Haira Aizpurua txapeldun
2023-06-05 09:05 BertsolaritzeaAnttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi deutso txapela bertsolari lapurtarrari.
180 lagun batu dira Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Hamar bertsolari ibili dira kantuan, lurraldeetako ordezkari. Eki Mateorena izan da txapeldunorde.
Iurretako frontoian jokatu da 35. Euskal Herriko Eskolartekoa, 180 lagun ingururen aurrean. Bertan ibili dira kantuan hamar bertsolari, lurralde ezbardinetako ordezkari. Arabako Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi; Bizkaiko Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzkoako June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurdiko Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroako Kattin Madariaga eta Eki Mateorena. Igor Meñika ibili da aurkezle lanetan eta Beñat Vidal gai-jartzaile. Epaile lanak, barriz, Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek egin ditue.
Hasierako agurren ostean, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian ibili dira bertsolari guztiak, binaka. Horreetatik, sei sailkatu dira bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantau behar izan deutse sei horreek. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu dau 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez (2021ean be jantzi eban) eta Eki Mateorena izan da txapeldunorde. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi deutso txapela txapeldunari; txapeldunordeari, ostera, Bertsozale Alkarteko buru Xabi Igoak emon deutso saria. Beste parte-hartzaile guztientzako be izan dira oroigarriak.
Bide baten azken puntua
Urte hasieran hasi zan 35. Eskolartekoa eta bagilera bitartean lurraldeetan egin dau bidea; danetara, ia ehun bertsolari gaztek hartu dabe parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Alkarteak eta Bertsozale Alkarteak atontzen dogu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketea eta aurten Iurretako Udalaren babesa be izan dau egitasmoak.
14 eta 18 urte bitarteko gazteei jentaurrean kantetako plazea eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea ditu helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak be egiten dira bat-bateko txapelketaz gan, besteak beste, idatzizko txapelketea edota edade txikiagoentzako lehiarik bako topaketak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!