Energia-konsumoa optimizetako aplikazino bat: Think Big 2023 enpresa-idearik onena

Bizkaie! 2023-07-07 09:31   Kulturea

Helburua Bizkaiko UPV/EHUko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea da.

Euskal Herriko Unibersidadeko Industria Ingenieritza Masterreko ikasle Julen Ferro buru dauen ePower Ferrotek startuparen aplikazino batek eroan dau Think Big 2023 lehiaketea. Gailu horri esker, konsumitzaileek, bai etxean, bai enpresan, energia-konsumoa optimizau ahal izango dabe.

Aplikazino sinple eta erabilerraz baten bidez, erabiltzaileek energia konsumoa kudeatu ahal izango dabe injinerutza elektrikoari buruzko ezagutzarik izan barik, argitu dau Julen Ferrok, 2.500 €-ko lehen saria jaso dauenak.

Think Big UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea helburu dauen enpresa-idea lehiaketea da. Holan, ikasleak animetan dira beren ezagutza eta esperientzia profesionalak aplikau deiezan, maila komertzialean bideragarriak diran zerbitzu eta produktuak lantzeko asmoagaz.

Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Mikel Fernández Lafuente, Asier Gamarra Morales eta Iciar Yepes Goitiaren Beta Mentor proiekturako izan da. Eskalada-ibilbideak sortu eta gauzatzeko laguntza-sistema bat, eskalatzaileak aurrez zehaztutako ibilbide baten bidez gidatzeko aukerea emoten dauena. Motor bik orientautako laser puntadun batek jarraitu beharreko bidea marrazten dau, programeak gauzatutako kalkulu bektorial bati esker.

Hirugarren sari biak, bakotxa 800 eurokoa, Alethia eta El mono en las calles proiektuetarako dira. John Gómez Lópezena. Yeimy Sánchez Rodríguez eta Luis Eduardo López Vasquezen Alethiak baso-enpresen ingurumen-kudeaketa digitalizetako software bat aurkeztu dabe, Blockchain teknologia eta Big Data buztartzen dituana. Bestalde, Uxue Castrilloren El mono en las calles proiektuak esku-hartze artistikoak sortzen ditu espazio publiko edo pribatuetan, diseinetan diran lekuaren historia kontetan dabenak, artea kaleetara hurreratzeko helburuari eutsiz, eragin sozial, ekonomiko eta turistikoa sortuz.

Horrezaz gan, 300 euroko hiru akzesit emon dira Cobbler Biofuel, Cepillo de dientes eta BioOrganiTech proiektuetarako. Lehiaketea ZITEKek atondu dau eta epaimahaia UPV/EHUko, BEAZeko (Bizkaian ekonomia sustatzeko eta barrikuntzea sustatzeko soziedade publikoa) eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osotu dabe. Proiektuak baloretako orduan, honako honeek hartu dira kontuan: Idearen barrikuntza eta originaltasuna eta garapena, bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzieroa, urtenbidea eta lehiarako abantailea, proiektuaren eskalagarritasun-mailea, gizartean eta ingurumenean dauen eragina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu