San Nikolas Ikastoleak atonduko dau 2024ko Ibilaldia Getxon

Bizkaie! 2023-06-29 08:06   Euskerea berbagai

Maiatazaren 26an izango da.

Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an atondu eben lehenengoz Uribe Kostan eta 1980tik urtero egin izan da. Aurtengoa 46. edizinoa izango da, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi deutse: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera emotea eta erronka barriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.

Edizio bakotxean ikastola batek atontzen dauen jaia da Ibilaldia eta 2024koa Algortako San Nikolas Ikastoleari egokitu jako. Aurretik 1978, 1984 eta 2002an be egin ziran udalerrian.

Txonbo



Hona hemen Unai Elorriaga (2023) ikastolako guraso eta euskal idazle ezagunak egindako ikerketearen emoitzea: Txonbo uretan sartu, batez be buruz behera adierazoten dau. Uribe Kostako hainbat herritan eta Txorierri mendebaldean erabilten da, Algortatik eta Urdulizera edo Leioa eta Derio bitartean. Fruizen bost uger eta Meñakan must uger esaten da. Beraz, azken horreek bezela, onomatopeian izango dau jatorria seguruenik. Hona Koldo Zuazok eta Urtzi Goiti linguista ezagunek jasotako adibidea:
Txónbok in gus? -Bále, baye gwásen árau. Ámen estau naiko sakon burus bótateko. 

San Nikolas Ikastoleak 60 urte

1963an, Bilboko lehenengo Ikastola klandestinoaren idea harturik, bederatzi familiak ekimen hau ausardiaz bere egin eta San Nikolas Irakaskuntza Zentroa eratu eben ikastola izena bera izkutatu beharragaitik, ikasgela zein andereño bakarragaz (Begoña Abaitua) eta hamabi ikasle zitualarik.

Hurrengo urteetan ikasle kopuruak gora egin eta 1968.urterako San Nikolas Ikastola berrehun ikasle eta zortzi ikasgela egozan. Bide honetan ezinbesteko izan ditugu proiektuan inplikautako guraso eta irakasleak, batez be, urte horreetan bizi zan egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta. Ikasleek euskeraz ikasi arren, gaztelaniaz egin behar izaten zituen azterketak Udal Eskolan.

1.970-1.971 ikasturtean, 338 ikasle zituala, San Nikolas Irakaskuntz Zentro Kooperatiba eratu eta ofizialki erregistrau eben. Kooperatiba honek finkatu eban lehenengo helburua momentu horretan Ikastoleak zituan kokapen fisiko ezberdinen arazoa konpontzen saiatzea izan zan.

1973.ean, Ikastolea sortu eta 10 urte geroago, 500 ikasle zituan Ikastoleak eta hasieran amestutako erakundea etorkizuneko errealidade bihurtu zan.

2023 urtean 1100 ikasletik gora, 700 familia aktibo eta 140 langile inguruk osotzen dabe San Nikolas Ikastola kooperatiba alkartea. Udalerrian kooperatiba lez eratutako ikastola bakarra da gaur egun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu