Andoni Agirrezabala: 'Idazten jarraitzea da nire asmoa'
2023-06-12 07:55 BarriketanErein argitaletxean editore dabilen Uxue Razquin harrituta geratu zan Andoni Agirrezabalaren Etxe berdea irakurri ebanean, Alegiko gazte batek idatzitako estreineko lana zala jakinda. Holan kontau eban Razquinek 2023ko Bilboko Liburu Azokan Zazpi Kale Saria emoteko ekitaldian.
Liburua, laburbatuz, irakurleari erakusten jakon dokumentu luze bat da eta hor herri txiki batean izan dan eta ikertzen dabizan jazoera trajiko baten inguruko testigantzak agertzen dira. Teknika aldetik konplexua eta primerakoa, sano deigarria opera prima bat izateko. Etxe berdea, irakurleari inbestigazinoan parte hartzeko konbita egiten deutso.
1.- 24 urte dituzu eta zeure lehenengo liburua argitaratu dozu. Betidanik izan dozu idazteko zaletasun hori?
Txikitan ez neban egunero idazteko zaletasunik. Izatez, irakurteko eta idazteko afizinoa 18 urtegaz etorri jatan. Ni Alegitarra naz, baina Bilbora joan nintzanean ikastera, irakurzale zale ziran lagun batzuk egin nituan ta holan sortu jatan idazteko premina hori. Ez dakit oso ondo zelan, baina ordutik idazten jarraitzen dot eta esan dozun bezela 24 urte nituala kaleratu zan Etxe Berdea liburua, nire lehenengo nobelea eta jarraiteko asmoa daukat behintzat.
2.- Bilboko Liburu Azokan Zazpi Kale saria irabazi zenduan. Esperotako saria?
Egia esaten badot ez neban espero saririk jasotea. Nere lehenengo lana ta ez neban espero holako sari garrantzitsua jasoko nebanik, sorpresa handia ta poza be bai izan da niretzat.
3.- Idazten jarraitzeko gogoa emon deutsu?
Bai, pozik nago. Nire egunerokotasunean idazteko afizinoa be badaukat. Saririk jaso ez baneban be, idazten jarraitzea da nire asmoa. Baina, noski, kriston indarra emoten dau horrek. Bestelako ilusinoa jarraitzeko be, duda barik.
4.- Zelan hasi zinan liburua idazten eta zelakoa izan zan zure lehenengo kontaktua Uxue Razquin-egaz (Erein argitaletxeko editorea)?
Esan bezela, Erein argitaletxekoa dan Uxue Razquinek Twitteren txiokatu eban euskeraz idatzitako nobela poliziako edo baltz baten bila ebillela. Tweet berean, jentea animetan eban idatzitako testuren bat bialtzeko. Ni neuk ez neban publikazino hori ikusi, baina Bilbon dodan lagun batek irakurri ostean, baekianez nik zeozertxu idatzita nebala eta izena emoteko animau eustan. Beraz, idea polita begitandu jatan eta idatzita neukana bialdu eta segiduan jarri zan kontaktuan neugaz Uxue, gustatu jakola esanez eta holan hasi ginan alkarlanean.
Ondoren, Uxuek batez be, iradokizunak emon eustazan, hau gehiago landuko neban, hemen, deskribapen gehiago jartea komeniduko litzateke, hau zuzendu behar da besteak beste. Beti be, bion artean komentetan genduzan, nik nere eretxia emonez, jakina eta holan hasi ginan, pixkanaka-pixkanaka, liburuari formea emoten, azkeneko bersinora arte. Hori bai, Uxuek erabateko askatasuna emonez. Gainera, nere lehenengoko lana izanik, oso gustora jaso nituan Uxueren gomendio eta iradokizunak.
5.- Beraz, sare sozialek, twitter kasu honetan, sekulako garrantzia izan dau ez?
Bai, guztiz. Gaur egun, sare sozialak eskura daukaguzan tresnak dira, gehienok erabilten doguz eta noski, hareei erabilera ona emotea be posible da. Ni lako gazteei holako aukerak aprobetxetako esango neuskie, norberarentzat idazten dabenei, nire kasua adibide jarriz, posible dala publiketea.
6.- Pozik zaude liburuak izan duen harrerarekin?
Bai, oso gustora nago. Inguruko personen feedback onak jasoten nago eta Gipuzkoako irakurketa talde batzuetan nabil parte hartzen ta horrek poztasuna emoten dau, eretxi ugari jasotea eta liburua irakurri daben personen oneretxia jasotea.
Kritika ez hain onak be izan ditut, batzuei ez jakela gehiegi gustau adibidez. Baina orokorrean, Etxe Berdea liburuak kritika onak izan dituala esango neuke. Oro har, oso gustora nago emoitzeagaz.
7.- Zelan doaz liburuaren salmentak?
Egia esan, nahiko ondo. Lehenengo edizinoko argitalpen guztiak saldu ziran, beraz, aurtengo urtarrilean bigarren edizinoa heldu da. Lehenengo edizinoa urrian kaleratu eben eta esango neuke ondo joan dala. Hori bai, orain momentuan ez dakit zelan doazen.
8.- Zertan eta non ikusten dozu zeure burua etorkizunean?
Orain momentuan, ikasketak amaitu barri ditut. Biologiako gradua ikasi neban eta aurten irakaskuntzako masterra egin dot, etorkizunean biologiako irakasle lanak egin ahal izateko.
9.- Bihar-etzi idazten jarraitzeko asmoa dozu?
Nire egunerokotasunaren parte da idaztea, gustetan jat. Eta bai, banabil beste liburu bati formea emoten, baina, oso hasierako etapan dago eta ikusi beharko da, baina orain be ilusino ikaragarria izango litzateke beste liburu bat kaleratzea, batez be, Zazpi Kale saria jaso eta gero. Duda barik, holako esker ona jasoteak, indarra emoten deutsu jarraitzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!