Bilboko Udal Musika eta Txistulari bandek kontzertu banagaz agurtuko dabe denporaldia

Bizkaie! 2023-06-21 10:21   Musikea

Musika eta eszena, urteurrenak gogoratuz izenburupean, Bilboko Arenalean izango da.

Barikuan, hilaren 23an, 12:00etan izango da Arenalean. Hitzorduak hainbat lanen eta konpositoreen urteurrenak omentzeko balioko dau, besteak beste, Tomás Bretón, Gerónimo Giménez eta Georges Bizet. Bilboko Musika eta Txistulari Banden udabarriko denporaldiak amaitzear dira. Bagilaren 23an, José Rafael Pascual-Vilaplanak zuzentzen dauen talde bilbotarreko 40 musikari inguruk euren udabarriko kontzertu-zikloari amaierea emongo deutse hainbat konpositorren eta obren urteurrenak ospatzeko kontzertu berezi bategaz.

Alde batetik, Musika eta eszena, urteurrenak gogoratuz izenburupean, Bilboko taldeak Tomás Bretón eta Gerónimo Giménezi omenaldia egingo deutse euren heriotzearen mendeurrenean. Danetara, konpositore bien bost obra interpretauko ditute Arenalera hurreratzen dan publikoaren gozamenerako. Era berean, Bilboko Musika Bandeak estreinaldiaren mendeurrena beteten dabenn beste lan bi be interpretauko ditu: Pablo Lunaren Benamor eta Amadeo Vivesen Doña Francisquita. Horrezaz gan, Jacques Offenbachen (165. urteurrena) Orphée aux enfers edo Georges Bizeten (185. urteurrena) Farandole de l 'Arlésienne eta Carmen izeneko obrez gozau ahal izango dabe.

Bilboko Udal Musika Bandearen azken hitzordua, denporalditik kanpo, bagilaren 25ean izango da, 12:00etan, Abusu auzoan. Kasu honetan, Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordeak gidatuko dau kontzertua:

Bestalde, Bilboko Udal Txistulari Bandeak amaiera ezin hobea emongo deutso bihar, hialk 22, Bilboko Udal Txistu Bandea Auzoetan 2023 izeneko programeari, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Arenaleko Kioskoan eskainiko dauen erromeria handiari esker. Kontzertua Gorka Zabaletak zuzenduko dau eta Álvaro García gitarristea izango dabe lagun, baita Sabin Bikandi be jantza-maisu lanetan. Bikandi kioskoaren aurreko plazan izango da, jantzan egiteko gogoa daben persona guztiak animatzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu