Foru barriak izan eban eragin politiko, sozial eta kulturalari buruzko udako ikastaroa

Bizkaie! 2023-07-10 10:33   Kulturea

EHUren ikastaroa eguen honetan izango da Bizkaiko Parlamentuan.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko lehendakariak eta Eva Ferreira García EHUko errektoreak edegiko dabe XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizinoa Bizkaian. Politika, lurraldea eta eguneroko bizitza Gernikan eta Bermeon ikastaroa Bizkaiko Parlamentuan. Lehenengo zatia Parlamentuaren egoitzan egingo da, doban, leku guztiak bete arte. Lehenengo zati hori streaming bidez emongo da Batzar Nagusiak erakundearen webgunearen bitartez.

Gernikako Batzar Etxeak, EHUk emoten dauen eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeagaz batera atondu dan Udako Ikastaroaren lehenengo zatia jasoko dau eguen goizean. Ikastaroa Euskal Herriko Museora eroango da egun horretako arratsaldean bertan eta barikuan amaituko da Bermeoko Arrantzale Museoan.

Bizkaiko parlamentuaren egoitzan, Batzar Nagusiak erakundeko lehendakariaren eta EHUko errektorearen ondo etorriko berbakaz hasiko da ikastaroa. Ostean haren arduradun biek, Asier Romero (EHU) eta Mikel Mancisidor (Deustuko Unibersidadea) unibersidadeko irakasleek, egingo dabe aurkezpena. Biek, José Ángel Achón Insausti Deustuko Unibersidadeko katedradunaren, Elena Llorente EHUko irakaslearen eta Gregorio Monreal EHUko katedradunaren eskutik etorriko diran Udako Ikastaroaren lehenengo hiru berbaldiei bide emongo deutsee. Azken horrek, 2021ean argitaratutako Fuentes del Derecho Histórico de Bizkaia liburuaren ale bat emongo deutso Batzar Nagusiak erakundeko lehendakariari.

Ikastaro osoak orain dala bost mende hasi zan Europako herrien lurralde atonketan izandako aldaketa sakonak helduarazo gura deutsee bertaratutakoei. Bizkaiko lurraldeak XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasierean Estaduen jaiotzearen eta erneminaren inguruan monarkien indarra bateratuz Europan sortzen egoan errealidade politiko barriaren aurrean zelan erreakzionau eban eta birkokatu zan, hain zuzen be.

Udako ikastaro hau, igaz Ercillatarren familiaren testuinguru historikoan aztertu eban ikastaroaren jarraipena da.

Gernikako Juntetxean garagarrilaren 13an:

Egitaraua:.


- 09:00 - 09:40: Ondo etorria eta sarrerako berbak.  Ana Otadui Biteri (Bizkaiko Batzar Nagusiak, lehendakaria) eta  Eva Ferreira (EHU, errektorea).

- 09:40 - 09:55: Ikastaroaren aurkezpena Zuzendaritzaren eskutik.  Asier Romero Andonegui (EHU, irakasle titularra) eta  Mikel Mancisidor de la Fuente (Deustuko Unibersidadea, irakaslea).

- 09:55 - 10:15: Gregorio Monrealek Fuentes del Derecho Histórico de Bizkaia liburuaren ale bat emongo deutso Ana Otaduiri.

- 10:30 - 11:15: Testuinguru historiko eta soziala Bizkaian XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizinoan.
  José Ángel Achón Insausti (Deustuko Unibersidadea, katedraduna).

- 11:30 - 12:15: Foru Zaharraren eta Foru Barriaren artean. Bizkaiko Zuzenbide Historikoaren iturriak.
  Gregorio Monreal Zia (EHU, katedraduna)

- 12:30 - 13:00: Etenaldia.

- 13:15 - 14:00: Leinuak eta etxeak: burdinatik eta ardi-uletik mundura.  Elena Llorente Arribas (EHU, irakaslea).

Egitarau osoa eta informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu