Julen Nafarrate: 'Begiradea zabaltzeko aukerea eskaintzen deutsegu herritarrei'
2023-06-26 07:55 BarriketanBilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia bagilean atondu da lehen aldiz eta XX. urteurrena dala eta, kultureagaz eta sexu-aniztasunagaz lotutako 50 jarduera iragarri ditue.
Bagilaren 23tik garagarrilaren 3ra, Bilboko hainbat aretotan proiekzinoak, barriketaldiak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak izango dira, jai eta aldarrikapen giroan.
Arriaga Antzokian emondako prentsaurrekoan, Zinegoakeko taldeak edizino honetako programazino osoa aurkeztu dau. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoak adierazo dauenez, Zinegoak berregituratu egin da eta datak aldatu egin dira sensibilizazinoan eta salaketa lanean jarraitu ahal izateko, artearen, zinemearen eta kulturearen bidez gizartea eraldatzen lagunduko daben iruditeria eta narrazino barriak bultzatuz.
Era berean, aurten Zinegoakek identidade aldakorretan jarri dau arretea, generoa aldatzeko eta deskubriduteko lekua dala ulertuta. Bizkaie!, Julen Nafarrate Zinegoakeko komunikazino arduradunagaz egon da.
1. Zela ikusten dozue aurtengo Zinegoak?
Oso gustora gabiz, egia esan. Prentsaurreko berezia izan genduan barikuan, izan be, aurten Zinegoakek 20 urte bete ditu eta berezitasun nagusia da, uda giroan ospatuko dogula. Orain arte, beti egin dogu jaialdia neguan eta lehenengo aldiz bagilera mobidu gara, horrek edizino berezia dakar. 50 jarduera baino gehiago programau ditugu, bagilaren 28tik garagarrilaren 3ra arte. Betiko programazinoa izango dogu; film luzeak, film laburrak, arte eszenikoak, proiekzino bereziak, barriketaldiak, jaiak eta bestelakoak; horri guztiari esker sexu aniztazuna lantzeko modua dago kultura eta zinearen bidez.
2. Aurtengo berezitazun nagusiena, beraz, negutik udara aldatzea da. Horrezaz gan, zer espero beharko dogu ikusleok?
Berezitasun handienaz gan, Zinegoak Jaialdia ohiko egitureari eutsi deutso. Egoitza nagusiak betikoak izango dira: Bilborock, Azkuna Zentroa eta BilbaoArte. Urtero lez, konbidaduak izango dira eta hori be bada, Zinegoak ekitaldiaren berezitazun handienetako bat; zinegile eta ekipo tekniko ugari izaten dogula geure artean eta beraz, bertatik bertara pelikulak eta errealidade ugari alkar banatzeko aukerak izaten dira.
Jai giroa be izaten dogu, baita aldarrikapena be, aurten be oso presente egongo dana, izan be, fokoa jarri nahi izan deutsagu nortasun edo identidade aldakorretan, generoari lotuta batez be. Bakotxak, haren generoa zeozer aldakorra bezela sentiduten badau, horretarako eskubidea izan beharko leuke eta gai hori bera, lantzen dituen filmak ekarri doguz.
Programazinoa, hiru kategorietan dagoz banatuta: FIK, hau da, fikzinozkoak, DOK, dokumentalak eta KRAK, narratiba barriak lantzen dabena. Ondoren, film laburretan hain zuzen, 25 lan izango doguz, 4 kategoriatan; Emakume zuzendariak, beti saiatzen gara emakume zuzendariei leku berezia emoten, protagonismoa, izan be, gaur egun gizonezkoak diralako jaun eta jaube zinean, ez sorkuntza lanakaitik edo kopuruagaitik, zineman oraindino be gatxa egiten jakelako bidea egitea; Haurtzaroa eta nerabezaroa, bizitzearen zati hau lantzen daben film luze eta labur asko jasoten doguzalako.
Gainera, kategoria barri bi ditugu aurten: lehenengoa, lotura primarioak eta familia barruan izaten ditugun hartu-emonen ingurukoak eta bigarrena, TBIQ+ zikloa, gay eta lesbianek ikusgarritasun gehien daben kolektiboak izanik, fokua nahi izan dogu beste sigla horreetan jarri.
Horrezaz gan, sail ofizialetik kanpo, Erroak ditugu; Euskal Herrian sortutako lanak, izan be, Jaialdian beti saiatzen gara Euskal Herriko sortzaileei, leku berezia emoten eta beraz, Zinegoak beti da aukera bat lanak ezagutzera emoteko.
3. Zer esango zeunskio Zinegoak jaialdia ezagutzen ez dabenei. Zergaitik joan Zinegoak jaialdira?
Jaialdira animetan eta gerturatzen diran personek, euren begiradea zabaltzeko aukerea izango dabe, zeozer barria ikusteko oso modu entretenigarrian eta ludikoan be. Azkenean, gure egunerokotasunean topetan ez doguzan errealidade asko ezagutuko ditugu ikus-entzunezkoen bidez. Beraz, konbidatzen dogu gure egitaraua begiratzea eta seguru, zeozer erakargarria topauko dabela.
Gero, jaialdiaren urteurrena dala eta, aldarrikapena egingo dogu bagilaren 28an, izan be, arratsalde horretan atondutako manifestazinoagaz bat egingo dogu. Hurrengo egunetan, jai girora pasauko gara barriro be, adibidez, eguenean, Txokolate Remix talde argentinarraren kontzertua izango da. Beraz, jaiaz gan, aldarrikapena be presente egongo da.
4. Beraz, bagilaren 28an aldarrikapen eguna izango da Zinegoak jaialdian be?
Hori nahi dugu aldarrikatu bai. Oraindik ez dago dana lortuta, aldarrikatzen eta burrukatzen jarraitu behar dogu, sexu aniztazunaren alde eta LGTBIQ+ eskubideen alde. Guztien jaialdi bat gara, baina gure helburua be bada gizartean eragitea eta sexu aniztazuna ahalik eta gehien zabaltzea be eta beraz, zelan ez, bagilaren 28ko arratsalde horretan bat egingo dogu manifestazinoagaz.
5. Angeles Cruz ohorezko saria jasoko dau. Saria jasoteaz gan, bere lanak ikusteko aukerea egongo da?
Bai, urtero bezela ohorezko saria emongo dou, zinemagile baten lana autortuz. Aurten, Angeles Cruz nabarmendu nahi izan dogu. Emakumea izanda, oaxakako indigena gainera, bide nabarmena egin dau zinegile modura eta gainera, Bilbora etortea lortu dogu. Beraz, hemen izango da geugaz, Arriaga Antzokian gaur, hilak 26, 19:30etatik aurrera.
Cruzi egindako omenaldiari eutsiz, programazinoan leku berezia emon deutsogu, haren hiru film labur eta film luzea proiektatuz, azkenengo horrek, igazko Zinegoak lesbianismo eta genero saria jaso eban. Horrrezaz gan, persona indigenen eskubideak eta sexu aniztazuna edo identidadea lantzen dituen beste film labur batzuk be proiektatuko doguz.
6. Zer esango zenuke aurtengo kartelaren inguruan? Zer nahi izan dozue transmitidu?
Esan bezela, identidade aldakorretan jarri nahi izan dou fokua. Hori, kartelean be islatzen da, holan nahi izan dogu. Ezta zeozer zehatza, aldakorra baino; bateren pentsau leike tarta moduko bat dala, beste bati pintura bat dagoala atzean... Azkenean, generoa bezela, zeozer aldakorra dala eta ez estankoa islatu nahi da. Norberak sentidu ahal dauela modu batera edo bestera, danok euki behar dogula horretarako eskubidea, sentiduten dauen hori modu erosoan eta nahi dauen bezela adierazotea. Hori da, aurtengo kartelean irudikatu eta transmitidu nahi izan doguna.
7. Hogei edizino joan dira, zelakoa izan da honainoko ibilbidea? Gogotsu 20 urte gehiago egiteko?
Momentuz oso perspektiba onak daukaguz. Normalean gainera, jaialdia lehenengo aldiz Bilbon egiten da eta ostean, Zinegoak Ibiltaria hasten da, herriz herri, Jaialdiak izan dauen lagin bat erakusteko. Aurten, alderantziz izan da eta egia esan, oso pozik gagoz emoitzeagaz. Izan be, 50 herritan egon gara; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan hain zuzen be. Azkenean, herri txikietan, gero eta gehiago, baina oraindino batzuetan gatxa da sexu aniztazuna lantzen dituen filmak topetea. Azkenean, guretzat estrategikoa da, nahi izaten dogulako ahalik eta jente gehiagorena heltzea eta jarraitzea, betiko legez, gizartea ikus-entzunezkoen bidez sakonago hausnartu deien.
Baikor, pozik eta espero dogu jentea animetea jaialdira, gure webgunean eta sare sozialetan kuxkuxean ibiltea, seguru topauko dabela erakargarria egiten jaken zerbait.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!