21.000 ikusle baino gehiago batu ditu 33. Kaleka-k
2023-07-10 13:39 KultureaHegan egiteko garaia lemapean, Lekeitioko Kaleka goi mailako ikuskizunen erakusleiho bihurtu da.
Sua, argia, umorea, kalejirak edota sormena eta gogoetea bultzatu daben hamaika ikuskizunek bete dabe aurtengo Lekeitioko Nazinoarteko Kale Arteen jaialdiko egitaraua. Lekeitioko kaleak kolorez jantzi dira garagarrilaren 7, 8 eta 9an, ikusle kopuru handia erakarriz. Eguraldi onak lagunduta, Lekeitioko Kaleka-k erakusleiho bikaina izan da kale arteak bultzatzen dituen konpainia, kolektibo eta artistentzako. Jaialdiak oihartzun handia lortu dau urte honeetan guztietan eta aurten ez da gitxiago izan. Goi mailako egitaraua eskaini dau Kaleka-k eta, beraz, ez da harritzekoa 21.000 ikusletik gora hartu izana hamaika ikuskizunetan zehar.
33. edizino honek Portugal, Katalunia, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Euskal Herritik etorritako artistak batu ditu eta azken horreei keinu berezia egin nahi izan jake aurtengo goiburuari eutsiz: Hegan egiteko garaia. Argi dago Euskal Herriko konpainia eta kolektiboak asko hazi dirala azken urteetan, goi mailako ikuskizunak aurkezteko kapaz dira eta hemen zein atzerriko jaialdietan hareen lanak ikusi geinkez. Aurten lau izan dira Kalekaren egitarauan parte hartu daben euskal konpainiak: Cía Trotamundos (Finito.Infinit@), Haatik (Ur), Trapu Zaharra (Mesede bat egitearren) eta, jakina, Lekittoko Deabruak (Mingorri). Aitamen berezia egin behar jako konpainia lekittarrak izandako bilakaereari: 11 urte bete ditu Lekittoko Deabruak taldeak eta urte guzti honeetan egindako lanaren indarra nabarmena da. Konpainia ikusgarri, barritzaile eta bakarra bilakatuko dira, izan be, eta horren erakusgarri dogu aurten aurkeztutako Mingorri. Konpainia lekeitiarrak handi izateko asmoa dauela argi itxi dau milaka persona batu dituan piroteknia ikuskizun erraldoi bategaz.
Era berean, estadu mailako konpainiak be izan dira, besteak beste, gogoeta eta umorea batu dituan Cía Xa Teatre-ren Grands kalejirea; erloju baten barruan bizitzea kontau deuskun Cía La Tal-en Carrilló clown ikuskizuna; poesia eta enkantuz inguratuta egon dan Baychimo Teatro-ren Versos que anidan instalakuntzea; musikea, jantzak eta maitasun istorioa kontau deusku Holoqué taldearen La Caixeta; Bainugela baten bizi dan auzokide baten kontakizuna David Cebrián-en WC-ren eskutik; 7 Bubbles konpainiaren Menina poesia kalejirea; Jaialdiaren nazinoartekotasuna portugalgo PIA (Projectos de Intervenção Artística) konpainiaren eskutik etorri da, Oxígeno ikuskizunagaz.
33. Kalekak ate eta helburu gehiago dakarz, hurrengo edizinoa atontzen hasteko ordua da udagoienean edegiko dan deialdi zabalaren bidez. Gogoratu, urtero legez, Kalekan parte hartzen daben proposamen guztiak deialdi edegi baten bidez aukeratzen dirala. Aurten 400 proposamen baino gehiaga jaso ziran eta hurrengo edizinoan gehiago izatea espero da.
Era berean, Kaleka jaialdiak eskerrak eman nahi deutsee hiru egun honeetan zehar parte hartu daben konpainia, kolektibo, laguntzaile eta jaialdi honen parte izan diranei. Edizino hau arrakastatsua izan bada, guztiei esker izan da.
Informazio gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!