III. Haziberrik musika eskaintza zabalagoa dakar

Bizkaie! 2023-06-21 08:37   Musikea

Kantu Bat Gara, Zea Mays, Eire, Mogumbo Brass Band eta TPRk joko dabe.

Betiko ilusino eta urduritasunari eutsiz, atontzaileak pozarren gagoz Gernikako Europako Herrien parkean, ahalik eta iluntze/gau politena sortu eta konpartiduteko ahaleginean. Aurreko edizinoek izandako erantzun positiboa ikusita, Haziberri geratzeko datorrela azpimarratu nahi dogu, pandemia sasoian sortu genduan Haziberri. Lehenengo urtean COVIDAk eragindako baldintza bereziak geunkazan kontzertuak atontzeko: Distantziak, musukoak, ordutegiak eta bestelakoak eta gainera parkeak bere historian lehenengo aldiz hartu eban era horretako ikuskizun bat.

Bigarren urtean jente gehiago hurreratu jakun, pandemia egoerea gaindituta, neurria hartu ahal izan geuntsan espazioari, hobeto ezagutu; eta, orain, esperientzia eta ezagutza gehiagogaz, aurreko urteakaz alderatuz, egitarau zabalagoa atondu dogu. Aurtengo edizinoan zuzeneko ordu gehiago, eskaintza zabalagoa, izan be, kontzertu guneko eszenatokiaz aparte, atsedegunean, Euskal Herria Museoko atzeko lorategian, zuzeneko musikaz gozetako espazioa egongo da.

Musikeari jagokonez, Haziberri 2023ko kartelean, Kantu Bat Gara aipatu nahi dugu. Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak sortutako egitasmoa. Jonek 200 kantu inguru idatzi ditu 1991tik hainbat artistarentzat, horreetako batzuk Ken Zazpi, Gari, Anari, Benito Lertxundi edota Negu Gorriak bezain adierazgarriak.

Herritarren erantzun handiz Euskal Herri osoan Kantu Bat Gara aurkezten ibili eta gero, lehenengo disko-liburuan oinarritutako azken kontzertua, azken aukerea ikusteko konbidadu bereziakaz. Jon musikari bikainez azaltzen jaku beti, besteak beste, Gorka Hermosa, Pello Ramirez, Nacho Soto eta Nahia Quincoces. Horreezaz gan, Gernika eta Gernika inguruko
hainbat konbidadu berezi izango ditu ikuskizunak.

Gure bigarren eskaintzea Zea Mays da, gaur Adarra Saria jasoko dauena, 26 urteko musika-ibilbidea eta guztira hamaika disko plazaratzea, taldeak egindako ibilbide oparoaren testigu dira. Oraingoan akustikoan egongo dira gurean, Pitiren gitarrak eta Aioraren ahotsak bat eginez.

Haziberrira gonbidatu ditugun gainerako artisten harian, barritasuna da beste espazio eszeniko txiki bat sortu dabela, EIRE, Mogumbo Brass Band eta TPR dj-a bertan jo deien.

EIRE, Eire Maia eta Eire Salegi zumaiarrek osotutako bikote gaztea da. Txiki-txikitatik dira lagunak, koadrila berekoak izanda be, musikea izan da gehien batu dituana, proposamen freskoa, gaztea, barria eta barritzailea eta aurtengo Haziberrin joko dauen lehenengo taldea izango da.

Atsedengunean jenteak afaltzeko lekua izango dau Mogumbo Brass Band-ek joko dauen bitartean; metalekzo soinu-tresnakaz New Orleans-eko doinuak ekarriko dituan musikari gazteen taldea.

Jasangarritasunaren bidean

Igazko erantzun bikaina ikusirik, atsendengunean afaltzeko orduari tarte handiagoa egin deutse. Aurten be 1000 lagunentzako bertako produktu eta edariak eskainiko jakez. 'Guretzat garrantzitsua da inguruko baserritarren lana autortzea eta euren produktuakaz proposamen duin eta erakargarria egitea. Bide horretan Urremendi Landa Garapenerako agentziaren eta Baserritik Gernikara ekimenak emondako laguntzea eskertu behar dogu. Aurreko urteetako produktoreakaz jarraitzen dogu lanean; Boga Garagardoa, Bizio-ko gazteen sagardaoa, Hasiberriak Wines, Biba ardaoak kooperatibea... eta Baserritik Gernikara alkartera batutako baserritarrak.

Lehenengo edizinoan lez, kulturaren balio eraldatzailea azpimarratu izan dogu, Haziberrin sortzen dogun kultur eskaintzaz gan, egiteko moduei be arreta berezia jarten deutsagu eta beti esan dogu gu geu moldatu behar garela gure ingurunera eta ez alderantziz. Hori dala eta, urteroko erronkea da, ahalik eta gehien murriztea ikuskizunean sortzen dogun zaborra. Bide horretan Erronka Garbia ziurtagiriagaz gabiz beharrean, sortzen ditugun hondakinak eta gure karbono aztarna ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartuz'.

Ordutegia

Arratsaldeko 18:00etan hasiko gara eta 18:40an Eirek joko dau atsedengunean. 19:30ean kontzertu guneko ateak edegiko dira eta 20:00etan Zea Maysen kontzertua hasiko da. 21:00etan atsedengunean afaltzeko tartea egongo da Mogumbo Brass Band taldeak girotuta. 22:15ean Kantu bat gara hasiko da kontzertu gunean. Amaitzeko 00:30ean TPR izango
dugu atsedengunean 01:30ak arte.

Sarreren prezioa 25 eurokoa izango da eta bagilaren 20an, arratsaldeko 18:00etan salgai egongo dira, haziberri.eus atarian.

Aurten (2023ko urtea amaitu aurretik) Gernikako Euskal Herria Museoa doban bisitetako aukerea emoten dau kontzertuko sarrereak.

Garrantzitsua da azpimarratzea euria egin ezkero egun bat atzeratuko dala kontzertua, garagarrilaren 15era, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu