Susana Talayero, Nadia Barkate eta ANTI liburu-dendea Gure Artea 2023 sarien irabazleak
2023-07-05 12:48 KultureaSarituek 20.000 euro jasoko ditue udagoienean Donostian egingo dan ekitaldian.
Gaur goizean Guggenheim Bilbao Museoan egindako prentsaurrekoan, Kultura sailburuorde Andoni Iturbek be parte hartu dau, sarituak eta epaimahaia be bertan izan dira. Aurtengo Gure Artea Sarien epaimahaia Aimar Arriola komisarioak, Nora Aurrekoetxea artisteak, Rakel Esparza kultur programatzaileak eta Miren Vadillo arte-historialariak osotu dabe. Epaimahaiburuak, Iñaki Imaz margolari eta irakasleak, sarituak aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu.
Sarituek 20.000 euro jasoko ditue. Sariak emoteko ekitaldia udagoienean egingo da Donostian, San Telmo Museoan.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren esanetan, sari horreen bidez, saritutako artisten lana autortu nahi da, bestetik, artista horreek gizarteari egiten deutsen ekarpena azpimarratu nahi da eta, azkenik, euskal artea munduan zabaltzea da asmoa, honen ezagutza handiagoa lortuz. Sailburuaren eretxiz, sari honeekaz helburu horreek lortzen dira; gainera, sariak onartu barri dan Kultura 2028 Plan Estrategikoan jasota dagoz.
- Ibilbide artistikoa aitortzen dauen saria: Susana Talayero
Aurtengo Gure Artea sarien epaimahaiak erabagi dau Susana Talayero artista bilbotarrari emotea bere ibilbide artistikoa autortzen dauen saria. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, Talayeroren 30 urte baino gehiagoko ibilbidea dedikazino eta iraunkortasunaren sinonimoa da, ikerketa plastikoko lan bat, estudioan egunerokoa egitearen inguruan atondutakoa. Erroman egin eban lehen etapatik bere obra barrienera arte, topautako euskarri eta materialakaz egindako lana da, ez aurrez pentsautako edo programautako gai legez, inguruan dauen horretara edegia egotearen ondorio lez baino.
Epaimahaiaren ustez, Susanaren sorkuntza-lanak banakako lana gainditzen dau eta garrantzitsua da euskal artearen testuinguruari harek egindako ekarpenak autortzea, lankidetzako egoeren eta esperientzia kolektiboen bidez. Esangura horretan, besteak beste, 2008 eta 2023 urteen artean landutako hezkuntza-esperientziak (ARTIUM, Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Bilbao Museoa lako museoetako hezkuntza-sailakaz lankidetzan) nabarmendu ditue, helduei eta edade txikikoei zuzendutako arte-tailerren bidez, biak gizarte-bazterkeria sufriduteko arriskuan baitagoz.
Susana Talayeroren lanak dagoz Bilboko Arte Ederren Museoan, ARTIUM Museoan, San Telmo Museoan, Calosa Mexico Fundazinoan, BilbaoArte Fundazinoan (lan saritua 2020), Mallorcako Santanyí Kultur Etxean (Arts Visuals 2019 izeneko lehen saria), besteak beste. Susana Talayero Bilboko Carreras Múgica galeriak ordezkatzen dau eta gaur egun 2023ko abenduan han egingo dan bakarkako erakusketea atontzen dabil.
- Sorkuntza-lana aitortzeko saria: Nadia Barkate
Nadia Barkate bilbotarrak aurten sorkuntza-lana autortzen dauen Gure Artea saria jasoko dauela erabagi dau epaimahaiak: Nadia Barkate azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarria da. Orain hamarkada bat ekin eutson bere ibilbideari eta bere zeregin artistikoa marrazkian oinarritzen da batez be. Esan daiteke, gaur egun, nahiz eta batzuetan beirari putz egindako obrakaz osotu, bere lan guztia marrazki bakarra dala, gehienetan zuri-baltzean, nahiz eta kolorearen munduan sartu-urten zehatz batzuk egin. Irudi handi bat edo fikzino handi bat bezelakoa da, egiten dituan erakusketatan erakusten dituen zatien baturearen bidez eta eten barik hazten jarraitzen dauena, mundu propio bati gorputza eta irudia emonez. Izaki arrotzez betetako mundu bat da, ondo jagondakoa, interpreatu bakoa, irudi, espazio, landaredi eta bestelakoen tratamendu inpersonal eta arketipikoan zeozelako imajinario kolektibo bat proiektetako aukerea emoten dauena.
Epaimahaiak, haren lanen artean, ondokoa nabarmendu dau: Rekalde Aretoko Gure Artea eta Carreras Múgica galerian egindako erakusketa kolektiboetan parte hartu dauela Kiko Perez izenburuari eutsiz (Carreras Múgican Kiko Perez, Elena Aitzkoa, Lorea Alfaro, Nadia Barkate, Javi Soto, June Crespo); 2008an hasi zan bere jarduerea ezaguna egiten. Beka batzuen ondoren, artistearen lana Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ikusten hasi ziran. Holan, Pekinera joatea erabagi eban eta, ondoren, Berlinera joan zan biziten. Gaur egun bertan jarraitzen dau lanean eta erakusketak egiten. Horrezaz gan, Berlinen egindako lanaren ondorioz, marrazkiak eta poema-liburuak argitaratu dituala nabarmendu dau epaimahaiak.
- Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko saria: ANTI liburu-dendea
ANTI liburu-dendeak arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana autortzeko Gure Artea saria jasoko dau. Javier Nevado da proiektu honen burua.
Orain 20 urte Bilboko San Frantzisko auzoan liburu-dendeak ateak edegi zituanetik, letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusmen-artearen arteko oinarrizko topaleku bihurtu da. Funts bibliografiko zainduaren eta dobako jarduera publikoen programa aberatsaren bidez, ANTIk Bilboko ehun artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten deutson ekarpena parebakoa da. Epaimahaiaren arabera, ekarpena egunerokoan neurtzen da, ezagutzera emoten dauen artisten liburu barri bakotxean, hartzen dauen erakusketa bakotxean, bertan hamarkada bitan gozau ahal izan dan tailer, aurkezpen edo performance bakotxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!