Jagoba Astiazaranek irabazi dau Euskadiko SGAE Fundazinoaren I. Konposizio Saria

Bizkaie! 2023-07-07 08:24   Musikea

Obrea Kuraia Musika Garikidearen XXX. Topaketetan estreinauko da.

Jagoba Astiazaran | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskadiko SGAE Fundazinoak I. Konposizino Saria deitu eban maiatzaren 18an eta, dagoeneko, badogu irabazlea: Jagoba Astiazaran txistulari eta sortzailea. Lanak jasoteko epea bagilaren 12an amaituta, Maria Eugenia Llucek (Ensemble Kuraiako zuzendari artistikoa eta musikagilea), Joseba Torrek (musikagilea) eta Pascal Gaignek (musikagilea eta SGAE Euskadiko Lurralde Batzordeko kidea) osotutako epaimahaiak egile zestoarraren alde egin dau, soka laukoterako pentsautakoa izan dan Zotz izeneko obrea idazteagaitik.

Saria 3.000 eurokoa da eta obra barri bat sortzeko erabili behar izango ditu Astiazaranek. Lan hori Ensemble Kuraiak estreinauko dau Kuraia Musika Garaikidearen XXX. Topaketen barruan, 2024. urtearen hasieran talde egoiliar lez eskainiko dauen kontzertu batean.

Esker onekoa naz SGAEgaz eta Kuraia topaketen hurrengo denporaldirako obra barri hori sortzea benetako erronkatzat hartzen dot, berau, musikagile garaikideentzako klasiko bat izanik, autortu dau, pozik, egile gipuzkoarrak.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diran munduko edozein herrialdetako zein edadeko SGAEko bazkideek parte hartu ahal izan dabe, 3 eta 8 musikari arteko ganbera-musikako obra original bategaz. Obra horrek 8 eta 12 minutu arteko iraupena izan behar eban. Ez da onartu beste egile batzuen obren egokitzapenik, ezta besteren obren zatiak erabili dituenik be.

Jagoba Astiazaran (Zestoa, Gipuzkoa, 1986)

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiaren Konposizino eta Herri Musikako Instrumentuen espezialidadeko Titulu Gorena dauka, baita bertako Sorkuntza Garaikideko Masterra be. Haren karrera amaierako lanari Donostiako Orfeoia/Euskal Herriko Unibersidadea Saria emon eutsen 2012an.

Jagoba Astiazaranen musikea ospe eta izen handiko zuzendariek gidatu dabe, besteak beste, Arturo Tamayok, Carlo Boccadorok eta Nacho de Pazek. Euskadiko Orkestreak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) edo Ensemble Intercontemporaine, Ensemble Recherche, Ensemble Sillages, Sentieri Selvaggi eta Diotima Laukotea lako taldeek interpretau dabe.

Sari ugari eta askotarikoak jaso ditu, tartean, Donostiako Bigarren Mendeurreneko Obra lehiaketako Lehen Saria edo 2015eko Milango Erakusketa Unibersalaren Italiako pabiloiak atondutako Feeding Music Nazinoarteko Konposizino Lehiaketako finalista izatea.

2008tik Donostiako Udal Txistulari Bandako kidea da eta Udal Musika eta Dantza Eskolako irakasle lanetan dabil. Horrezaz gan, irakasle be ibili da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian eta Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu