Campos antzokia bete dabe Bilboko ikastetxetako bertsolaritza ikasleek

Bizkaie! 2023-06-02 08:12   Bertsolaritzea

Ia 700 lagun batu dira ikasturte amaierako bertso topaketan.

Azkenengo urteetan online topaketak egin ostean, aurrez aurreko topaketan hamabi ikastetxetako kasik 700 gaztetxok hartu dabe parte.

Bertsozale Alkarteko Jone Larrinaga eta Josu Telleria bertsolaritza irakasleek gidatu dabe ekitaldia eta Euskal Herrian zehar egin dabe bidaia, bertso tourra parte-hartzaileek; Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaiko beste bertsolaritza ikasle batzuekaz ibili dira bertsotan, pantailea lagun.

Eta zelan ez, bat-bateko bertsoak be izan dau bere lekua. Bertsolaritza ikasleek egindako aurkezpen eta galderei erantzun behar izan deutse bertsolariek eta librean be egin dabe bertsotan Onintza Enbeita, Izaro Bilbao eta Nerea Ibarzabal bertsolariek.



Horreez gan, Bilbo eta inguruetako bat-bateko taldeetako hainbat bertsolari gazte be ibili dira bertsotan oholtza gainean.

Ekitaldiaren beste momentu garrantzitsuetako bat kantaldia izan da Mikel Mikelot musikariaren eskutik: Kalian gora eta kalian behera ibili dira gaztetxoak, eta beste abesti askoren artean, Mundu bat bertso proiektuaren abestia be kantau dabe.

Saioa biribiltzeko ikasturteko lanaren erakusgarri dan diplomea jaso dabe ikastetxeek. Diploma banaketan, Bilboko Udalaren izenean (egitasmoa diruz laguntzen baitau) Lierni Lizaso Euskera eta Hezkuntza saileko zuzendariak eta David Rosales euskera teknikariak hartu dabe parte eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kide Idoia Anzorandiak eta Alkarteko koordinatzaile Ione Narbaizak.

Edozelan be, Bilbokoa ez da izan ikasturte amaieran egindako topaketa bakarra. Bizkaia osoan zehar hamaika herritan izan dabe, edota izango dabe bertsolaritza ikasle gazteek urtean zehar ikasitakoa taularatzeko aukerea, besteak beste, Balmaseda, Abanto-Zierbena, Basauri, Enkarterri, Barakaldo, Mungia, Erandio, Ondarroa, Muskiz, Bermeo, Gernika-Lumo, Zornotza, Uribe-Kosta, Galdakao, Arratia, Durango, Ermua eta Txorierrin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu