Frantziako Tourra gaur hasiko da

Bizkaie! 2023-06-29 10:49   Kirola

22 taldeen aurkezpena arratsaldeko 18:30ean izango da.

Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala gaur izango da, EITBk 200 herrialde ingurutara zuzenean emongo dauen ekitaldia. Herritar guztiei zuzendutakoa, gaur, hilaren 29, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara aurkeztuko da.

17:00etatik aurrera dozenaka emonaldi izando dira Bilboko uriburuan, besteak beste, Frantziako Tourrean parte hartu daben Euskal Herriko txirrindulariak omenduko ditue: Joane Somarriba, Agurtzane Elorriaga, Miguel Mari Lasa, David Etxebarria, Abraham Olano, Marino Lejarreta, Iban Mayo, Roberto Laiseka, Julian Gorospe, Juan Manuel Garate, Fede Etxabe, Javier Murgialdai, Jose Nazabal, Igor Gonzalez Galdeano, Haimar Zubeldia, Amets Txurruka, Igor Anton, Iker Camaño, Unai Osa, Beñat Intxausti, Jon Unzaga eta Iñaki Gaston.

Profesionalek, Euskalduna Jauregitik Guggenheimerako bidea egingo dabe. Eszenatokia, barriz, museoaren atarian egongo da, doban. Hori bai, atontzaileek personen sarrera-urteerak kontrolauko ditue, baimentutako edukiera kontrolpean izateko. 16:00etatik aurrera sartzeko aukerea egongo da. Gainera, hiru pantaila handi be jarriko dira ibilbide osoan zehar.

Aurkezpena amaitzean, giro ona eta musikea izango dira nagusi, besteak beste, Hortzmuga, Demode Quartet, ETS & Süne, Oreka TX, Kukai eta Neomak taldeen ikuskizunakaz. 

Bestalde, gaur goizean, Tourreko Fan Parka inaugurauko da Arenalean. Gune edegia da, dobakoa eta, oro har, txirrindularitza-giroan eta, batez be, Tourrean sartzeko esperientziaz gozau ahal izango da eta babesleen standak, animazinoa, erregaluak, tirolina erraldoia, bizikleten erakusketea edo errubera bien gainean ibilten ikasteko pistak egongo dira. Pantaila erraldoian bai taldeen aurkezpena bai Tourraren lehen etapea be jarraitu ahal izango dira zuzenean. 12:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu