IV. Dastatuarte Food & Art Gorlizen

Bizkaie! 2023-06-26 10:04   Jan edanak

Garagarrilaren 7, 8 eta 9an izango da udalerriko hainbat espaziotan. 

Igaz jentearen erantzun bikainaren ondoren, gastronomia zein arte arloko ia berrogeita hamar jarduerez osotutako egitaraua atondu dabe.

Gorlizko Udalak atonduta, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker, udalerriko espazio askotan izango da, horreen artean 5 txoko izango dira: Eleiz Plazea, San Pedro Plazea, Ibarreta Plazea, Ondargana Kanpa eta Sertutxena. Jaialdiak, herria dinamizetea, gorliztarrak, inguruko bisitariak zein turistak erakartea eta egun horreetan Gorliztik igaroko diran persona guztiei kalidadezko proposamen bat eskaintzea dau helburu.

Hiru egun horreetan, Gorlizko kaleak pintxoz, foodtruck, postu gastronomiko eta artisauak, tailer, antzerki, zuzeneko musika, dastaketa, erakusketa eta jente guztiarentzako ekintza ugariz beteko dira.

Udalak urtero atontzen dauen ekimen garrantzitsu eta politenetako bat da. Hiru egun izango dira kulturaz, musikaz, antzerkiaz, magiaz, pinturaz, literaturaz eta, zelan ez, gure gastronomiaz gozetako. Beraz, herritarrak konbidatzen ditut Gorlizko artea disfrutau eta probau deien eta gorliztarren gozamenerako atondutako jai handi honetan parte hartzu deien, adierazo dau Ekaitz Pau, Gorlizko alkateak.

Pintxo lehiaketan gorliztarrek beste horrenbeste tabernatako hamar bat pintxo probau ahal izango ditue. Herritarrek pintxo-bonua zigilatu eta sarien zozketan parte hartu ahal izango dabe. Horretarako, parte hartzen daben establezimenduetako ontzietan itxi beharko da bonua. Parte hartzeko epea garagarrilaren 9ko arratsaldeko 16:00ak arte egongo da zabalik.

Era berean, jaialdiaren egunetarako, Gorlizko hiru ostalaritza-establezimenduk hiru proposamen zoragarri eskainiko ditue.

Hainbat foodtruckek gourmet produktuak be eskainiko ditue: Itsaski eta iberikoak, gourmet hanburgesak, saltxitxa ogitartekoak, taloa eta Gorlizko garagardao artisanala.

Aurten be, herriaren eta jaialdiaren izakera solidarioa garagarrilaren 9an, domekan, 14:00etan, ASEBIER Euskadiko Gaixotasun Arraroen Elkartearen (EBH) alde Eleizearen Plazan egingo dan paella solidarioan islatuko da.

Eta, zelan ez, jaialdian kulturaz gozetako planak be badagoz, horreetako asko aire zabalean.

Garagarrilaren 7an, barikuan, hasiko da jaia, 20:00etan, Disko Festa SOUNDen kalejireagaz. Bertan, Attitude Dantza Eskolearen koreografia batek Ibarreta Plazatik Eleizako Plazara animauko ditu parte-hartzaileak. Gainera, beste jarduera askoren artean, PerroLoco taldeak kontzertua eskainiko dau 20:00etan Eleizako Plazan. Plazako karpan magia eta mentalismo ikuskizuna be izango da, Max Verdiéren eskutik.

Garagarrilaren 8an, zapatuan, Ondargana Kanpan lehiaketan parte hartu dauen pintxoetako bat egiteko tailerra izango da (12:30). San Pedro Plazan kanape tailerra egongo da (12:30) eta ArteGunean eta GastroGunean zuzeneko musikaz gozatako aukera izango da. Arratsaldean, besteak beste, Oliber Magoak magia tailerra eskainiko dau Ondargana Kanpan (19:00) eta Ibarreta Plazan munduko jantza ikuskizuna (19:30) izango da. Juanjo Albiñana umoristea be ibiliko da 22:00etatik aurrera Eleizako Plazan bakarrizketa bat eskainiko dau.

Hirugarren eta azken egunean, garagarrilaren 9an, Eleizako Plazako paella solidarioaz gan, San Pedro Plazan arte tailerrak egingo dira (12:00), Sertutxenan literatura saio bat egingo da (12:30) eta Elizako Plazan bingo musikala (14:30). Arratsaldean, Ibarreta Plazan antzerki obra bat programau da Mr Fracken eskutik (18:30) eta Elizako Plazan talo eta salmenta tailer bat, foodtruck, garagardao artesanala eta antzerki saio bat izango ditugu, Beatriz Larrañagaren Soy la bomba (20:30).

Horrezaz gan, 3 egunetan zehar erakusketa ugari izango ditue gorliztarrek zein bisitariek. Azkenik, garagarrilaren 10ean, Sertutxenan, pintxoaren irabazlea eta pintxoen lehiaketan parte hartzen daben establezimenduetako hautestontzietan itxitako pintxo-bonoen arteko zozketak iragarriko dira.

Izena emotea

Aitatutako jarduera horreetako batzuez disfrutetatko aldez aurretik izena emon behar da Turismo Bulegoan (Eloisa Artaza, 1), 94 677 43 48 telefonora deituz edo info@visitgorliz.eus posta elektronikoaren bidez. Turismo Bulegoa egunero dago zabalik 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00retara.

Informazio gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu