Agus Barandiaran: 'Oilarrak oiloari da disko barriaren aurrerapena'

Koldo Isusi Zuazo 2023-07-03 07:55   Barriketan

Korrontzi taldeak 20 urte beteko ditu 2024. urtean eta Agus Barandiaran taldearen sortzailea eta ganerakoak aspaldi hasi ziran ospakizunerako jarduerak atontzen. Disko barria be badator, udagoienean aurkeztuko dabe  Korrontzi 20 urte - 20 abesti - 20 kolaboratzaile, taldearen 12. diskoa. Lan barriko lehenengo kantua be Oilarrak oiloari aspaldi entzun genduan, Bihotx txalapartari bikote gazteak egindakoa.

35 kontzertu inguruko biran buru-belarri dabiz eta Kroazian, Seul eta Belgikan emongo dituenak deigarrienak badira be, herririk herri dabiz bazterrak astintzen eta garagarrilaren 5ean, Lazkaon joko dabe. 

Azalpenak Agus Barandiaranek emongo deuskuz:

1.- Hogei urte beteko dozuez 2024an. Data esanguratsu hori ospateko, udagoienean aurkeztuko dozue lan barria, Korrontzi 20 urte - 20 abesti - 20 kolaboratzaile disko-liburua. Produkzino lanetan bete-betean, zer aurreratu zeinke?

Bai, idea argi dago, erronkea handia da, hogei urteko ibilbidea batzea ez da bromea baina ezustekorik ezean, udagoinenan argitaratzea da asmoa eta produkzino lanetan be bagabiz. 20 urtean egindako kantuak eta 5 barri be txertatuko doguz eta kolaboratzaileak be ez doguz ahaztuko, dana buztartzea lan polita izango da. 

2.- Diskoaren lehenengo kantuan Bihotx txalapartari bikote gaztea dira egileak eta Oilarrak oiloari kantu berezia aurkeztu deuskue. Aurkezpen kontuetan goizegi zabizie? 

Ez. Eginda egoan kantua eta uda bueltan kaleratzea idea ona begitandu jakun. Hernaniko txalapartari bikotea da Bihotx, Gema eta Lara talapartariak dira baina abestu be egiten dabe eta hauxe da gure lehenengo kolaborazinoa. 

Ganerakoan, 20 urte egitea herririk herri sano inportantea da guretzako. Taldearen oinarrian batzuk betikoak gara eta hortik gora Oinkariko jantzariak bidelagun doguz azken urteotan, bai hemen zein munduan, Xabier Zabala zuzendari handia be geugaz ibilten da, sinfonikeagaz edo herriko bandakaz kantuak moldatzen, Xabier Berazaluse Leturia be lagun handia da, nik trikitixearen hauspoa edegiten dot eta barruan hainbat lagun dagoz, aitatutakok eta kolaboratzaileak eta konbidaduak be bai. Horreen ekarpena sekulakoa izan da.

3.- Nazinoartean autortzea egin deutsue Korrontzik eta Xabier Amurizak alkarlanean egindako Koplariak diskoari. Agus Barandiaranen trikitixea eta Amurizaren koplak oinarri, 2020an plazaratu zenduen lana (CD-liburua) eta urte bi geroago, World Music Charts Europe erakundearen onespena izan dau...

Pozarren gagoz. Munduko hogei diskorik onenen apirileko zerrendan agiri da Koplariak hamaikagarren postuan. Kontinente guztietan argitaratutako diskoak hartu ditu kontuan World Music Charts Europek zerrendea egiteko, beraz, meritu handiko lorpena da.

Koplariak diskoaren harian, Xabier Amuriza bidelagun izan dogu, euskal kulturan erreferente handienetakoa da, ohorea izan zan zuzenean beragaz ibiltea eta disko-liburua argitaratzea, Xabier Amurizak 10 bat kopla erabili zituan, batzuk barriak eta beste batzuk zaharrak eta geu musikaz arduratu ginan. Erantzuna bikaina izan zan Durango Azokearen bueltan eta oso pozik gagoz. 

4.- Aita Mariren alde, Korrontzi Benefic, ongintzazko proiektuan Korrontzik ekarpena egin dau. Zelan otu jatzuen idea haru?

Aita Mari salbamendu-ontziaren alde sortutako proiektuaren harian, 6.262,15 euroko dohaintza bat egin deutsagu SMH gobernuz kanpoko alkarteari, hain zuzen be erreskate ontzia kudeatzen dauen erakundeari. Tartean konbidaduak be izan genduzan eta proiektu solidario horretara batu ziran, besteak beste, Luarna Lubre ets Luis Peixoto.

2016. urtean edo konbita egin euskuen Gobernuz Kanpoko Erakunde bik holako kontuetan sartzeko eta idea gustau egin jakun.

Aurten be asmoa dogu kontzertu batzuetarako sarrerak kobrau eta batutako dirua irabazi asmorik bako Zaporeak erakundeari emotea batutako dirua, alkartasun proiektu gastronomikoak jorratzen dituan erakundeari.

Segurutik abenduaren 26an, Bilboko Campos Antzokian egingo dogu kontzertua eta hor batutakoa hartuko dau Zaporeak erakundeak.

 5.- Aurten 35 kontzertu inguru emongo dozuez eta horreen artean Kroazian be ibili zarie. Publikoak ze harrera egin eutsuen?

Ederra. Oso ondo pasau genduan. Lau bider egon gara bertan eta oso ondo hartzen gaitue. Musika tradizionala eta folka entzueko jaialdi berezia egiten da han eta publikoaren erantzuna oso ona izaten da. Kanpoan joten dozunean, trikitixearen doinu azkarra entzun eta saltoka hasten dira, jantzan eta txaloka. Euskal kulturea interesetan jake, jakinguran hurreratzen jakuz eta galdera piloa egiten deuskuez, geure hizkuntza eta kultura musikalaren inguruan. Oso aberasgarria da hori bai eurentzat baita geuretzat be.

6.- Hego Korean, Seulen be emongo dozue kontzertua. Oso oker ez bagagoz lehenengoz egongo zarie bertan...

Munduko musiken jaialdian joteko konbita egin deuskue eta hara goaz, ezustekorik ezean, irailaren hasieran egongo gara han.

Edozelan be, kanpoan beti gabiz gustora. Seul, Malasia, Kanada, AEB, Brasil, Azore Ugarteak eta hor zehar ibilita gagoz eta esperientzia onak bizi izan doguz. 

8.- Belgikan 5 kontzertu egingo dozuez urrian. Ze lotura dozue Belgikagaz?

Proiektu bat eskaini geuntsen hango erakundeei Belgikako jantza eta tradizinoak landu eta zabaltzeko; ohitura handia dago hango plazetan jantzan egiteko eta orduan pentsau genduan geure jantzak eta hangoak buztartzea sano interesgarria izango litzatekela. Bat etorri ginan eta proiektua martxan dago. Orain trukea falta da eta horrexetara joango gara Belgikara, guk geurea eta eurak eurena erakusteko momentua dalako. Ondoren, bakotxak erakutsiko dau oholtzan zer ikasi dauen. 

9.- Biba zuek, Bizkaia Irratia, kontzertuak hemen eta munduan, norberaren bizimodua. Zein da botika magikoa horreetara danatara heltzeko?

[Barreka] Nik baneki... Baina holako botikarik ez dot ezagutzen. Aitatu dozuzan horreetan urteak daroadaz, danatan ikasten dot eta segituteko gogoa daukat.

10.- Korrontziren jarraitzaileentzat mezu berezirik?

2024an Korrontzi sortu eta ez geunkan ezelako asmorik, 20 urteko ibilbidea be ezustekoa izan da; gaur egun, barriz, saltsa eta proiektu askotan gabiz eta datorren urtean 20 urte beteko doguz eta, esangura jorretan, kaleratuko dogun lan barria zaleei eskainiko deutsegu.

Erretratuak: Guille Urkijo

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu