'Gernika Uruguay' liburua plazan

Bizkaie! 2023-06-22 10:49   Kulturea

Lan horretan azaltzen da euskal ondorengoek jarraitzen dabela Uruguain askatasuna zabaltzen.

Alberto Irigoyen eta Servando Echeverria idazle eta historialariak dira egileak eta Euskal Herria Museoan egindako aurkezpen ekitaldian zehetasun guztiak emon ditue.

Gernika Uruguay liburuan 1778an Montevideora Gernikako Arbolaren lehen kimuak eroan eta jagon zituen personen bizitzea kontetan da. Liburuan jasoten da uriburuan bizi ziran bizkaitarrak euren burua Gernikaren semetzat hartzen ebela eta euren nortasunaz harro egozala. Liburuan beste m omentu bat nabarmentzen da, Jose Maria Iparragirrek bere kafea Gernikako Arbolea izentau eta bere eleiztarrei euskerazko abestiak erakutsi eutsenekoa, hain zuzen be.

1837an Joseph Agustin Chaho euskaldun guztien ondaretzat hartu eben momentutik, hainbat emigrantek eta erbesteratuk eurekaz eroan eben Gernikako haretxa hainbat lurraldetara, atzean itxi eben aberriaren irudikapen bizidun legez. Hareekaz batera ozeanoak eta kontinenteak zeharkatu zituen eta, gaur egun, berrogeita hamar kimu baino gehiago dagoz hainbat uritan: La Plata, Chascomus, Bartzelona, Nairobi, Lima, Bogota, San Pablo, Mar del Plata, Buenos Aires, Auschwitz, Sydney, Londres, Boise, Reno, Washington eta Montevideon. Bertan gurtzen ditue, gaur egun, Euskal Herriko zortzigarren probintzia eratzen daben diasporako seme-alabek.

Liburuan jasoten da euskal etxeen buru izateko foru haretxaren kimu bat lortzeko nahia. Batzuetan ez eben lortzen eta kasu horreetarako, kideek espezie bereko haretxa aukeratu eben benetako kimua irudikatzeko. Liburuan kontetan da ames hori egia bihurtu zala eta euskal lege zaharren sinboloa Uruguaira heldu zanean hunkigarria izan zala: Urretxuko koplearen zortzikoa abestuz hartu eban jenteak, bihotzak nostalgiaz beteta zituela.

Foru uria suntsitu ondoren, Gernika eta haretxa nahibagaren sinbolo bihurtu ziran, baita itxaropenaren sinbolo be, eta horri be erreferentzia egiten deutse liburuan. Nabarmentzekoa da euskal-uruguaitarrak erregimen kriminal baten guzurrak ezagutarazten eta horreen kontra burrukatzen ahalegindu zirala horretarako kimuak landatuz eta plazak, parkeak eta kaleak sortuz, haretxaren omenez.

Lanak Florencio Amador Carrandi Gernikako Juntetxeko artxibozainaren nahia beteten dau, izan be, 1927an, euskal erakundeek Euskal Herritik kanpo landatutako foru haretxaren kimuen argazki erregistroa jaso nahi eban; irudi horreek museoan erakutsi gura zituan, aita batek bere etxe zaharraren inguruan bere ondorengo guztiak batu nahi dituenean bezela, ha harrotasunez erakusteko.

Alberto Irigoyen Artetxe (Montevideo, 1959)

Historialaria, idazlea, honoris causa doktorea Ekialdeko Unibersidadean (La Plata, Argentina). Ikertzailea da eta batez be euskal emigrazinoa eta erbestealdia ikertzen ditu. Birritan irabazi dau Eusko Jaurlaritzeak emoten dauen Andrés Irujo saria, ondoko lanei esker: Laurak Bat de Montevideo, primera euskal etxea del mundo (1999) eta La Sociedad de Confraternidad Vasca Euskal Erria de Montevideo (2007). Azken hori Xabier Irujogaz batera idatzi eban. Ikerketen arloan, ondokoak argitaratu zituan: La hora vasca de Venezuela. La Administración del Gobierno de Euskadi y el exilio político vasco de Caracas (1939-1979); La hora vasca de Uruguay. Génesis y desarrollo del nacionalismo vasco en Uruguay (1825-1960), biak Xabier Irujogaz idatzita; La Sociedad Vasco Navarra de Beneficencia de La Habana y otras entidades vasco-cubanas (2014) eta El Centro Euskaro de Montevideo, o la dialéctica del ser (2003). Eleberriak be argitaratu ditu: El Bastardo (2003); El requeté que gritó Gora Euskadi (2006) eta Un regalo para Hitler (2021). Azken hori be Xabier Irujogaz batera.

Servando Ramón Echeverría Olalquiaga (Florida, 1950)

Errematatzaile Publikoa, Tasatzailea eta Higiezinen Operadorea da 1971tik. Uruguaiko Errematatzaile, Tasatzaile eta Higiezinen Artekarien Elkarte Nazionaleko presidentea izan zan (2003-2005) eta Batzorde Fiskaleko presidentea be izan zan (2018-2020 eta 2020-2022). Grupo Identidad Florida taldeko kidea da eta ikerketa geo-historikoan lan egiten dau. Floridako Intendentziako Ariosto Fernández irakaslearen Liburutegiko Literatur Tailerreko kidea da. Saileko zinegotzia izan zan hiru legegintzalditan (1995-2000, 2000-2005 eta 2005-2010) eta Floridako Saileko Batzordearen Legegintza Batzordeko burua da (2005-2010).

Kazetaritzan ibili zan 1974-1996 urteen artean El Heraldo egunkarian. Lan autobiografiko bat be idatzi eban: Vivencias (2021). Horrezaz gan, Vasconia Florida Euskal Etxeko burua eta sortzailea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu