Salto! udaleku ibiltaria Dimarako bidean

Bizkaie! 2023-06-28 08:07   Euskerea berbagai

120 lagun inguru doaz.

​Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekua bagilaren 26tik garagarrilaren 4ra izango da aurten. Orozkon ekin eutsen eta aurten be udalerri euskaldunetako gazteak euskerearen inguruan sensibilizetea, kontzientzietea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuaren helburua.

Euskerearen inguruan herritarrak kontzientzietako eta sensibilizetako ekimenak dira UEMAren arlo nagusietako bat azken urteotan. Horren barruan, euskerearen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua martxan dau UEMAk eta ikastetxeetan be badabiz lanean teknikariak, Ume Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleakaz, irakasleakaz eta gurasoakaz. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskursoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskerearen normalizazino prozesuan daben garrantzia ikusarazoteaz gan.

Azken urteotan hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak atondu ditu UEMAk, Eusko Jaurlaritzearen babesari esker. Euskeraz bizi diran gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa emotea eta horregaz efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiagaz eta euskal kultureagaz lotutako egitarau erakargarriagaz, gazteak sensibilizete eta ahalduntze kolektiborako urratsa emonez.

2005 eta 2008 urteen artean jaiotako 120 gazte

Aurten, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteak dabiz udalekuan parte hartzen. Zezeilean zabaldu eban deialdia UEMAk eta 163 lagunek emon eben izena baina atontze lanakaitik kopurua 120 lagunetara mugatu eben eta, beraz, zozketea egin behar izan dabe horreen artean, lurraldetasuna, genero erizpidea eta izena emoteko ordena kontuan hartuta. Udalekuaren kudeaketea aisialdi euskaltzalean lanean dabilen Hezten alkarteak izan dau aurten eta bertako hezitzaileek izango dabe gazteen ardurea udalekuak iraungo dauen bederatzi egunetan.

Danak Orozkoko Zubiaur plazan batu ziran astelehen goizean eta behin taldeka eta talde bakotxak bere erreferentziazko hezitzailea dauela, bideari ekin eutsen.

Lau herri, bederatzi egun eta hamaika ekimen

Gorbeialdean izango da udalekua eta Arratia bailarako lau herri ezagutuko ditue gazteek: Orozko (bagilak 26-28), Areatza (bagilak 28-30), Otxandio (bagilak 30 – garagarrilak 2) eta Dima (garagarrilak 2-4) ezagutuko ditue gazteek, beti be euskaldun lez ahalduntzeko UEMAk eta Hezten alkarteak preparautako egitarau oparoaren barruan. Era berean, gazteen arteko sareak sortzen, genero-estereotipoei eta rolei aurre egiteko bardintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatzen eta ibilaldietako eta herrietako baliabideak aprobetxauta gazteen artean ingurumen eta ekologia-kontzientzia barruratzen be ahaleginduko dira Hezten alkarteko hezitzaileak.

Gazteek beharrezko guztia bermatuta izango dabenez, dirurik ez da beharko udalekuan zehar. Era berean, udalekua alkarbizitzaz gozetako eta taldearen barruan ondo pasetako momentu ezin hobea danez, eskuko telefonorik ez eroatea gomendatu jake parte-hartzaileei.

Telegram kanala eta Instagram kontua

Udalekuaren barri emoteko, igaz bezela, Salto! Telegram kanala eta Instagram kontua erabiliko ditu UEMAk, batez be gazteen etxekoek hare barri izan deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu