'Maite Idirin, herrigintzan kantuz' liburua aurkeztu dau UEUk Baionan

Bizkaie! 2023-06-22 08:07   Kulturea

Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak idatzi dabe.

Liburura Maite Idirinen kantariaren ibilbide artistikoa batu dabe. Atahualpa Yupanqui, erbesteratzea, Europa, euskerea eta Ahizpatasuna dira atalak. Maite Idirinek egindako ekarpen oparoa eta egileak eskertu nahi izan ditu UEUk liburu honegaz. UEUren ustez, liburu hau euskal herrigintzearen liburua da, musika liburu bat eta maitasun liburu bat.

Prentsaurrekoan Jokin Apalategi eta Paulo Iztueta liburuaren egileak eta Gidor Bilbao, UEUko erredakzinokoak parte hartu dabe.

UEUko argitalpengintza batzordeko kide Gidor Bilbaoren eretxiz, Maite Idirin bizitza osoa herrigintzeari lotuta emon dauena izan da: 1968an neska gazte ziranen belaunaldikoa da bera eta herrigintzarako kantua (plazetan kantari) eta liburugintzea (argitaletxeak eta liburu-denda) buztartu zituan. UEUren historian hasiera-hasieratik, eten barik ibili da lanean eta UEU zorretan dago beragaz. Liburu honen bidez gure esker ona erakutsi nahi deutsagu Maiteri, egin dauen ekarpen guztiagaitik. Liburu hau euskal herrigintzearen liburua da, musika liburu bat da eta maitasun liburu bat.

Ondoren, Jokin Apalategi eta Paulo Iztuetak liburuaren nondik norakoak aurkeztu ditue. Jokin Apalategi Maite Idirinen senarraren hitzetan, Maite gaixorik jarri zanean neure buruari galdetu neutsan ia ezingo neban zeozertxu egin haren historiaz bera oraindino bizirik dagoanean. Alaitasun bat emoteko. Maite emakume burrukalaria izan da eta horregaitik liburua emakume burrukalariei eskaini deutsegu, eurekazko esker onez beterik.

Paulo Iztuetak liburu hau idaztean lortu nahi izan dabena adierazo dau: Liburu honegaz Maiteren ibilbidea eta euskal kantagintzearen urte zoriontsu hareek, besteak beste, bizirik iraunarazo nahiko geunkez. Maite Idirin da liburu honetan protagonista eta 1968an kokatuko geunke haren ibilbide artistikoaren hasierea, urte horretan hasi baitzan kantetan, Zeberion. Baina, 1969an, Parisera joan behar izan eban, igesi. Urte horretako abuztuan, neu be Parisera heldu nintzan, igeslari; ordurako lagun handiak ginan, Atahualpa Yupanquiren diskoa zala eta. Parisen Jokin Apalategigaz alkartu ziran, 1967tik Parisen ikasketak egiten batzegoan. Maitek, 1969ko urritik aurrera, gauero ordu-erdi batez kantetan eban Parisko Candelaria kafe-antzokian. Paulo eta Jokin Vincennes-ko Unibersidadean Soziologiako ikasketak egiten ebizanez, Maitek be bertan emon eban izena. Baina Maite, aldi berean, Europan zehar kantuz ibilten zan; gehienbat Belgikako Flandrian, baina baita Jugoslavia, Italia eta Alemanian be. Musikariez gan, Paulo eta Jokin izan ziran haren laguntzaileak. Egoera bereziko mundu horren barri xehea emoten da liburu honetan, Atahualpa Yupanqui, erbesteratzea, Europa, euskerea eta Ahizpatasuna gai nagusi bilakaturik.

Apalategik eta Iztuetak adierazo dabe Maitek kantagintzan egindako ibilbidea argazkiakaz be ilustrau nahi izan dabela, nahiz eta kanpoan ehunka geratu diran: Hori dala eta, ezinbesteko osogaia izan da abestien pentagramak eta letrak argitaratzea. Egunen batean, beste norbaitek erabili nahi baditu, beste aukera batzuk izan daizala kontuan izan dogu. Liburuan be Irak dagoz zuzenean kantuak entzuteko.

Azkenik, egileek azpimarratu dabe ez dala kasualidatea liburu hau UEUk argitaratu izana: UEUk eta guk antzeko ibilbideak bizi izan ditugu eta Maite bera hainbat urtez Udako Ikastaroetan kantu irakasle izan da. Holan, bada, UEU baino argitaletxe hoberik ez genduan ikusten Maiteren lanaren barri zazpi eskualdeetara zabaltzeko.

Maite Idirin, herrigintzan kantuz

Autoreak: Jokin Apalategi eta Paulo Iztueta

Jakintza-arloak: Biografiak, Musikea, Herrialdeen historia.

ISBN: 978-84-8438-852-4

Orrialdeak: 216

Prezioa: Papelean 20 euro. Online hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu