Neberondorantz bizikletaz

Amaia Larruzea 2023-06-27 12:15   Ibilian-ibilian

Iurretak eskaintzen dituen erakusleiho ikusgarrietan barrena.

Herri txikiek xarma berezia dabela jakina dogu jada, baina herri txiki horreek sekulako lurrazala eta ingurunea dabenen, are eta bereziagoak bilakatzen dira. Horren adibide da Iurreta herria (Bizkaia), edota bertakoek dinoen moduan, Ixorreta. A zelako lurrazal ikaragarria aduen! Askok uste dabe, Iurretako inguru asko Durangoren parte dirala, eta pandemian honek hainbat eztabaida be sortu eban. Durangoren inguruak Iurretagaz hurbileko muga dirala, eta askotan, herri bera dala dirudi, ez horixe, ostera, Iurreta bizi handikoa da eta non ibilia be badau.

Oraingoan, Orozketa auzorantz joko dogu eta bizikletaz, gainera. Hala be, proposamen hau oinezkoentzat, lasterkarientzat edota edonorentzat da, baina bizikletaz egiteko ederra dala esango neuke. Non hasi, norberak erabagi daiala, Durangotik edo Abadiñotik bidegorriak dagoz, eta Zornotzatik, bereziki, bizikleta pista barria. Beraz, horixe be aukera ona izan daiteke ibilbidea luzatzeko. Bestela, Altar de Santa Polonia izeneko tabernan kotxea itxi eta bertatik ekingo deutsagu. Goazen, bada, Iurretako bazterrak ezagutzera!!

Orozketa, Iurretako hegoaldean eta Bernagoitia eta Izurtzaren arteko auzoa da. Ikaragarri polita eta paisaje ikusgarriakaz, Urkiolako Parke Naturalaren eta Aramotz mendizerraren inguru berezienegaz. San Andreseko merenderorantz joko dogu, izan be, hor jente askok bertan kotxea ixten dau Mugarrara Iurretako bidetik igoteko. Merendero lasaia da, oro har, eta toki polita, benetan. Bertatik, pistatik gora jarraitu beharrean, Mugarra alderantz, ezkerretara hartuko dogu Santa Luzia baseleizarantz, bide bi dagoz hemendik eta politak dira, baso bideak. Aurrerago, pistak be izango dira.

Behin Santa Luzian, Landaederra zelaira helduko gara. Bertara, furgonetak edota autokarabanak sarritan igoten dira, topaketa gune bihurtuz, Neberondora bidea hemendik hasten baita eta ibilbide bi alkartzen dira, Durangotik datozenak (bueltan bajatuteko hartuko dogun bidea) eta Orozketatik gatozenak.

Zelai eta aisialdi gune honetan, ezkerretara hartuko dogu Neberondorantz, gehiena seinalizauta dago, bertan, pista eta harri bideak buztartzen dira. Neberondora heltzean, antxinako edurtegi preziatuaz gozauko dogu. Bertara sartzean, antxinan eban garrantziaren inguruan hausnartzeko aukerea izango dogu, Mugarrapean, txoko berezi eta ederra, benetan. Hainbat tokitara jo geinke bertatik, bai Izurtzarantz, Mañarirantz, Durangorantz, Iurretarantz, edota menditik barrena.

Ederra ingurua eta ederrak be, eskaintzen deuskuezan aukerak. Beraz, planak nongura dagoz, norberak aukeratu daizala denpora, disponibilidade eta gogoen arabera. Ibilbidea luzatzeko edo Landaederra aisialdi-gunera bueltetako eta handik Durangora jaisteko, fundizinora gerturatzen dan aldapatik bajauko gara.

Gozautako ibilbidea, Urkiolako Parke Naturaleko eta Aramotz mendizerrako txokoen magalean!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu