'Itzak, Urdaibaiko Kultur Paisaia' izeneko liburua aurkeztu dabe
2023-06-02 09:26 KultureaAranzadi Zientzia Alkartearen ikerketea dau oinarri liburuak.
Padurak protagonista dirala, Urdaibaiko paisajeari buruz egindako ikerketearen emoitzak batu ditue. Azterlan honek Eusko Jaurlaritzearen laguntzeari esker Aranzadik hasitako ikerketeari jarraitu deutso. Busturi, Foru, Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Muruetako udalek, euren lurretan dagozan gune esanguratsuak historia zein kultura mailan babesteko konpromisoari eutsiz, gune horreen ganeko ikerketea zabaltzen laguntzen dabe.
Geure historiak geure paisajea marrazten dau. Bizi-iturria da paisajea, geure nagusiek landu eta modelau dabena, gure izakeran bizirik dagozan hartu-emonak. Horregaitik, ikertu eta sakondu gura izan dogu gure historiaren zati garrantzitsu honetan, erabilera komunalak, munen eta polderren sorrerea, gure paisajeari zentzuna emoten deutson historia, hain zuzen be, nabarmendu dabe ekimena sustatzen daben alkateek. Josu Narbarte ikertzaileak egindako lanak gizartearen eta ingurumenaren arteko hartu-emonen ondorioz Urdaibain izan diran aldaketak aztertu ditu. Bilakaera horren barruan, aparteko garrantzia izan dauen eremu bat aztertu dabe, padurak, hain zuzen be. Mareen eragin-eremuan kokatuta dagozan espazio horreek herri-lurren parte izan dira Erdi Arotik eta bertan hainbat baliabide ustiatu dira. Halan da be, XVIII-XIX mendeetan egoera hori aldatu egin zan eta itzak edo padurak pribatizeteagaz batera, drainatze-egitasmo handiak egin ziran, polderrak eratuz. Aranzadiko ikerlariek prozesu horren nondik norakoak aztertu ditue, artxiboetako dokumentuak eta gaur egun paisajean dagozen elementu materialak buztartuz. Liburu honek gaur egun ikusten doguna hobeto ulertzen eta gure arbasoek egin eben lana ezagutzen be lagunduko deusku, hain zuzen be, historia hori berreregitea izan baita proiektu honen helburua azaldu dau Josu Narbartek.
Danetara, 600 ale argitaratu dira eta 5 euroan erosi daiteke ekimena sustatzen daben udaletan.
Bisita gidatuak
Interesa dabenek ibilbide gidatuez gozetako aukerea izango dabe datorren bagilaren 10ean, 12:00etan Kortezubin (topagunea plazan) eta 16:30ean Busturian. Bagilaren 24an, eguerdiko 12:00etan Muruetan (topagunea eleizea) eta 16:30ean Foruan (topagunea eleizea). Gautegiz Arteagan egindako bisitea eta erantzuna upealakoa izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!