Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’ obrearen etenik bako irakurraldia Arriagan
2023-06-06 13:44 KultureaBilbo Zaharra Euskaltegiak 50. urteurrena eta ikasturtearen amaierea ospatuko ditu.
Bilbo Zaharra Euskaltegiak atontzen dauen Klasikoen Irakurketa Etenik Bakoaren XVI. edizinoak Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberria izango dau protagonista aurten eta Bilboko Zazpikaleetan kokatutako euskaltegi entzutetsuaren 50. urteurrena ospatzeko be balioko dau. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten ddaben ekimena Arriaga Antzokian izango da, bagilaren 8an, eguenean, 08:00etatik 14:00etara.
Kristalezko begi bat liburuaren hautaketearen helburua da, besteak beste, emakumezko guztiak omentzea, literaturako ahots eta begirada barriak jasotea eta klasikoetatik orainera zubia eregitea.
Miren Agur Meabek berak irakurriko ditu lehenengo lerroak Arriagan, goizeko 08:00etan, ekimenari hasierea emonez eta ondoren, beste 200 bat personak hartuko dabe parte etenik bako irakurketan. Ohikoa danez, euskal gizartearen arlo guztietako jentea batuko da, kultura eta gizarte-eragileak, ikasleak, irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak, alkarteetako kideak eta beste asko. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskera ikasleak irakurten agertzen diran bideoak proiektauko dira.
Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etenik bako irakurraldia, baita EITBren webgunetik be. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizinoetako argazki eta kartelak egongo dira ikusgai egunotan.
Euskal literaturearen feminizazinoa
Kristalezko begi bat 2013an argitaratu eben. Eleberria autofikzinoa generoan kokatu geinke, nahiz eta egileak auto-imitazinoa terminoa nahiago izan liburua sailkatzeko. Barru-barruko narrazino honetan atzemoten da emakume izatearen kontzientzia eta ganerako emakumeakazko konplizidadea, izan be, Kristalezko begi bat euskarazko literaturaren feminizazinoa deitu danaren adibide ona da, azken aldiko euskal kulturearen fenomeno garrantzitsuenetako bat. Joseba Sarrionandiaren eretxiz, barbara horreek lotsa barik aldatu ditue gaiak, gizonezko idazleok armairuan gordeten genduzan intimidadeak aireratuz.
Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) hainbat arlo jorratu ditu literaturan, besteak beste, poesia, ume eta gazte literatura eta narratibea. Sari ugari jaso ditu, horreen artean Espainiako Poesia Saria (2021) Nola gorde errautsak kolkoan lanagaitik; euskerazko liburu batek sari hori jasoten eban lehen aldia izan zan. Apirilean, euskaltzain osoa izentau eben.
Kristalezko begi bat hautatuta, euskal literaturearen egungo belaunaldiari egiten jako autortzea, igaz Martutene obreagaz aurreko belaunaldiari egin jakon bezela. Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazio Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren % 100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuinak eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurri ziren.
Bilbo Zaharra, euskara irakasten mende erdi baino gehiago
Euskaltegia bere 50 urteurrena ospatzen dabil aurten:
1970. urtea: Luis Villasante izentau eben Euskaltzainburu. Garaian Euskaltzaindiak zuen alfabetatzearen eta euskalduntzearen ardura, eta Erribera kaleko seigarrenekoa zen egoitza nagusia.
1972. urtea: Sabin Egileor aitzindariak euskera-irakasle izateko D titulua atara eta berehala sartu zan buru-belarri irakaskuntzan; horrezaz gan, Euskal Hiztegi Modernoa eta Euskalduntzen metodoa sortzeko lanetan jardun eban.
1977. urtea: Transizinoan, Euskaltzaindia Erret Akademia bihurtu zan. Ordutik aurrera, Bilbo Zaharra Gau Eskolak eraikin barria hartu eban Posta kaleko bederatzigarren zenbakian.
1981. urtea: Zortzi bazkideren artean, proiektuari bultzadea emoneutsen: Bilbo Zaharra Euskaltegia izena hartu eta kooperatiba izakerako euskaltegia martxan jarri eben.
1983. urtea: 83ko uriolen ondorioz egoera tamalgarrian egoan eraikina erosi eta kooperatibeak bertan finkatu eban euskaltegiaren egoitzea, Posta kaleko zortzigarren zenbakian.
Forum Bilbo Zaharra hitzaldi-programea (Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan)
- Bagilak 6, 19:00retan, Josune Muñoz eta Seroie taldea: Kristalezko sabaiak apurtuz.
- Bagilak 7, 19:00retan, Miren Agur Meabe: Flash batzuk nire begi kutunari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!