Miguel Zeberio: 'Urmuga herrigintzan oinarritzen da'
2023-07-10 07:55 BarriketanUrmugako zuzendari artistikoa.
IV. Urmuga, euskeraz, doinuak eta mendiak deskubriduteko jaialdia da, Angulon ekin eta Hiru Erregeen Mahaiako tontorrean, garagarrilaren 30an, amaituko dan zeharkaldia. Garobelen, musikaz inguratuta ekingo deutse mendi ibilaldi musikatuari eta ekialdetik mendebaldera, herrietan eta mendi tontorretan kontzertuak eta bestelako ikuskizunakaz gozauko dabe parte-hartzaileek, naturea eta gizakia musikearen bidez hartu-emonetan jarteko.
Urmuga ekimenaren hemeretzi egunetan zehar Euskal Herri osoko eta atzerriko musikagintzan erreferente diran izen asko; estilo, belaunaldi eta kantaera ugari, danak Et Incarnatus Orkestrearen ingurumarian ibiliko dira.
Kontzertu guztietan jagongo ditue aukeratutako naturaguneakazko orekea, errespetua eta jasangarritasun erispideak. Uri eta populazino gune nagusietatik urten eta mendia eta musikea buztartuz, kultur proposamen aberatsa Euskal Herriko landa eremuetara eroatea. 2023an, barriro be, kulturaz gozetako beste era bateko ereduak posible dirala baieztatu nahi dabe. Garagarrilaren 12tik 30era arte izango da Urmuga ibilbide musikatua.
1.- IV. Urmugak garagarrilaren 12an emongo deutso hasierea, 19 mendiko etapa eta 20 musika emonaldiaz. Zelan zabizie azken egun honeetan?
Pentsaizu azken aste hau eromena izan da, baina ilusino handiz eta gogotsu gabiz Urmugari hasierea emoteko. 19 mendiko ibilbide eta 20 musika emonaldi atondu ditugu, beraz, egun asko izango dira mendian. Persona asko, batean eta bestean.
Lehio edegi izango da hurreratuten diran guztientzat, izan be, guztiok disfrutauko dogu modu batera edo bestera.
2.- Zelan doaz sarreren salmentak?
Urmugak badau gauza on bat, izan be, mendian ez dago muga handirik, beraz, persona kopuruari jagokonez, ez dago aforo mugarik. Gainera, gurea ez da jaialdi erraldoi, konpetitibo edo komertziala (errespetu gustiz esaten dot hau). Urmuga, herrigintzan oinarritzen da, zubilanak egiten dituana hain zuzen.
Beraz, etortea gura dauenak ez dau arazorik eukiko sarrerakaz. Aldez aurretik erosita edo bertara gerturatzen diranak, arazorik barik ikusi ahalko ditue ekitaldi guztiak.
3.- Beraz, musikea eta mendia buztartuz herria egitea da ardatza?
Hori da. Herria egitea gure lurraldea ezagutu, disfrutau, bertako eta kanpoko eragile kultural eta herritarrak azaleratu, ohiartzuna emonez. Horrek guztiak buztartzea da helburuetako bat. Ez gara mugatzen kantari edo musikari profesionaletara, herrietako eragiletara, abesbatzak, bandak eta txistulariak adibidez, euren lekua izatea gura dogu. Ez bakarrik euren eremu geografikoan, beste batzuetara eroanez be, esaterako, Otxandio eta Araiako Musika Banda, gaiteroak eta txistulariak, Izaban izango dira azkenengo egunean (garagarrilaren 30ean, hain zuen).
Beraz, guretzat oso garrantzitsua da herrigintza hori sustatzea. Batzuek, oso era ponpoxean planteetan dabe, esaterako, orain amaitu barri dogun Euskal Herriko Tour erraldoi hori lakoa. Gurea, xumeagoa da, baina akaso oinarrizkoagoa eta loturak sustaten dituana.
4.- Aurten be eskaintza zabala planteetan dozue ezta?
Bai. Garagarrilaren 12an Angulo Portuan hasierea emongo deutso Urmugak, musika kontzertu bategaz. Ondoren, Gorobel Mendilerroan kontzertua be eskainiko da eta holan, egunez egun eta tangadaka eusten da Urmuga. Musikea, poesia, artea, pelikulak... Gure sormen hori batera eta bestera eroanez.
5.- Eltzegor talde mitikoari omenaldia egingo jako. Zeelan planteau dozue emonaldia?
Bai. Eltzegor taldeak 1989. urtean kaleratu eban Sasitik Sasira disko garrantzitsua berregin dogu, formatua jantziz. Baigorriko Etxauzia Jauregian izango da ekitaldi, bertan 120 lagunek hartuko dabe parte, kantetan eta musikan. Ikusteko oso ederra izango da.
34 urte pasau dira diskoa kaleratu ebenetik, baina bertan azaltzen diran gaiak, euskerea, migrazinoa, gure ahultasunak eta birtudeak herri bezela gaur egun oso presente jarraiten dabe, ahultasunak behintzat, tamalez. Beraz, musika horrek, gaurkotasuna dauela jaubetu gara. Hortaz, orkestra handi batez eta lau bakarlariagaz aurkeztuko dogu.
Horrezaz gan, Eltzegor taldeko partaideren bat bertan egotea espero dogu. Oso ederra izango da eta tokiak be, protagonismo handia izango dau, izan be, aparta da, upealakoa.
6.- Aurtongo berezitazunen artean, Urmuga Gaztea sortu dala esango zeunke?
Bai, azkenengo urteetan antzemon dou, herrigintza horretan, kultureari, euskereari eta mendizaletasun lasaiari indarra emoteko ezinbestekoa dala leihoa edegitea gazteei. Gazteak bai dira gure geroa. Pentsau, gure gidariak, Felipe Uriartek, 80 urte inguru dituala. Beraz, Urmuga Gaztea sortu dogu, horreek gure ekimenera etorri daitezan, horretan gabiz. Oso esperientzia polita da eta gazte eta gaztetxoen ekarpena, bikaina izango da.
7.- Eguraldia inportantea da Urmuga mendirik mendi dabilelako. Badago bigarren planik?
Eguraldia sano garrantzitsua da aire zabalean gabizelako baina beti be, jarduera danatan, badogu bigarren plana: Frontoi, eleiza, baseleiza... Estaldutako leku ugari dagoz inguruan. Beraz, ez dogu bertan behera ixteko asmorik.
8.- Zer esango zeunskie oraindik Urmuga ezagutzen ez daben personei?
Animau daitezela. Urmuga babestea. Parte hartu eta disfrutau daiela ilusinoz, mendi ibilbibideetan gure gidariagaz edo norberaren kabuz, erreparurik ez izatea alde batera eta bestea mobiduteko. Bailara batzuetakoak, beste bailarak ezagutzera joatea, Nafarroa adibidez, izan be, behar handiagoa dago bertan eta hori asko eskertzen da. Baina hemen be bai, lapurtarrak edo nafarrak, Otxandion ikustea. Gure herriak, kultureak eta izakereak aurrera egiteko, gauza horreetaz disfrutau behar doguz. Deialdia herritar guztiei dago zuzendua.
9.- Urmugara animetan diranentzat mezu berezirik?
Gozetea, ez izatea ezelako erreparorik edonon agertzeko, ez baita arazorik egongo sarrerakaz. Ekitaldi guztiak zoragarriak eta anitzak izango dira eta parte-hartzaileen artean, ilusinoa izango da nagusi.
Gustauko litxakit Urmuga ez zala posible izango bailara bakotxean batu dan lantaldeen laguntzino barik, izan be, ezinbestekoak dira eta bihotzez eskertzen deutsegu. Oraindino be, bateren batek nahiko baleu lagundu, garaiz dabil.
OHARRA: www.urmuga.eus atarian informazino guztia dago: Mendi ibilbideak, kontzertuak eta sarrerak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!