Iurretako Kofradien historia bizia zabaltzeko liburua argitaratuko dabe
2023-06-28 12:39 KultureaDibulgazino lana da helburua, kofradiak herritarren artean zabaltzea.
1973an Iurretako kofradiek aro berri bati ekin eutsen. Urte horretan kofradia basoen kudeaketea berreskuratu eben Durangoko Udalagaz basoen jaubetzearen inguruan izandako gatazkearen ostean.
Gatazka horren gainekoak, desanexinoaren aldeko burrukak, basoen ustiapenagaz herrian eginiko proiektuak, kofradien izenean Iurretan egindako dinamikak eta emakumeen partaidetzarako pausoa izango dira Iurretako Kofradiak zer diran eta zer izan diran ezagutzera emoteko argitaratuko dan liburuaren gaietako batzuk.
Iurretako kofradien batzordeak eta Gerediaga Elkarteak ekin deutse kofradien historiaren ikerketa eta datuak batzeko proiektuari. Helburua da kofradiak herritarrei ezagutarazotea, herria kofradien parte dan neurrian, kofradiak herriaren parte dirala erakustea.
Iurretako kofradien eta Gerediaga Elkartearen lankidetzeak kofradien ibilbide historikoa jasoko dauen argitalpena dauka helburutzat. Horretarako, dokumentazino historikoa batu eta ikertuko da eta azken 50 urteetako lekukoen testigantzak be jasoko dira. Batutako guztia argitalpenerako atontzeko ardurea Iurretako Markel Onandia Txabarrik (testuak eta bideo grabazinoak), Jon Irazabak Agirrek (dokumentazinoa eta artxibo historikoa) eta Eñaut Aiartzaguena Bravok (diseinua eta maketazinoa) izango dabe.
Liburua irailerako egongo da prest eta liburuagaz batera, Iurretako kofradiek webgune propioa be sareratuko dabe eta bertan, argitalpenerako erabiliko dan dokumentazioa eta lekukoen grabazinoak txertatuko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!