Iñaki Astorkiza: 'Errelebo faltea da arazo nagusia'
2023-06-19 07:55 BarriketanLagatzu Zamudioko Euskera Alkartea da, 1999. urtean sortua. Azken 24 urteeetan euskerearen normalizazinoaren alde dabilen taldea.
Lagatzu Eguna bagilaren 24an izango da aurten eta ekitaldi nagusiena Carmen Menduguren Abaunza Pastorala izango da, eguerdiko 12:00etan hasiko dana.
1.- 24 urte euskerearen alde, zorionak. Zelan hasi zan hau guztia?
Zorionakaitik eskerrik asko. Badira urteak bai baina gustora gabiz. Honen guztiaren hasierea Lizarra-Garaziren sasoian dago. Arraroa da politika giro horretan hastea baina holako talde bat sortzeko aldeko jarrerea behar genduan eta sasoi haretan Lizarra-Garazi eta Bai Euskarari be hor ebizen. Momentu egokia zan eta hortxe sortu zan Zamudioko Lagatzu Euskera Alkartea.
2.- Zelan eusten jako euskera alkarte bati holako tarte luzean?
Ez da erraza. Gorabeherak be izan ditugu baina lantalde indartsua dogu eta fededunak be bagara [Barreka]. Prest gagoz beste 20 urte egiteko baina errelebo faltea da arazo nagusia.
3.- Oso oker ez bagagoz gaur egun 300 bat bazkide zarie. Zein da bazkideen ekarpena?
Ekarpen ekonomikoa egiten dabe bazkideek eta hori baino gehiago be bai, gauzak atontzen kudeaketa lanak egiten, hartu-emonak eta holakoak jorratzen; eta lehen aitatu deutsudan lantaldea be sano garrantzitsua da, beti gabiz hauspoa emoten.
Eta aitatu bazkide partideaz gan, 600 lagun be batu izan gara herri bazkariren batean eta horrek aparteko idarra emoten desku aurrera egiteko.
4.- Azken urteotan Lagatzu Eguna - Euskal Jaia atontzen dozue urtero eta makinatxu bat ekitaldi eskaintzen dozuez, besteak beste, Taberna Ibiltaria, kalejirak eta erromeria eta aurten baita Carmen Mendiguren Pastorala be...
Carmen Mendiguren Pastorala egiteko herritarren laguntzea be izan dogu eta eskerrak horri ze geuk bakarrik egitea ez litzateke posible izango. Aurten Carmen Mendiguren Pastorala egitea pentsau genduan, guretzat lehenengoa eta autortuko deutsut gure helburuen artean badagoala Iparraldegaz bat egin eta zubiak eregiteko asmoa, maskarada, pastoral eta holakoak ahaztu barik. Heleta herrian lagun min bat daukagu eta hara joaten gara urtero. Baigorrira be joaten gara Nafarroa Eguna ospatzen, Santutxuko Gaztedi taldeagaz Maskaradak be jorratu izan doguz, ez gara gora adi egotekoak.
Carmen Mendiguren Pastoralari jagokonez, egokia begitandu jakun Zamudioko maistrea gaitzat hartzea, Polixene Trabudua sondikarra ezagutu eta Emakume Abertzale Batzan sartu zana.
Aste Santuaren aurretik hasi eta makinatxu bat ensaio egiten doguz, apirilean hasi eta oraintsura arte domekero egiten doguz, hogeita hamar bat lagun batzen gara. Gu ez gara profesionak baina zorionez Josu Camarak laguntzen deusku eta Etxahun Lekueren koplak be erabili doguz.
Bai. Gure helburuetako bat da euskeraz eginez edozein gai jorratu daitekeela erakustea eta horretan gabiz. Herritarrak bat egiten dabe geugaz, pozik dagoz eta euskera alkartea izan arren, danetariko jarduerak bideratzen doguz, baita ardao kata ikastaroak, bertsolaritza arloan, afariak, bazkariak eta holakoak zein berbaldiak be.
Horrezaz gan, argitalpenak plazaratzeko prozesuetan be ibili gara: Iñaki Gaminderen Zamudio berbarik berba zein Juan Luis Goikoetxeak be egin euskun Zamudioko auzo baten inguruko bertsoa eta igaz atara genduan Zamudion eta inguruetan erabilten diran berba eta esakuneen ganeko liburuxkea.
5.- Artea ardatz hartuta be zeozertxu egin zenduen igaz...
Bai. Gura izaten dogu herritarrek parte hartzea eta, esangura horretan, igaz pentsau genduan artelanak gazteei eskaini eta ia holakoak egiteko kapaz izango ete ziran planteetea; erantzuna sekulakoa izan zan, 14-15 talde inguruk parte hartu eben eta atondu genduzan erakusketa modukoetan arte aditu batek azalpenak emoten zituanean jentea adi egoten zan.
6.- Zamudion entzuten al da euskerarik?
Entzun bai baina gitxi. Jakin arren, jente gaztea teknologiagaz eta endredauta dabil eta jakin arren, erabili ez da horrenbeste erabilten. Ez dot ikusten gazterik euskeraz ez dakianik baina ez erabiltea penagarria da.
7.- Laguntzaile eta babesleen artean, nortzuk nabarmenduko zeunkez?
Zamudioko Udala da laguntzen deuskuna baina Bizkaiko Foru Aldundia be nabarmenduko neuke eta bazkideen ekarpena ahaztu barik.
8.- Azken mezurik Iñaki?
Bai, jentea animau gura dot bagilaren 24an, Zamudiora etorri daitezala Carmen Mendiguren Abaunza Pastorala gustauko jakelako. Hori bai ez deiela ekarri jarrera kritikorik ze lagun taldea da geurea [Barreka]. Eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!