Frantziako Tourra bagilaren 29an hasiko da
2023-06-20 08:24 Kirola22 taldeen aurkezpena Euskalduna Jauregitik Guggenheim Museora bitartean egingo da.
Bizkaia Aretoa Grand Départ Pays Basque 2023aren erdigune bihurtu da, izan be, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeroaileak, gaurtik garagarrilaren 1, 2 eta 3an nazinoarteko tropeleko txirrindulari onenak Euskadiko errepideetan lehen pedalkadak emoten hasi arte egingo diran era askotako jardueren barri emon dau.
Donostiak, Vitoria-Gasteizek eta Amorebieta-Etxanok be jarduera-programa potoloa aurkeztu dabe, besteak beste, martxa zikloturistak eta garapen jasangarriko kongresuak, mailloten eta bizikleten erakusketak eta kirolaren diplomaziari buruzko udako ikastaroak. Atontzaileek nabarmendu dabe jardunaldi horreetako joan-etorriak sasoiz planifiketea eta Grand Départ Pays Basqueko Gida Praktikoaren azken bersinoa erabilteko.
Bingen Zupiriagaz batera, Ainara Basurko (BFA), Cristina Múgica (BFA), Amaia Arregi (Bilboko Udala), Nora Abete (Bilboko Udala) eta Xabier Ochandiano (Bilboko Udala) egon dira.
Kontuak kontu, Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala izango da mugarri nagusietako bat, EITBk 200 herrialde ingurutara zuzenean emongo dauen ekitaldia. Herritar guztiei zuzendutako ekitaldia bagilaren 29an egingo da, Abandoibarrako pasealekuan, Euskalduna Jauregiaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko zatian. Aurkezpen ofiziala 18:30etik 20:00etara izango da, baina 17:00etatik aurrera hainbat jardueraz gozetako aukerea izango da.
Ekitaldia nazinoartean zabaltzeak Frantziako Tourrean gitxienez behin parte hartu daben euskal txirrindulari guztiak omentzeko balioko dau: Pogačar, Vingegaard, Landa, Bilbao, Izagirre eta ganerakoak pedalei eragiten hasi baino lehen, euskal txirrindulari horreek bertaratuko diran zaleen txalo eta esker ona jasoko dabe. Gainera, txirrindulari esanguratsuenetako batzuk talde parte-hartzaileek Euskalduna Jauregitik urten eta Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunean jarriko dan eszenatokira arte egingo dan bizikleta desfilearen buru izango dira.
Arratsalde osoan zehar giro ona eta musika izango dira nagusi, besteak beste, Hortzmuga, Demode Quartet, ETS & Süne, Oreka TX, Kukai eta Neomak taldeen ikuskizunakaz.
Ibilbidean zehar hiru pantaila erraldoi be jarriko ditue, zaleek taldeen aurkezpenaz zuzenean gozetako aukerea izan deien.
Azpiegitura guzti honek zenbait aldaketa eragingo ditu inguruko mobikortasunean: Abandoibarra etorbidean (Jesusen Bihotzetik Uribitarteko biribilguneraino) 9:00etatik 23:00etara trafikorako mozketak egingo dira. Aurreko egunean, bagilaren 28an, murrizketak egongo dira Abandoibarra etorbideko erreietako batean (18:00etatik 20:30era, gitxi gorabehera).
Fan Parka
Aurkezpenaren egunean bertan, goizean, Tourreko Fan Parka inaugurauko da, Arenaleko parkearen inguruan, Bilbon. Gune edegia da, dobakoa eta, oro har, txirrindularitza-giroan eta, batez be, Tourrean sartzeko esperientziaz gozau ahal izango da eta babesleen standak, animazinoa, erregaluak, tirolina erraldoia, bizikleten erakusketea edo errubera bien gainean ibilten ikasteko pistak egongo dira. Gainera, pantaila erraldoian bai taldeen aurkezpena bai Tourraren lehen etapea jarraitu ahal izango dira zuzenean. Publikoak herri kirolen edo euskal jantzen erakustaldiez be gozau ahal izango dau. Era berean, bisitariek hainbat food truck eta alkoholik bako gunea izango da. Fan Park-a garagarrilaren 29an (12:00etatik 21:00etara), 30ean (10:00etatik 21:00etara) eta 1ean (10:00etatik 18:00etara) egongo da zabalik.
Bizitour
Tourra heldu aurreko astea Bilboko Bizitouragaz hasiko da, Euskadi Txirrindularitza Fundazinoak atonduta, bizikleta familian eta lagunakaz biziteko jardunaldi ludikoa.
Grand Départ Pays Basqueko ekitaldien egitarauaren barruan, txirrindularitza lehiakorraren munduko adituek eta zientzialariek munduko txirrindularitza lasterketa handienaren atarian egiten dan ‘Science & Cycling’ barriketaldien azken ikerketak eta esperientziak trukatuko ditue. Aurten, Frantziako Lasterketea Euskadin hasten danez, jardunaldiak Bilbon egingo dira, Bizkaia Aretoan, bagilaren 28an eta 29an, Kirol Eskoleak eta EHUk sustatuta. Berbaldiaken artean, besteak beste, Iñigo San Millan (Team UAE Emirates), Iñigo Mujika (EHU), Dan Lorange (Bora-Hans Grohe Pro Team), Chris Abbiss (Edith Cowan University), David Barranco (European University Madrid), Menachem Brodie (Human Vortex Training), Louise Burk (Australian Catholic University) eta Robert Lambertsek (Stellenbosch University) emongo ditu. Iñigo Mujikak eta Menachen Brodiek masterclas bana eskainiko dabe kongresuaren bezperan.
Kartelen erakusketea
Bilboko Arte Eder Museoak 2023ko Tourraren irudia aukeratzeko lehiaketearen kartel finalisten erakusketea hartuko du. Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak parte hartu dabe 2023ko Frantziako Tourraren kartela diseinetako aukerea emon dauen ekimen honetan. Raisa Álava ilustratzaile arabarrak diseinau eban lasterketearen irudia. Kartel ofiziala Bilboko Arte Eder Museoan egongo da ikusgai, baita beste finalistenak be. Erakusketa bagilaren 29an inaugurauko da eta Frantziako Tourrak euskal errepideak zeharkatzen dituan egunetan zehar bisitau ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!