira gaur egun. Bilboko itsasadarreko zati bateko portuko jabari publikoaren parte dan uri-lurzoru baten gainean dagoz.

Kultura-ondarearen ikuspegitik, elementu horreek interes handiko monumentu-multzoa dira. Gaur egun, konserbazino eta eraldaketa-egoera ezbardinak ditue, eraikuntza eta erabilera-historiaren ondorioz. Alde batetik, Orconera konpainiaren kargategiak dagoz, egurrez egindakoak; bestetik, Sefanitro S.A. enpresearen hormigoizko kargategia eta, hirugarrenik, Franco-Belga konpainiaren kargategia, bai eta itsasadarraren jatorrizko bideratze-hormea be, harlanduz eregia, bere eskilara eta sartzeko arrapalakaz. XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendean zehar Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean zabaltzen ziran industria-instalazino handien aztarna urrietako bat eta horreen lekuko dira kargategiak.

Gaur egun Orconera kargategi multzoa Orconera Iron Ore meatze-konpainiaren minerala kargetako eta deskargetako instalazinoen multzoa da. Enpresa horrek lortu eban arroko mineral-produkzino handiena. Hareen funtzinoa burdina-minerala ontziratzea erraztea zan, Europako siderurgietara eroateko.

Lankidetza-protokoloa

Eusko Jaurlaritzeak, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzeak lankidetza-protokolo bat sinatu eben 2019an, Barakaldon portuko zerbitzu-eremuaren barruko mineral-kargategien balio historikoa sustatzeko. Helburua balio eta interes historiko, artistiko eta arkitektoniko handiko instalazino horreek identifikau, sustatu, birgaitu, konserbau eta jagotea da.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2023ko aurrekontuak 550.000 euroko partida bat aurreikusi dau, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzeak Orconerako kargategia
zaharbarritu deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu