Gauez antzeztutako bisitak atondu ditue
2023-07-03 13:23 KultureaBigarren edizinoa, garagarrilaren 8an izango da, arratsaldeko 21:00etan
Garagarrilaren 8an Bilboko kanposantua modu berezian edegiko da, gauez, kandelen argitan antzeztutako bisita gidatuan. Bertan, laurogei personak uriaren hileta-historiara hurreratzeko aukerea izango dabe, Bilbao Zerbitzuak-ek atondutako ekimen horren bigarren edizinoan. Bisitea 21:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango dau.
Hileta-kulturea gizartera modu berezian eta pedagogikoan erakustea da asmoa. Parte-hartzaileek Bilboko Udal Hilerria zehartuko dabe, misterioz betetako giroan sartuz. Antzezpenak, Bizkaiko Elkarte Arstistikoko aktoreek egingo dabe.
Hortaz, personaje ezagunen historia kontauko da; Man ugartean hilezkor bihurtu zan Santiago Herrero Ruiz motoziklismo espainiarraren legendea; Gabriel Aresti Segurola idazle eta poeta bilbotarra; Simón Cabido Gil aktore eta umoristea, Doña Croqueta personajeren interpretazinoagaz ezaguna; Casilda Iturrizar, Bilboko kale bi hareen izenak dituan persona bakarra; Rafael Moreno Aranzadi (Pichichi) Athleticeko futbolaria; Recaredo Uhagón Vedia Bide, Kanal eta Portu injinerua, besteak beste.
Gainera, 1902ko apirilaren 27an inaugurau zanetik gaur egun arte Bilboren historia astindu dauen jazoera mingarrienetako bat kontauko da, 1912an pasautako Zabalguneko Zirkuko umeen tragedia hain zuzen be. Narrazino hori, musikaz lagundua izango da, ohiko bisita gidatuen eta performance artistikoaren arteko esperientzia hibridoa sortuz.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!