Jose Manuel Rozasen ibilbide artistikoa ezagutzeko aukerea Bilbon

Bizkaie! 2023-06-08 10:01   Kulturea

Bilbotarraren 1967tik 1983ra arteko produkzino artistikoa batu dabe.

Erakusketearen aurkezpenean izan dira Lorea Bilbao Ibarrak, Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, artistearen senideekin eta komisario lanak egin dituen Alicia Fernández eta Ander Lopez Diez.

Lorea Bilbao Ibarrak azaldu dauenez, erakusketeak jasoten dituan 50 obra baino gehiagoren bitartez Jose Manuel Rozasen ibilbide artistikoa ezagutuko dogu; haren mundu artistikoan sartuko gara eta arteak, ideak, sentimenduak eta emozinoak transmitiduteko dauen gaitasuna erakusten deusku. Rozasek dinosku artea errebindikazinorako tresna indartsua dala.

Haren heriotzearen berrogeigarren urteurrena gogoratuz Bilboko Ondare Aretoak Jose Manuel Rozas (Bilbo, 1944 - Sukarrieta, 1983) erakusketea aurkeztu dau. Margolari eta eskultore autodidaktea izan zan; inspirazino surrealisteari jagokonez, ibilbide labur baina bizia izan eban eta kutsu hiperrealistea, lotura sozial eta politikoak transmitidu zituan.

Durangoko Arte eta Historia Museoan erakutsi ondoren, erakusketea Bilbora heldu da Alicia Fernández eta Ander Lopez Diez komisarioakaz. Ondare Foru Aretoan aurkezteko handitu egin da obren aukeraketea, artistearen ibilbideko pieza garrantzitsuenak barrubatuz. Hori guztia artearen adituek baloretan daben baina publiko zabalarentzat oso ezaguna ez dan obrearen ezagutzea errazteko egiten da.

Ondare Aretora batutako berrogeita hamabost margolanak eta eskulturak artistaren alargunaren bildumakoak eta hainbat jatorritako bilduma partikularretakoak dira, baita Bizkaiko Foru Aldundiarenak be.

Topaketeak bere lana transizino demokratikoan jorratu eban artista baten heriotzearen berrogeigarren urteurrena gogoratzen deusku. Margolan eta eskulturen bidez momentu hareetako gazteek askatasun-gosez zituen itxaropenak, bildurrak, amesak eta nahiak erretratetako eben irudimen gaitasuna erakusten da.

Diktadurearen azken urteetan eta ondorengo transizino demokratikoan, Santurtzitik lehenengo eta Sukarrietatik gero, Rozasek lengoaia plastiko abangoardistea sortu eta garatu eban.

Ordena kronologikoari jarraituz, erakusketeak aukerea emoten deutso bisitariari Jose Manuel Rozasen produkzino artistikoaren ikuspegi osoa zeharkatzeko, 1967tik 1983ra.

Erakusketea Afari Santua (1967) lanagaz hasten da, urte horretan Bilboko Espainiako Artisautza aretoetan egin zan artistaren lehenengo bakarkako erakusketan aurkeztu baitzan.

Santurtziko estudioan egindako urte horreetako lanetan, personaia ñimiñoz betetako uniberso fantastikoa lamntzen hasi zan. Margolan goiztiar horreetan, artean nabarmena da espiritualtasun erlijiosoaren eragina.

Jose Manuel Rozas (Bilbo, 1944 - Sukarrieta, 1983)

Pinturea, eskulturea, marrazketea eta obra grafikoa landu zituan artista polifazetikoa. Prestakuntzaz autodidaktea, hasieran La Salleko kongregazinoaren laguntzea eta babesa izan zituan, kongregazino horren Irungo zentroan emon eban gaztaroko zati bat eta hainbat taila egin eta liturgia-tresnak diseinau zituan bertan.

Demokraziarako transizinoan, mundu oniriko eta surrealistetan bizi ziran izaki txikerrez betetako konposizinoak egin zitun. Errealidade fantastikoetan girotuta egon arren, garai haretako euskal gizartearen oso antzekoak ziran.

Artistearen ibilbide laburrak ez eutson eragotzi erakusketa ugari egitea eta horreen artean banaka egindako hamazortzi erakusketa baino gehiago nabarmentzen dira. Era berean, haren kezka personalek bultzatuta, berrogei erakusketa kolektibotan kolaborau eta Arte Independentearen Taldearen sorreran parte hartu eban, Alejandro Quincoces, Julio Ortún, Richard, Justo San Felices, Roberto Zabalbidea eta Iñaki Zarategaz batera.

Jarduerak

Foru Erakundearen Ondare Aretoan berrogeita hamar artelan baino gehiago izango dira ikusgai, baita artistaren pintura eta eskultura oso adierazgarriak bagilaren 13tik 30era. Tarte horretan bitartekotzako eta didaktikako jarduerak egingo dira, besteak beste, bisita komentatuak, topaketak eta tailerrak familian. Jarduera guztiak doban dira eta ezinbestekoa da aurretik 944067737 zenbakian edo ondare.aretoa@bizkaia.eus webgunean izena emotea.

- Bagilaren 27an, 19:00retan, Topakete Ander Lopez Diezegaz, Jose Manuel Rozasen erakusketako komisarioagaz. Beragaz Ondareko erakusketan zehar ibiliko gara obren ezaugarri nagusiak ezagutzeko.

- Garagarrilaren 11n, 19:00retan. Poesia errezitaldia, Bizkaiko Alkarte Artistikoagaz lankidetzan. Artista alkarte horretako kide aktiboa eta kolaboratzaile handia izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu