Bilbon, 2023-24ko tailerretan izena emoteko epea zabalik
2023-06-19 11:27 KultureaLau alorretan datoz jarduerak: kulturea, bardintasuna, osasuna eta kirola.
Udako etenaldiaren ostean hasiko dira Bilboko Udalaren 2023-24 ikasturteko tailerrak, eta dagoeneko izena emon leikie interesa daben herritarrek. Irailaren 1era arte egongo da aurreinskripzinoaren epea zabalik. Urian erroldauta egotea eta 18 urte edo gehiago izatea ezinbesteko baldintzak dira tailerretan parte hartzeko.
Datorren kursoko eskaintzeak 314 ikastaro dakarz, lau alor nagusitan: kulturea (85), bardintasuna (25), aisia eta kirola (114) eta edadekoentzako osasuna (90). Udalaren arabera, helburua da bilbotarren denpora librea dinamizetea, modu osasungarri eta hezigarrian, bizi-kalidade ona izan deien eta ezagutza barriak eskuratu deiezan.
Ohiko moduan, eskaintza zabal hori Bilboko bazter guztietara eroan nahi dau Udalak. Hori dala eta, uriko zortzi barrutietan egongo dira jarduerak. Aldez aurretik udaltegi bitan edo ikastaro bitan baino ezin dau izena emon persona bakotxak; kulturearen eta osasunaren alorrekoetan, bakarrean baino ez.
Behin aurretiaz izena emoteko epea amaituta, plazak baino eskatzaile gehiago dagozan tailerretan zozketea egingo dabe, irailaren 8an. Behin betiko matrikulea hilaren 11tik 22ra egingo da. Osasun arloko ikastaroak dobakoak dira eta ganerakoetan jagoken tarifea kobrauko jake parte-hartzaileei.
Ikastaro guztiak urrian hasiko dira.
Ikastaro eta tailerren informazino guztia hemen
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!